Artium Museoa - Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak Juncal Ballestín Nazioarteko Beka deitu du, arte feministaren historiografiari eta museoko bildumarekin zerikusia duten emakume artistei buruzko ikerketa-proiektuei laguntzeko.
Museoaren Dokumentazio Zentroari atxikia, deialdi honen helburua ikerketa-proiektu bat aukeratzea da, Euskal Herriko eta nazioarteko arte feministaren historiografiari ekarpen esanguratsua egingo diona eta/edo museoaren eta bere Bildumaren programazioarekin zerikusia duten emakume artista eta pentsalarien ekoizpena aztertuko duena. Parte-hartzeko oinarriak Artium Museoaren web-orrian daude eskura.
Deialdi honetara edozein nazionalitateko ikertzaileak aurkeztu ahal izango dira, adin-mugarik gabe, nahiz banaka, nahiz hautagaitza bateratua aurkezten duen kolektibo baten kide gisa. Eskatzaileek bekaren iraunaldian garatzekoa izango den ikerketa-proiektu bat, argitaragabea, aurkeztu beharko dute. Iraunaldi hori bederatzi hilabetekoa izango da, onartzen den egunetik zenbatzen hasita.
Ikerketa garatzeko bideratutako gehieneko zenbatekoa 7.000 eurokoa izango da, eta honako hauek jaso beharko ditu: ikertzaile(ar)en ordainsariak eta ikerketaren garapenak eragindako gastuak. Eskabideak aurkezteko azken eguna 2025eko martxoaren 10a da. Hauek dira hautapen-batzordeak kontuan hartuko dituenak: proiektuaren interesa, eskatzailearen profil profesionala eta ikerketa-proposamenaren egokitasuna Artium Museoaren helburuen artean.
Artium Museoak antolatzen duen nazioarteko ikerketa-bekak Juncal Ballestín (Gasteiz, 1953-2015) artistaren izena darama. Ballestínen bizi-ibilbidea konpromiso feministak markatu zuen, eta, bere obrari dagokionez, askotariko materialak, bitartekoak eta teknikak erabiltzeagatik bereizi zen: pintura, marrazkia, instalazioa, bideoa, lan grafikoa... 2021ean, Anesvad GKEak, haren ondarearen oinordeko denak, artistaren obra eta artxiboa eman zizkion museoari. Urte horretan bertan, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak ikerketa-beka bat sortu zuen artistaren oroimenez, orain beste deialdi bat plazaratzen duen hauxe.
Deialdiaren oinarriak Eskabide-orria
Argibide gehiago eta kontsultak: ikerketa_investigacion@artium.eus.