Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak, eta Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuak 1989. Arjeleko Elkarrizketen ondoren. Delirioa eta su-etena erakusketa inauguratu dute gaur. Carles Guerra, Antoni Tàpies Fundazioko zuzendaria izan da komisarioa, eta erakusketa Bake-ituna proiektuaren inguruan landutako zazpi ikerketa-kasuetako bat da. Proiektu hori Donostia 2016ren programako garrantzitsuena da. Erakusketa hau Artiumek, Antoni Tàpies Fundazioak eta Donostia 2016k koproduzitu dute.
Guerraren hitzetan, «indarkeriak sortu dituen ikuspegi etiko eta politikoen bidez indarkeria bera irudikatu» baino, erakusketa honek ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko Arjeleko elkarrizketetatik (1987-1989) ETAk 2011n «jarduera armatua behin betiko amaitu» arteko epean terrorismoak artean izan dituen efektuak erakutsi nahi ditu.
Irudi eta objektuen esanahiak aldi historiko horretan izandako indarkeriaren ondorioz izan dituzten aldaketak izan ditu ardatz Guerrak erakusketa honetan. Bere iritziz, «gertakariek alderik alde zeharkatzen dituzte objektuak eta irudiak, galdu egiten dute horiek irudikatzeko gaitasuna».
Horretarako, komisarioak ehundik gora artelan, dokumentu eta objektu bildu ditu. Artista ospetsuek egindako obrak daude erakusketan: Jorge Oteiza, Néstor Basterretxea, José Gutiérrez Solana, Luis Claramunt, Jeff Koons, Allan Sekula, Ibon Aranberri, Eduardo Nave, Jon Mikel Euba, Asier Pérez, Xavier Ribas, eta Iñaki Garmendia, besteak beste. Prentsako argazki-sorta handi bat ere badago erakusketan, Manel Armengol, Jon Urbe edo Jon Herraez argazkilarienak, besteak beste, bai eta askotariko dokumentuak ere: batzuk Jorge Oteiza edo bestelako artistei lotutakoak, beste batzuk Sancho el Sabio Fundaziokoak edo Zutik aldizkariaren aleak.
Gainera, Guerrak hainbat objektu bildu ditu, horien artean 1976ko data duen kasete bat. Kanpoko aldean, dokumentu hori gordetzen duten Lazkaoko Beneditarren artxibo/liburutegian jarritako ohar bat dauka. Oharrak esaten du ETAren komando batek egindako grabaketa bat dela, baina lehen minutuetan isiltasun luze bat baino ez dagoela. Hala, kasetea poliziaren eskuetan eroriko balitz, edukirik gabeko zinta erabili gabe bat zela pentsatuko zuten. Era berean, Berria egunkariaren erredakzioan 2011ko urriaren 20an jasotako USBa ikusi ahal izango da. Bertan indarkeriari behin betiko uko egiten zion ETAren adierazpena zetorren, hurrengo egunean egunkari horretan argitaratu zena.
Erakusketa Gasteizko Artiumen izango da azaroaren 1era arte, eta ondoren Bartzelonako Antoni Tàpies Fundazioan ikusi ahal izango da azaroaren 11tik urtarrilaren 15era arte.
Erakusketa ostegun honetan zabalduko da, 20:00etan. Lehenago, 19:00etan, Carles Guerrak hitzaldi bat emango du. Bestalde, Museoko Adiskideek komisarioarekin erakusketaren bisita gidatua egiteko aukera izango dute, 18:30ean. Asteburuan (ostirala 12, larunbata 13 eta igandea 14) «Zuk nahi duzuna» tarifa aplikatuko zaie Artiumeko Adiskideei erakusketetara sartzeko.
1989. Aljerreko Elkarrizketen ondoren. Delirioa eta su-etena erakusketa osatzeko Luis E. Parés zinema-historialariak hautatutako lau filmek osatutako ziklo bat eskainiko da. Filmak irailean eta urrian proiektatuko dira.
Bake-ituna
Bake-ituna Donostia 2016ren proiektu garrantzitsuenetako bat da. Lurraldeko hainbat puntutan antolatu dira ekintzak, artearen historian, kulturan eta zuzenbidean bakeak izan dituen irudikapenak ardatz hartuta. Telefónicaren babes orokorra daukan proiektu honen baitan erakusketa nagusi bat antolatu da Koldo Mitxelena Kulturunean eta San Telmo museoan urriaren 2ra arte. Gainera, zazpi gertakari historiko jakini buruzko erakusketak ere badaude (ikerketa-kasuak), bai eta José María Serti buruzko ikerketa monografiko bat ere. Azkenik, nazioartean lan egiten duten artistek egindako zazpi produkzio garaikide eskainiko dira, «Aldiriak» izenekoak.
Bake-ituna proiektuaren komisario orokorra Pedro G. Romero da, eta ideiaren sustatzailea Santiago Eraso.
Carles Guerra
Carles Guerra Antoni Tàpies Fundazioaren zuzendaria da (Bartzelona). Aurretik, La Virreina Centre de la Imatge zuzendu zuen (Bartzelona), eta MACBA Museu d’Art Contemporani Barcelona museoko kontserbatzaile nagusia izan zen. Bere karrera artearen, hezkuntzaren, kritikaren, komisariotzaren zein irakaskuntzaren praktikaren eremuan garatu da. Besteak beste, bi proiektu hauen komisarioa izan da: «Antifotoperiodismo» (La Virreina Centre de la Imatge) eta «1979. Un monumento a instantes radicales» (La Virreina Centre de la Imatge). La Vanguardia egunkariak argitaratutako Cultura/s eranskinaren kontseilu editorialaren kide izan da. 2010ean, Premi Ciutat de Barcelona saria eman zioten.
Erakusketa Prentsa oharra (pdf) Prentsarako irudiak
Liburuxka Erakusketaren gida Lan zerrenda eta sarrera-testuak
www.DSS201.eu www.fundaciotapies.org
«Bake-ituna proiektuan antolatu diren erakusketa ugarien artean, hau da benetako bake-itun bat adierazten ez duen ikerketa-kasu bakarra. (…) Horiek horrela, ikerketa-kasu honek aurkezten dituen artefaktu kulturalen esanahiak eraldaketa traumatikoak izan ditu. (…) Pertzepzioaren jabe egiten den eromenak esanahiak aldrebesten ditu, artelanen jatorrizko forma aldatu gabe. (…) Beste artelan, objektu, irudi edo gertakariekin gertutasun esplizitu handiagoa edo txikiagoa duen egoeran jartzearen arabera, aktibatu egingo da objektu horiek esanahia adierazteko duten gaitasuna».
Carles Guerra, komisarioa
Bake-ituna
1989. Aljerreko elkarrizketen ondoren. Delirioa eta su-etena
Inaugurazioa: abuztuaren 11n, osteguna
Iparra aretoan, 2016ko azaroaren 1 arte
Komisarioa: Carles Guerra
Jarduerak:
Abuztuaren 11n, osteguna
18:30ean. Bisita Artiumen adiskideentzat
19:00etan. Carles Guerra-ren hitzaldia
20:00etan. Erakusketaren inaugurazioa
Inaugurazio-asteburua. Ostiralean, abuztuak 12, larunbatean, hilak 13, eta igandean, hilak 14, «Zuk nahi duzuna» tarifa bisitari guztiei ezarriko zaie
1989. Aljerreko elkarrizketen ondoren. Delirioa eta su-etena «erakusketa ikerketa-kasu» bat da, Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburua programako Bake-ituna proiektukoa
Ekoizleak: DSS2016, Artium eta Fundació Antoni Tàpies
Sarrerak Online
Denda Online