Osteguna, 20 Urria 2016 10:27

Azaroaren 2an hasiko dira Artiumen erakusketa-aretoetako zoruak berritzeko lanak

Azaroaren 1eko zubia amaitu arte egongo dira zabalik orain ikusgai dauden erakusketak. Jarduera-programa mantendu egingo da eta eskaintza ugariagoa izango du lanek iraun bitartean. Liliana Porter, Juan Pérez Agirregoikoa eta Artium Bilduma apirilean, erakusketa-aretoak berriz zabaltzean

Artiumek, Vitoria-Gasteizko Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak, azaroaren 2an abiaraziko ditu Iparra eta Hegoa erakusketa-aretoetako zoruen berritze-lanak. Lan horiek 2017ko martxoaren bukaera aldera amaituko dira. Orain ikusgai dauden erakusketak –besteak beste, Marina Núñez-ena, Bake-ituna eta Irribarrearen segada– azaroaren 1era arte egongo dira zabalik, hau da, Santu Guztien zubia amaitu arte. Lanek iraun bitartean ugaldu egingo da Artiumen jarduera-programa, eta prestatuz joango dira aretoak berriz zabaltzerakoan ikusgai jarriko diren erakusketak. Hori apirilean izango da, Museoa inauguratu zeneko 15. urteurrena ospatzeko.  

Aurki beteko dira hamabost urte Artium zabaldu zela. Igarotako denboraren eta urte horietan guztietan lur-zoruaz egin den erabileraren poderioz asko higatu da lurra (laurogeita hamar erakusketa baino gehiago egin dira Museoko Iparra eta Hegoa aretoetan), eta beharrezkoa gertatzen da berritze-lanak egitea.    

Marina Núñezen Begiradaren sua eta 1989. Aljerreko elkarrizketen ondoren. Delirioa eta su-etena –biak Iparra aretoan– eta Artium Bildumaren Irribarrearen segada erakusketak zabalik egongo dira azaroaren 1era arte. Hortik aurrera, Museoaren programazio artistikoan impasse bat gertatuko da. Denbora horretan, aipatutako erakusketak desmuntatu eta haietarako jasotako hormak eraitsiko dira; oraingo zorua altxatu eta, azpia atondu ondoren, zoru berria (jarraia) jarriko da; eta, azkenik, aretoak prestatu ondoren, erakusketa berriak muntatuko dira.

Programazio berria
2017ko apirilean itzuliko da Artiumera erakusketen programazio berria, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museo honen 15. urteurrena ospatzeko. Gogotsu, ideia berriak zakuan eta herritarren eta Artiumen arteko lotura sendotu eta areagotzeko asmoz itzuliko da. Horretarako, lanean ari gara, dagoeneko, apirilean inauguratuko diren hiru erakusketak prestatzen.   

Alde batetik, Liliana Porter-en (Buenos Aires, 1941) erakusketa bat. Joan den mendearen hirurogeiko hamarralditik New Yorken bizi den argentinar artista horren lehendabiziko atzera begirako erakusketa izango da Espainian. Nazioartean ospetsuenetakoa den amerikar artista da Porter, 1973an New Yorkeko MoMAn erakusketa bat egin zuenetik. Guggenheim beka lortu zuen 1980an, eta, 1985ean, New York Foundation for Arts delakoak ematen duena. Museo eta bilduma nagusietan aurkitzen da gaur egun haren lana, besteak beste, New Yorkeko MoMAn, Metropolitan Museoan, Withney Museoan eta Brooklyn-eko Museoan; Filadelfiako Arte Museoan, Londreseko Tate Modern-en, Madrileko Reina Sofían, Buenos Aireseko MALBAn eta Bogotako Arte Modernoaren Museoan, batzuk aipatzearren. Erakusketaren komisarioa Estrella de Diego izango da, Complutense Unibertsitatean Arte Garaikidearen katedraduna eta kritikari eta komisario ospetsua.

Juan Pérez Agirregoikoarena (Donostia, 1963) izango da beste erakusketa bat, artistaren azken lanak eta erakusketarako propio egindakoak bilduko dituena. Pérez Agirregoikoa euskal artista ezaguterrazenetakoa da bere lanengatik, nahiz marrazkiak, nahiz pankartak, nahiz bideoak izan, guztiak ironiaz eta umore kaustikoz beteak. Gure Artea saria jaso zuen 2006an, eta erakusketa ugari egin ditu, besteak beste, Buenos Aires, Amsterdam, Frankfurt, Helsinki eta Madril hirietako museo eta galerietan. Peio Aguirre kritikari eta idazle donostiarra izango da erakusketa horren komisarioa.

Azkenik, Bildumaren beste erakusketa bat prestatzen ari da Artium, sorkuntza artistikoaren mundua (artistena eta artelanena) eta artearen sistema (besteak beste, administrazio-, lege-, merkataritza- eta segurtasun-kontuak) elkarren artean zein desberdinak diren erakusteko. Daniel Castillejo, Museoaren zuzendaria, izango da erakusketa horren komisarioa. Bertan, maileguz gehien eskatzen diren Bildumako artelanak jarriko ditu ikusgai, eta, haien ondoan, mailegu-prozesuaren inguruan sortzen den dokumentazio ugaria.

Jarduera-programa
Erakusketa-aretoetan lanak egin bitartean, Artiumek paper garrantzitsua izaten jarraituko du Vitoria-Gasteizko eta Euskadiko kultura-agendan. Hilabete horietan jarduera-programa aberastu egingo da, herritarrei kultura-eskaintza adierazgarri, askotariko, aberasgarri eta erakargarria egiteko asmoz. Ildo horretan, Artiumek borborrean jarraituko du jarduerei dagokienez, eta ia egunero zerbait gertatzen den eta zer ikusi berria dagoen tokia izango da.

Erakusketak, ekintza artistikoak, zinema, hitzaldiak, arte eszenikoak, musika, bisitak… eta abar egongo dira programan. Azaroaren amaieratik aurrera, lanen bilakaerak hartarako aukera ematen duenean, Grey Flag proiektuaren jatorrizko artelan guztien erakusketa bat egingo da Artiumen Atari aretoan. Pankarta moduan erreproduzitutako artelan horiek jantzi dituzte Museoaren Ekialde fatxadako bi muturrak 2011 urtearen bukaeratik hona. Hemezortzi lan izan dira guztira, Kepa Garraza, Laurina Paperina, Artemio, Txaro Arrazola, Ixone Sádaba, Edurne Herrán eta Judas Arrieta artistenak, besteak beste.

Arte Garaikideari buruzko ikastaro bat, XXI. mendeari eskainia, antolatzen ari da, gainera Artium. Javier San Martín irakasleak, Artearen Historian espezializatuak, emango du ikastaro hori. Eskolarako jardueren programak ez du etenik izango eta, jakina, Liburutegia ere bete-betean arituko da bere jardunean.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand