Bere 20. urteurrenaren ospakizunen barruan, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, artearen arloko eragileekin topaketa batzuk programatu ditu, museoen etorkizuneko ikuspegiei, haien gizarte- eta ondare-erantzukizunari eta ezagutzaren sorkuntzari buruzko hainbat ikuspegi emateko.
Asier Mendizabal: Gerorako gorde
Datorrenari aurrea hartzea atzera begiratuta bakarrik egiazta daitekeen ekintza da. Iraganeko iragarpenetara itzuliz bakarrik jakin dezakegu egokiak izan ziren ala ez, edo, ohikoagoa dena, nahiko uste sendoa izan zuten ala ez etorkizunean betetzeko. Paradoxa horrek bultzatzen nau, printzipioz, museoaren etorkizunez hitz egiteko gonbidapenaren borondate prospektiboari uko egitera, eta, apalago, nire lana museografiaren, bildumaren eta kanonaren kontuekin gurutzatu den une batzuetan arreta jartzera. Hiru proiekturen bidez, proposatuko dut bilduma oro material-pilaketa kontingentea dela nahitaez, nahiz eta une bakoitzean nolabaiteko zorroztasun objektiboa ezartzea izan kontingentzia hori mugatzen saiatu behar duen bultzada. Etorkizunean gure oraingo hautuez sintoma gisa egingo dituzten irakurketek bihurtuko dute kontingentzia hori esanguratsu eta bilduma bat kontakizun.
Asier Mendizabal (Ordizia, 1973) artista bisuala da eta hainbat hezkuntza proiektutan parte hartzen du, aldi berean KKHn Stockholmeko Royal Institute of Art-en eskultura irakasle dela. XX. mendean euskal kulturaren berreraikuntzak abstrakzioaren hizkuntza —erabilera herrikoi eta politikoetara moldatuta— hartu zuen moduarekiko interesetik abiatuta garatu du bere lana. Haren lanean behin eta berriz aipatu izan dira taldearena denaren irudikapena, identitatearen eraikuntza eta teknikak fenomeno horietan duen papera. Askotan ideologiaren kritika gisa deskribatu izan da haren lana.
Haren praktikak aurrez aurre jartzen ditu historiaren ohiko kontakizunak, artxiboko objektuak edo objektu etnografikoak edo irudikapen politiko eta azpikulturalak, horien guztien baldintza tekniko eta materialak aintzat hartuz. Idazketa ohiko baliabidea da haren jardunean, betiere eskulturekin loturik.
Mendizabalek hainbat erakundetan egin ditu bakarkako erakusketak, besteak beste, Reina Sofia Museoan, MACBAn, Oteiza Museoan, Quitoko Alabadoaren Museoan eta Londresko Raven Row-en; eta taldeko ak ere bat, Vienako Secession-en, Guggenheim Bilbao Museoan, eta Veneziako, São Pauloko edo Taipeiko biurtekoetan; beste askorena, komisarioa izan da.
Asier Mendizabal: Gerorako gorde
Abenduaren 2an, ostiralean, 18:30ean
Erreserbak 945 20 90 20. Sarrera doan jarlekuak bete arte