Urriko, azaroko eta abenduko asteazkenak, 19:00etan
Sarrerak, 3,5 €. Artium Museoaren Adiskideak, 2 €
25 urtez azpikoak: sarrera doan (museoko txartel-leihatilan)
Sarrerak non erosi: museoko txartel-leihatilan eta webgunean
Urteari amaiera emateko Euskadiko Filmategiak, Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean, Gasteizen, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Donibane Lohitzunen zinema unibertsalaren historiako klasiko zahar eta modernoak berreskuratzen dituen zikloa proiektatuko du.
Programa jaitsi (pdf) Sarrerak erosi
PROGRAMA
Urriaren 1ean, asteazkena, 19:00etan
Encadenados. Alfred Hitchcock, 1946. 101 min (ingelesez, gaztelaniazko azpitituluekin)
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Alicia Hubermanen aita, espioi nazi bat, Estatu Batuen aurkako traizioagatik kondenatu dute. Epaiketaren ostean, Aliciak festa bat egin du, eta han agertu da Devlin izeneko ezezagun lerden bat. Inteligentzia-zerbitzuetako agente bat da, eta Brasilgo nazien gidari Alexander Sebastian harrapatzeko laguntza eskatzen dio.
Urriaren 8an, 19:00etan
Ohayo / Egun on. Yasujiro Ozu, 1959. 94 min (japonieraz, gaztelaniazko azpitituluekin)
Japonia, 50eko hamarkada. Egunero bezala, familia bateko kideak beren arazoei, ametsei eta bizilegeei aurre egiteko prestatzen dira. Aitak laneko gorabeherak ditu, eta seme-alaben hezkuntzak dakarzkion exijentziak ere bai. Amak familiaren diru-sarrerak kudeatzen ditu, eta etxeko bizitzaren zailtasun ugariei egiten die aurre. Eta seme-alabak tematuta daude: etxean telebista nahi dute.
Urriaren 15ean, 19:00etan
El guateque. Blake Edwards, 1968. 99 min (inglesa, gaztelaniazko azpitituluekin)
Hrundi V. Bakshi jatorri hinduko aktore baldar bat da, eta desertuan pelikula bat filmatzen ari da. Filmaketatik bota dute, ordea, haren etengabeko hanka-sartzeengatik. Ustekabean, gonbidapen bat jaso du bere azken filmaren ekoizleak antolatutako festa dotore batera joateko. Festan egoera zoro-zoroak gertatuko dira, Hrundiri esker.
Urriaren 22an, 19:00etan
Adopción. Márta Mészárosl, 1975. 87 min (hungarieraz, gaztelaniazko azpitituluekin)
Kata emakume alargun bat da, eta seme-alabarik gabe ari da iristen berrogei urtera. Kataren maitalea ezkondua da, eta ez du izan nahi haurrik berarekin. Ustekabean, umezurtz-etxe batetik ihes egindako neska bat agertuko zaio Katari, babes-eske. Katak bere etxean hartuko du, hasieran mesfidati izanik ere, eta atsegin hartuko dio neska gazteari. Umezurtz-etxetik irteten lagunduko dio, baita maite duen mutilarekin ezkontzen ere. Bi emakumeen arteko harremanak, gainera, erabaki bat hartzen lagunduko dio Katari: bere bizitzan gustatzen ez zaiona aldatzea.
Urriaren 29an, 19:00etan
El amor brujo. Francisco Rovira Beleta, 1967. 103 min (gaztelaniaz)
Candela tematuta dago bere maitale Diegoren oroitzapenarekin, liskar batean hil baitzen, eta antza denez atzetik dabilkio haren mamua, haluzinazio-sare esplikaezin batean katramilatzen duena. Antonio, aldiz, Candelaz maiteminduta dago, eta hura sorginkeria hartatik libratzeko borrokan, konturatu da Candela egiaz ikaratu nahian dabilela baten bat. Orduan erabaki dute Candelak eta Antoniok azpikeria haren erruduna agerian uztea, dantza, borroka eta maitasun-jokoen artean.
Azaroaren 5ean, 19:00etan
Más allá del olvido. Hugo del Carril, 1956. 93 min (gaztelaniaz)
Emaztea biziki maite zuen gizon bat gogor jo du haren heriotzak. Etsiaren etsiaz, bidaia bati ekin dio, hura ahaztu nahian, baina haren antz handia duen emakume bat ezagutu du. Gizonak ezagutu berri duen emakumea ikuskizunetan artista-lanetan eguneroko ogia egiten duen kabaretetatik erreskatatu du, proxeneta batek esplotatzen baitu. Harekin maitemindu da, ustez; ezkondu egin dira, eta bere etxetzarrera eraman du bizitzera.
Azaroaren 12an, 19:00etan
Carbón. Georg Wilhelm Pabst, 1931. 93 min (alemanieraz eta frantsesez, gaztelaniazko azpitituluekin)
Filmak 1906ko hondamendi bat berreraikitzen du, Courrières udalerriko meatze batean gertatua (Frantzia eta Alemania arteko mugatik gertu). Frantziako aldean sua piztu da, eta ez daukate behar den ekipamendurik itzaltzeko, ezta harrapatuta gelditu diren meatzariak erreskatatzeko ere. Beste aldean, alabaina, badituzte horretarako bitartekoak.
Azaroaren 19an, 19:00etan
El silencio. Ingmar Bergman, 1963. 96 min (suediarrez, gaztelaniazko azpitituluekin)
Ester, haren ahizpa Anna eta iloba, Johan, herrialde arrotz eta ospel bat gurutzatzen ari dira trenez, gerra betean itxuraz. Etxera bueltan doaz, baina bidaia eten eta hiri batean gelditu beharra dute, hotel ilun eta kalamastra batean atseden hartzeko, Ester gaixotu egin baita. Ester Annak pizten dion erakarpen sexualari eusteko eginahalak egiten ari den bitartean, Anna akiduratik eta itolarritik libratuko duten sentsazio bila irten da kalera.
Azaroaren 26an, 19:00etan
Trotacalles. Matilde Landeta, 1951. 101 min (gaztelaniaz)
Hainbat urtez banatuta egon ondoren, berriz gurutzatu dira Elena eta Maria ahizpen bizitzak, bai ostera ere gizon batengatik gurutzatu ere, behinola beste baten maitasunagatik deman aritu baitziren. Bizitzak oso bide ezberdinetan barrena eraman ditu. Bata ezkonduta dago gutizia oro asetzen dion industria-gizon aberats batekin; besteak, aldiz, gorputza saldu beharra dauka aurrera egiteko. Beste behin ere, gizon batek baldintzatuko ditu haien patuak.
Abenduaren 3an, 19:00etan
Ehun metro. Alfonso Ungría, 1985. 55 min (euskara, gaztelaniazko azpitituluekin)
Aurkezlea: Alfonso Ungría
Hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasiera. Uda. Goizeko zortziak dira. Ion, ETAko militante bat, korrika doa, etsi-etsian, Donostiako Parte Zaharrean barrena; atzetik segika du polizia. Hiria esnatzen ari da, eta normaltasunez ekin dio egunari. Ihesi doan bitartean, Ionek bere bizitzaren historia ere aztertzen du. Eskolan, bere nortasunari uko egiteko eskatzen zioten. Oroitzapen horiek aitaren begiradarekin eta Madeleineren gorpuzkerarekin txandakatzen dira.
Hamaseigarrenean aidanez. Anjel Lertxundi, 1985. 55 min (euskara, gaztelaniazko azpitituluekin)
Aurkezlea: Anjel Lertxundi
Apustuzale amorratua da Domingo. Apustu-artekaria da traineru-estropadetan, pilotalekuetan eta askotariko probak egiten dituzten plazetan. Baina obsesioa ere bada, eta arrisku asko hartzen ditu, beti Kornelio koldar eta zinikoa lagun duela. Domingoren emazte Martzelinaren bakardadeak jartzen du kontrapuntua istorio honetan, non ezbeharra edozein unetan lehertuko dela dirudien.
Abenduaren 10ean, 19:00etan
Oraingoz izen gabe. José Julián Bakedano, 1986. 44 min (euskara, gaztelaniazko azpitituluekin)
Aurkezlea: José Julián Bakedano
Manuel lasai bizi da Ramón anaiarekin, baina prostituta bat, Esther, agertzen da eta dena aldatzen du. Estherrek tentsioak eta gatazkak sorrarazten ditu anaien artean, eta amaiera zoritxarrekoa da. Filmak landa-inguruneko familia-harremanak eta emozio erreprimituak aztertzen ditu.
Zergatik Panpox. Xabier Elorriaga, 1985. 56 min (euskara, gaztelaniazko azpitituluekin)
Aurkezlea: Xabier Elorriaga
Filmak seme bat duen hogeita hamar urteko emakume ezkondu baten bizimodua kontatzen du. Protagonistak hausnar egiten du: zergatik utziko zuen senarrak, Txemak, bakarrik semearekin? Barne-bakarrizketen bitartez, hainbat gai aztertzen ditu; besteak beste, amatasuna, bakardadea eta 70eko hamarkadaren amaierako euskal gizartean nagusitzen zen eguneroko bizitza.
Abenduaren 17an, 19:00etan
. Tod Browning, 1932. 64 min (inglesa, gaztelaniazko azpitituluekin)
Izaki itxuragabez, elbarriz eta askotariko anputazio eta malformaziodun pertsonaz jositako zirku batean, dirutza jaso du oinordetzan Hansek, nanoetako batek. Harrezkero, Cleopatra, trapezista eder bat, hura limurtzen saiatzen ari da, haren dirua eskuratzeko. Horretarako, plan bat egin du Herculesen, zirkuko gizon indartsuaren, laguntzaz.
Antolatzailea: Euskadiko Filmategia
Ondokoen laguntzarekin: Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa-Artium Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa eta Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa
Erosi sarrerak