Astelehena, 09 Azaroa 2015 09:36

Nazioarteko museo eta arte-zentro nagusien hezkuntza-lana ikusgai Artiumen, liburu-erakusketa batean

Hezkuntzari eta museoei buruzko azterketak, haurrentzako liburuak, animazioko bideoak, puzzleak eta esparru horretan munduan diren erakunde nagusien mapamundi bat Museoko Liburutegiak antolatutako erakusketa osatzeko.

Lehendabiziko aldiz aurkeztuko da de Erraldoiak bizi diren tokian / Donde viven los gigantes-en maketa, Elena Odriozola irudigileak eta Patxi Zubizarreta idazleak egindako Artiumen argitalpen-proiektua.


Artium, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak ImaginArtium erakusketa aurkeztu du (Liburutegian, 2016ko apirilaren 9 arte), mundu osoko museoen hezkuntza-lanaren erakusketa bat liburuen, pelikulen, lineako baliabideen eta jolas-materialen bidez ilustratua. Bost ataletan antolaturik, aukera ematen die, bai haurrei eta bai helduei, gaur egungo museoek hezkuntzan duten papera agerian uzten duten argitalpen ugari ezagutzeko. Saiakerak, haurrentzako liburuak, animazioko bideoak, puzzleak eta mapamundi bat, esparru horretan lan egiten duten nazioarteko erakunde nagusietako batzuk jasotzen dituena: horra erakusketan aurkezten diren objektuetako batzuk. Aipamen berezia merezi du Erraldoiak bizi diren tokian / Donde viven los gigantes argitalpen-proiektuaren maketaren aurkezpenak, Artiumek bultzatuak, zeinaren egileak Patxi Zubizarreta eta Elena Odriozola izan baitira. Elena Roseras komisario izan duen erakusketa honek baliabide dokumentalen sorta zabala du, gainera, linean, Artiumen DokuArt atarian.

ImaginArtium erakusketa bost ataletan banatuta dago. Juan Sagastizabal arabarraren Bebé gigante margolanak, Artium Bildumakoak, darama erakusketaren haria eta bera da, gainera, atal bakoitzaren aurkezlea. Museo eta arte-zentroen hezkuntza-lanarekin lotutako liburu sorta bat aurkituko du bisitariak lehendabizi. Apaletan, gai horri buruzko eskuliburu eta tratatu ospetsuenetako batzuk aurki daitezke, alde batetik, itzal handiko adituek eginak; eta, bestetik, ipuinak. Azken hauetan arteak eta museoek dute paper nagusia, eta txikienen gozamenerako jarri dira.

Jarrian, bisitari gazteak jolaserako esparru batean sartuko dira. Bertan, hiru puzzle magnetiko aurkituko dituzte eta haiekin Artium Bildumako hiru artelan ezagun berregin: Laurina Paperinaren Art is dead, Joan Miróren Mural de cerámica eta Patricia Gadearen Van Gogh y su amigo.

Irakurri gehiago

Hirugarren atalean mapamundi bat dago; eta, bertan, sorkuntza artistikoaren esparruan egiten duten hezkuntza- eta zabalkunde-lanagatik nabarmentzen diren arte-erakunde nagusiak agertzen dira. Artiumez gainera ondoko zentro eta museoak aurkituko ditugu, besteak beste: Fundación Miró, Guggenheim, MACBA, MUSAC, Reina Sofía, Georges Pompidou, MoMA, Museo de Arte de Puerto Rico, Victoria & Albert Museum eta Thyssen. Mapamundiaren aldamenean dagoen ukimen-pantaila batek zentro horien guztien hezkuntza-lanari buruzko informazio zabalagoa izateko aukera ematen du.

Animazioko pelikula sorta batek osatzen du laugarren atalaren muina. Hauen edukia ere ludikoa da, eta filmen protagonisten artearen historiako pertsonaia ospetsuak (Dalí, Frida Kahlo, Kandinski…) edota munduko museo ezagun batzuk agertzen dira, esate baterako, Tate Gallery. Telebista-pantailaren ondoan, arteari buruzko itsasgarri-liburuen sorta zabal bat dago, atal hau osatzen duena.  

Erraldoiak bizi diren tokian
Azkenik, beira-arasa bat aurkituko du bisitariak erakusketa aretoaren toki nabarmenenean. Bertan Erraldoiak bizi diren tokian / Donde viven los gigantes liburuaren maketa dago ikusgai: Artium Museoaren inguruko haurrentzako liburu bat. Argitalpen-proiektu horrek Patxi Zubizarretaren ipuin bat eta Elena Odriozolaren ilustrazioak biltzen ditu. Patxi Zubizarreta itzultzaile eta haur eta gazteentzako nobela-idazle ospetsua da, Literaturako Euskadi Saria bi aldiz jaso duena: 1997an Gizon izandako mutila liburuagatik eta 2006an Pantaleon badoa liburuagatik. Elena Odriozolak, berriz, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak ematen duen Ilustrazioko Sari Nazionala jaso berria du, eta irudigile garrantzitsuenetako bat da, bai nazio mailan eta bai atzerrian.

Odriozolak liburu tolesgarri bat asmatu du, zeinean hainbat agertoki baitaude: Museoko aretoak eta bertan ikusgai dauden lanak. Irakurle gazteak agertoki horietan barrena mugi ditzake pertsonaiak, liburua irakurri ahala. Zubizarretaren kontakizunak argiztatu egiten ditu Museoko aretoak eta artelanak, eta erraldoia aurkitzeko zirrararekin doa haurra ipuinean aurrera, Kattalin adiskideak esan baitio eraikin horretan bizi omen dela. Erraldoiak bizi diren tokian / Donde viven los gigantes Artiumek bi sortzaileei 2011n egindako enkargua da, baina diru-kontuak direla eta argitalpenaren konplexutasuna dela-eta ezin izan da oraindik gauzatu. Museoak lankidetza-formula baten bila jarraitzen du, liburua argitaratu ahal izateko. Bien bitartean, Elena Odriozolaren maketa eta Patxi Zubizarretaren jatorrizko testua ikusgai daude ImaginArtium-en.

ImaginArtium. Liburu-erakusketa
Haurrok: zatozte artearen mundura
Komisarioa: Elena Roseras
Irekiera: 2015eko azaroaren 9an. 2016ko apirilaren 9 arte

Erakusketa DokuArt

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand