Filmategiaren zikloak: Jazzinema 2025

Hasiera: Osteguna, 03 Uztaila 2025

Amaiera: Osteguna, 31 Uztaila 2025

Bidaiatzeko gonbita da zinea ia definizioz, eta jazza, berriz, oso musika bidaiazalea izan da hasiera-hasieratik. Ez da harritzekoa, beraz, arin eta emankorra izatea bi diziplina artistiko horien arteko solasa: jazz musikaren izarrak gidoietako protagonista izan dira, jazzak maiz elikatu ditu filmetako soinu-bandak, eta muntaketa zinematografiko ugaritan ere nabarmena da jazzaren eragina. Duela bederatzi urte hasiz geroztik, pozarren erakusten du hori guztia Euskadiko Filmategiaren Jazzinema zikloak Euskal Herriko jazz-jaialdien hilabetean.

Alberto Ibarrondok, Gasteizko Jazz Jaialdiaren zuzendairak, aurkeztu du programa uztailaren 3an egingo den lehenengo saioan.

 

Programa osoa (pdf)

 

Uztailaren 3an, asteazkena, 19:00etan. Zikloaren aurkezpena Alberto Ibarrondorekin
Köln 75. Id Fluck, 2025 (alemanieraz, gaztelaniazko azpitituluekin)

Vera Brandes-en benetako historia, zeina Koloniako 70eko hamarkadako musika-eszenaren ikono adoleszentea izan baitzen; den-dena arriskatu zuen bakarlari baten kontzerturik handiena antolatzeko: Keith Jarretten Koloniako kontzertu ospetsua.

Zenbait ustekabe baliatu eta bidean sortutako oztopo guztiei aurka egin ondoren, jazzaren historiako kontzertu eta disko mitiko bat osatu zuten Jarretten talentu eta espirituak eta emakume baten erabaki irmoak.


Uztailaren 10ean, osteguna, 19:00etan
The conversation. Francis F. Coppola, 1974 (ingelesa, euskarazko azpitituluekin)

Magnate batek Harry Caul kontratatu du, zaintzan eta segurtasun-sistemetan aditua den detektibe bat, bere emazte gaztea iker dezan, ustez harremanetan baitago bere langile batekin. Caulen kategoriako aditu batentzat, alfer-alferreko lana dirudi, bikoteak ez baitu misteriorik batere, itxuraz behintzat.

Alabaina, Harryk bere lana bukatutzat ematen duenean, zerbait arraroa sumatzen du ustez garrantzirik gabekoa dirudien kasuan, bezeroak ez baitu bere burua identifikatu nahi eta bitartekariak baliatzen baititu beti.


Uztailaren 17an, osteguna, 19:00etan
Legacy. Manal Masri, 2025 (suediera eta ingelesa, gaztelaniazko azpitituluekin)

1950eko, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Eskandinavia, harrigarriki, garai hartako musikarik berritzaileenaren —jazzaren— gune nagusi bihurtu zen. Iparralde hotz eta etsaia babesleku gozo bihurtu zen AEBko jazz-musikari beltz ospetsu mordoxkarentzat. Han ez zuten kezkatu beharrik AEBn jazartzen zituen arrazismoaz, eta hirietako klubetan jotzeaz bakarrik arduratu zitezkeen. Haietako askok familiak osatu eta seme-alabak izan zituzten han. Hain zuzen ere, musika-izar ospetsu haietako batzuen seme-alaba helduak dira Legacyn haien historiaren berri ematen dutenak; adibidez, hauenak: Dexter Gordon, Don Cherry, Sahib Shihab, Joe Harris eta Quincy Jones.

Arrazismoak, segregazioak eta aktibismo politikoak zeharkatutako historia. Bai eta seme-alabek bere gurasoen askatasunagatik batzuetan jasan behar izaten dituzten ondorioen historia ere. Eta, jakina, musikaren historia, baita eskandinaviar musikaren historiaren garai jakin bateko altxorra ere.


Uztailaren 31n, osteguna, 19:00etan
Soundtrack to a coup d'état. Johan Grimonprez, 2024 (ingelesa, frantsesa eta errusiera, gaztelaniazko azpitituluekin)

Jazzak eta deskolonizazioak beren erritmoak nahasten dituzte azterketa historiko sutsu honetan, zeinak Gerra Hotzaren garaiko gertaera funtsezko bat islatzen baitu: Abbey Lincoln eta Max Roach musikariek NBEren Segurtasun Kontseiluan egin zuten protesta Patrice Lumumba Kongoko liderraren hilketa salatzeko.

1961ean, musika erresistentzia-ekintza ozen bihurtu zelarik, Lincolnen eta Roachen ahots indartsuak nabarmendu ziren, indarkeria koloniala salatzeko eta justizia eskatzeko askatasunaren bila borrokatzen ziren Afrikako herrientzat. 



Sarrera orokorra, 3,5 €. Artium Museoaren Adiskideak, 2 €. 25 urtez azpikoak: sarrera doan (Museoaren txartel-leihatilan)
Sarrerak non erosi: museoaren txartel-leihatilan eta online.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand