Filmategiaren zikloak. Lumiere emanaldiak

Hasiera: Osteguna, 2022(e)ko Apirilaren 07a

Amaiera: Osteguna, 2022(e)ko Ekainaren 30a

Zinemarekiko maitasuna, zinema jaio zen tokitik.

Artea eta ikuskizuna irauli zituen asmakizunaren ikurra da Lyongo Lumière Institutua, ez soilik zinemaren sorterrian bertan dagoen sinbolo historikoa delako, baizik eta egunero lan egiten duelako zinema osotasunean bildu, berreskuratu eta zabaltzeko, behar den moduan, denboraz eta mugez haratago, gaurkotasunaren eta ikuspegi historikoaren arteko etengabeko komunikazioari eutsiz.

Antoine eta Louis Lumière anaiek zinema-kamera eta proiekzio publikoko aretoa asmatu zituzten. Lyonen haien bizileku eta fabrika izan zen etxearen kanpoaldea lore-baratze benetako bat da: leku goxo eta atsegina urte osoan eta, bereziki, urrian egiten den Lumière zinemaldian, zuhaitz artean eta bertako aretoetan biltzen baitira orduan zinemazale jakin-egarriak, mundu ezezagunetarako leihoak irekitzen zaizkien ikasleak eta zinemarekiko grina partekatzen duten nazioarteko profesional eta zinemagile handiak zinema ezagutu eta eztabaidatzeko, eta garai, nazionalitate eta sentsibilitate artistiko guztien arteko bide eta lotura ugari ezartzeko.

Lumière Emanaldietan lan bikain eta erakargarri horren berri eman nahi da, Lumière Institutuaren historiako lehen film garrantzitsuen bidez eta alderdi askotarikoak erakutsiz. Profesional handien eta, batez ere, zinemaren eta haren dibulgazioaren zaleen eskutik helduko zaizkigu filmak.

Saio guztiak ostegunero19:00etan Emanaldi aretoan.
2022ko apirilaren 7tik ekainaren 30era
Prezioa: sarrera orokorra, 3,5 €. Artium Museoaren Adiskideak, 2 €. 25 urtez azpikoak: sarrera doan (museoaren txartel-leihatilan)
Sarrerak non erosi: museoaren txartel-leihatilan eta online.

Antolatzaileak: Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Center-ek (DIPC) eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak
Egoitzak: Artium Museoa, Tabakalera, Bilboko Arte Ederren Museoa, Iruñako Golem Baiona, Donibane Lohitzuneko Cinéma Le Sélect

Zikloaren liburuxka  Erosi sarrerak 

Apirilaren 7an

El relojero de Saint Paul. Bertrand Tavernier, Francia, 1974 – 105 min – JB eta gaztelaniazko azpitituluekin
Lyongo Saint-Paul barrutian, Michel Descombes adin ertaineko erlojugileak ezkongabe-bizimodu lasai eta aspergarria du, Bernard seme nerabearen konpainian. Emazteak utzi egin zuen aspaldi, eta beste inoren laguntzarik gabe hazi du semea. Baina erlojugilearen bizitza ordenatua aldatu egiten da, ustekabeko bisita bat jasotzen duen egunean: polizia etorriko zaio etxera, berri txar bat ematera.
Bertrand Tavernier (1941-2021), zinemagileen maisu, Lumière Institutuaren presidente historikoa da. Lehen filma Lyonen grabatu zuen, bere jaioterrian. Euskadiko Filmategia bisitatu zuen 2019ko irailean. Ziklo honek asko zor dio, eta pentsaezina litzateke bere filmik gabe.

Apirilaren 14an

La doble vida de Véronica. Krzysztof Kieslowski, Francia,1991 – 98min – JB eta gaztelaniazko azpitituluekin
Weronika Polonian bizi da, eta abeslari aparta da, baina bihotzeko gaitz larri bat du. Frantzian, Poloniatik mila kilometrora baino gehiagora, Véronique bizi da, Weronikaren berdin-berdina den gazte bat; gainera, beste ezaugarri komun batzuk ere badituzte biek, hala nola bihotzeko gaitza eta musikarekiko grina bizia. Distantzia gorabehera eta inolako harremanik ez izan arren, bakarrik ez daudela sentitzeko gai dira biak.
Irène Jacob ziklo hau antolatzen laguntzen duen Lyongo Lumière Institutuko presidentea da gaur egun. Interpretazio bikain honi esker, aktore onenaren saria jaso zuen Cannesen.

Apirilaren 21ean

El bígamo. Ida Lupino, EE UU, 1953 – 80min – JB eta gaztelaniazko azpitituluekin
Harry San Frantziskon bizi da, eta, agente komertziala denez, bidaia asko egin behar ditu. Everekin ezkonduta dago, eta haur bat adoptatzen saiatzen ari dira. Mr. Jordan, adopzio-agentziako zuzendaria, zenbait miaketa egiten hasten da, eta susmo txarra hartzen dio Harryri, zeinak sekretu bat baitu. Mr. Jordanek laster jakingo du Los Angeles-en beste emazte bat eta haurtxo bat dituela Harryk.
Lumière Institutuaren ardatzetako bat emakume zinemagileen lana balioestea da. Ida Lupino zinemagintzako maisua izan zen, eta hemen, gainera, protagonistetako baten rola antzezten du.

Maiatzaren 5ean

Ere erara baleibu icik subua aruaren... José Antonio Sistiaga, 1970 - 75 min. Dialogorik gabea
Eguzkiak, hondarrak eta hezetasunak rol erabakigarria dute José Antonio Sistiaga margolari donostiarraren Ere erera baleibu icik subua aruaren… lanean. Zuzenean zeluloide gainean margotutako lana da, eta lehen film luze abstraktutzat jotzen da mundu-mailako zineman. Eskuz margotutako 100.000 fotograma inguruz osatutako film honek irauli egin zuen ordura arte zeluloide gaineko pinturaz zegoen ikusmoldea.

Maiatzaren 12an

El bueno, el feo y el malo. Sergio Leone, Italia, 1966 – 161min – JB eta gaztelaniazko azpitituluekin
Estatu Batuetako gerra zibilean (1861-1865), hiru sari-ehiztari altxor baten bila dabiltza. Inor ez da, ordea, aurkitzeko gai beste bien laguntzarik gabe. Hala, elkarlanean arituko dira altxorra lortzeko.
Lumière Institutuak Christopher Fraylingek idatzitako Sergio Leoneren biografia argitaratu zuen 2018an, eta 2009an Clint Eastwoodek aurkeztutako film honekin amaitu zen lehenengo Lumière Jaialdia.

Maiatzaren 19an

Belea. Henri-Georges Clouzot, 1943 – 92min – JB eta euskarazko azpitituluekin
Frantziako herri txiki bateko bizimodu lasaia asaldatu egingo da Germain doktorea “Beleak” sinatutako gutun anonimoak jasotzen hasten denean. Gutun horietan, Laurarekin duen harremana eteteko eskatzen zaio, zeina erakunde berean lan egiten duen psikiatraren emaztea baita. Laster, baina, herriko beste biztanle ugariren hutsegiteak ere seinalatuko dituzte gutunok.
Frantziar zinemako ezinbesteko klasikoa. Filmaren bertsio zaharberrituak 2017ko Lumière Jaialdia inauguratu zuen.

Maiatzaren 26an

Camaradas. Julien Duvivier, Francia, 1936 – 101min – JB eta gaztelaniazko azpitituluekin
Lau langabetuk eta polizia atzetik duen espainiar errefuxiatu batek osatutako lagun-taldeak loteria irabazi dute, eta dantza-areto bat irekitzea erabakiko dute.
Frantziar zinema klasikoa Lumière Institutuaren beste ardatz nagusietako bat da. Julien Duvivier handiaren film klasiko bat da hau, jatorrizko negatiboetatik zaharberritua.

Ekainaren 2an

El ejército de las sombras. Jean-Pierre Melville, Francia, 1969 – 145min – JB eta gaztelaniazko azpitituluekin
Philippe Gerbier frantziar Erresistentzian dabilen ingeniaria da; Erresistentziako arduradun nagusietako bat, hain zuzen, harik eta polizia kolaborazionistek harrapatu eta kontzentrazio-esparru batean ixten duten arte. Beste leku batera daramatelarik, ihes egitea lortuko du, eta, hala, frantziar Erresistentziako eguneroko bizitzari eta inbaditzaile ahaltsuaren kontrako borrokari helduko dio berriz.
Melville maisuaren film pertsonalenetako bat da, eta frantziar erresistentziari buruz egin den onenetako bat. Lyonen filmatua dago zati bat.

Ekainaren 9an

Zapatila gorriak. William Powell, Emeric Pressburger, Reino Unido, 1948 – 135min – JB eta euskarazko azpitituluekin
Victoria Page dantzari afizionatu gazte bat da. Haren itzal handiko izebak Boris Lermontov zorrotzak zuzendutako izen bereko konpainiaren ballet-emanaldi baten estreinaldira eramango du iloba, eta, hala, zuzendariak aukera bat ematea lortuko du, Londresko antzoki xumeetatik hasita.
Lumière Institutuak argitaratu zuen Michael Powellen autobiografia; eta, horrez gainera, filmaren DVDa ere editatu zuen. Scorsese zuzendariaren film gogokoenetako bat da hau. Lyoneko ohiko bisitaria da Scorsese.

Ekainaren 16an

Alicia en las ciudades. Wim Wenders, Alemania, 1974 – 112min – JB eta gaztelaniazko azpitituluekinE
Felix Winter kazetari alemaniarra Estatu Batuetan zehar dabil liburu bat idazteko gaien bila, baina ez duenez hastea ere lortzen, editoreak bertan behera utzi dio kontratua. Alemaniara itzultzea erabakitzen duenean, emakume bat ezagutu, eta gaua harekin emango du. Emakumea desagertu egingo da, baina Felixi enkargu bat utzita: Alicia alabarekin Amsterdamera joan dadila, berarekin elkartzeko.
Zinemaren jaioterriko rue du Premier Film bisitatzera gonbidatutako lehen zinemagile garaikideetako bat izan zen Wenders. Film hau izan zen Thierry Frémaux Lumière Institutuaren zuzendariak ziklo honetarako aukeratutako lehenengo filmetako bat.

Ekainaren 23an

¡Lumière! Comienza la aventura. Thierry Frémaux, Francia, 2016 – 90min – JB eta gaztelaniazko azpitituluekin
1895ean, Lumière anaiek zinematografoa asmatu, eta zinemaren historiako lehen filmetako batzuk zuzendu zituzten. Thierry Frémauxek (Canneseko Zinemaldiko eta Lyongo Lumière Institutuko zuzendaria) zuzendutako dokumental honetan, 108 film zaharberrituren berri ematen da: bidaia benetako bat zinemaren jatorrira.
Ziklo honen funtsa eta zinematografoaren jatorria azaltzeko ezinbesteko filma da.

Ekainaren 30ean

Txorimaloa. Jerry Shatzberg, EE UU, 1973 – 112min – JB eta euskarazko azpitituluekin
Maxek, kartzelatik atera berria den preso heldu, liskargile eta liskarzale batek, Lionel eskale alderraia aurkitu du errepidean. Bera baino askoz gazteagoa da, bai eta pertsona laño eta xaloa ere. Maxek auto-garbiketako negozio bat ireki nahi du Pittsburghen, eta biok negozioan bazkide izateko proposamena egingo dio eskaleari.
Jerry Schatzberg argazkilari eta zinemagile handia Lumière Institutuaren lagun handia da, eta film honek Lumière Jaialdiaren 2012ko edizioa ireki zuen.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand