Jon Mikel Euba. Bi bideo-piezatarako oharrak.
Testua: Arantza Santesteban
68ko maiatza mugarri izan zen film-praktikak ugaritzen hasteko bidean, irudiak hartzeko ohitura zabaldu zuelako, besteak beste, langile-kolektibo, sindikatu, talde feminista eta auzo-elkarteen artean. Batzuek, bideogintza estetika militante gisa erabiltzea aldarrikatzen zuten, baliabidearen erreprodukzio-gaitasunaren bat-batekotasuna, soinu-sinkronizazioa eta arintasuna zirela eta. Baina, bestalde, bideoaren kalitate eskaseko irudi «antiestetikoa» ere aldarrikatzen zuten, film-baliabideen erabilera estetiko eta politiko hustzat zeukatena arbuiatzeko, film-baliabideak, kasu askotan, autore-zinemaren tradizioaren, zinema komertzialaren eta telebistaren zabalkundearen artean sailkatuta zeudela.
Ondorengo hamarkadetan artista ugarik erabili zuten bideoa ikus-entzunezkoen alorrean trebatzen hasteko. Yvonne Spielmannen arabera (2005), bideoa da benetan lehen ikus-entzunezko baliabidea, eta zinemak ez bezala, ez du unitate gisako irudirik sortzen, ez film-zerrenda baten materialtasunik agertzen. Hala, bideo elektronikoa, beste zinema militante mota batzuekin batera, performatiboa zen batzuentzat, eta bertan modu sortzailean esku-hartzeko aukera atxikitzen zuen. Bideoa eraldatua eta manipulatua izan zitekeen teknologia eta bitarteko bat bezala ulertzen zen, irudia bere eraldaketan jada manipulatua izan dela ulertzen duen prozesu bateko kondizio piktoriko baten potentzialetik abiatuta.
Cahiers du cinéma-rentzat egindako elkarrizketa batean, 1979an, Nam June Paikek argudiatzen duenez, bideo-zinta batean irudirik ez dagoenez —zinema-film batean ez bezala: «argazkia egia da, eta zinema egia 24 aldiz segundoko» esan omen zuen Godardek—, ez dago bideoaren «egia» bat edo antzekorik ere.
Jon Mikel Eubak, beharbada, egiaren nozioa eztabaidan jartzeko modu bat bezala sortu zituen bi pieza hauek laurogeita hamarreko eta bi milako hamarkadetako une ezberdinetan. Pandamask 2 (1998-2000) filmean, baztertutako orube batean aparkatutako auto bat gorputz baten mugimenduen katalizatzaile moduko bat bihurtzen da, gorputzak bere presentzia nabarmentzen duelarik loop handi batzuk eginez. Eubak irudiaren barrurantz egiten du lan, eta ekintza guztiak atzematen dituen enkoadratze baten barnean gertatzen da dena, aldi berean. Ikusle gisa, zapuztuta ikusten dugu horrela gure itxaropena, zeinak esanahi eta narrazio biribilak espero baititu, zerbait gertatzear dagoela susmarazten diguten keinu ez-emankorren kate horretan.
2003. urtean, Eubak Neska (2003) obra egin zuen, artista talde batek ariketa praktiko batean egindako grabazio baten emaitza den pieza. Eskultura-ekintza ere presente dago grabazio honetan, non besteren desiren mende dagoen gorputz baten otzantasuna erakusten baita. Aginduek eta ekintzek, elkarren gainean pilatuta, gozotasunez aldatzen dituzte gazte baten jarrerak, keinu heroikoak egiten dituen bitartean: ukabila gora, jarrera erasokorra, gorputza bera borrokan. Argi kontra dago grabatuta dena, lente zikin batean zehar, zirriborro bat edo zerbaiten saiakera —baina inondik ere ez estilistika-ariketa eredugarri bat— iradokitzen digun grabazio-ahalegin batean. Joan den mendeko figurazio heroikoen eskulturak plano kontrapikatuen bidez grabatutako gorputz honetara transferitzen dira hala; izan ere, begirada bertikala saiatzeko eta formen handitasuna gure ezintasunetik begiesteko egin ziren eskulturak.
Aipuak:
- Yvonne Spielmann, Video: The Reflexive Medium. Cambridge, Mass.: MIT Press, 2005.
- Nam June Paik, Jean-Paul Cassagnac-ek, JeanPaul Fargier-ek eta Sylvia van der Stegen-ek elkarrizketatua, Cahiers du cinéma, 299. zk., 1979.
- Murray, R. & Santesteban, A., «Nire amaren etxea: tracing feminist genealogies in La marche des femmes à Hendaye, Manifestation à Hendaye and Les mères espagnoles», ZINE 2. zk., 2021: 5-39.
(Bilduma, ikusgai programaren barruan ikusgai 2024ko urriaren 1etik azaroaren 3ra)