Irudiak mintzo. Arte garaikidearen hastapenak ikastaroa

Hasiera: Azteazkena, 2022(e)ko Urtarrilaren 26a

Amaiera: Azteazkena, 2022(e)ko Apirilaren 13a

Bederatzi saio, irakasle espezializatuek eta artearen historialariek gidatuak, eta Museoaren bildumara eta biltegietara bisita, haien arduradunekin.

Aurkezpena eta gonbidatu eta publikoarekiko solasaldiak, Ane Lekuoa Artearen Historialariaren eskutik.

Irakasleak: Garazi Ansa, Haizea Barcenilla, Xabier Gantzarain, Beatriz Herráez, Catalina Lozano, Ismael Manterola, Enrique Martínez Goikoetxea, Elena Roseras eta Idoia Zabaleta.
Koordinazioa: Ane Lekuona

2022ko urtarrilaren 26tik apirilaren 13ra. Asteazkenero, 18:00etatik 20:00etara
Prezioa:

  • Artium Museoaren Adiskideak: doan
  • Arte Ederretako eta Artearen Historiako fakultateetako ikasleak: doan
  • Homologatutako ikasketetako ikasleak: 25 €
  • Gainerakoak: 60 €

Izen-ematea irekita dago. Argibideak eta erreserbak: 945209020 telefonoan, museoaren ordutegian.

Ikastaroaren liburuxka jaitsi 

«Arte garaikidea ez da niretzat». Hitz horien oihartzuna aditzen dut nire inguruan, esaera bat balira bezala, klitxea, mantra. Eta zera proposatzen dut nik: artetik eta artearekin pentsatzea, eztabaidarako, eraldaketarako eta bilaketarako. Artetik eta artearekin pentsatzea elkarri laguntzeko, entzuteko eta ezagutzeko.

Irudiak mintzo ikastaroaren bidez, arte garaikidearen historiara, hizkuntzara eta haren inguruko eztabaidetara hurbilduko gara. Museoaren bilduma eta aldi baterako erakusketak ardatz harturik, hamar saio antolatu dira, espezialistek gidatuak; saioz saio, ibilbide historiko bat osatuz joango gara horrela, eta hirurogeita hamarreko hamarkadatik gaur egunera bitarte artearen eta irudien inguruan sortu diren proposamen eta ikuspegietako batzuk ezagutuko ditugu.

Ikastaroaren ardatz nagusiak hauek izango dira: artearen, gizarte-mugimenduen eta politika instituzionalaren arteko lotura; egiteko, adierazteko eta historiatzeko moduen kritika feminista; erakusketen eta idazketaren agentzia diskurtsiboa eta begirada dekolonialetatik egindako kritika. Ikastaroa topaleku gisa baliatuta, artearen eta irudien berrirakurketa egingo dugu, galdera eta ikuspegi berriak abiapuntu hartuta. Gure memoria berraztertuko dugu, bestelako ahots batzuk entzuteko eta geure burua haietan ezagutzeko.

Ane Lekuona

Ikastaroaren aurkezpena eta helburuak. Ane Lekuona / Beatriz Herráez

Urtarrilak 26

Lehen saioan, ikastaroaren helburuez jardungo dugu: arte garaikidea ulertzeko funtsezko planteamenduak aurkeztea, museoaren bildumatik eta aldi baterako erakusketetatik abiatuta. Pentsatuko dugu zer aukera eskaintzen dizkigun arte garaikideak historia naturalizatuak kolokan jartzeko, ikasitako begiradak identifikatzeko eta ikusezin bihurtutako errealitateen aldean kokatzeko.

Ane Lekuona Artearen Historiako Departamentuko irakaslea da, eta doktore-tesia amaitzen ari da. Lan horretan, 1950-1972 bitarteko Euskal Herriko artearen historia berraztertzen ari da, ikuspegi feministatik. Haren ikerketa-ildoak ikuspegi feministarekin, genero-ikerketarekin eta diskurtso narratiboen eta hegemonia politiko-kulturalaren arteko gurutzadurekin lotuta daude. Artikuluak idatzi ditu arte garaikideari buruzko aldizkari zientifiko eta argitalpenetan, eta askotariko erakusketa-proiektuetan parte hartu du, hala nola Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan proiektuan (Komisario Berriak, Museo Artium), Iñigo Gómez eta Itziar Gutierrezekin batera.

Beatriz Herráez Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro Museoaren zuzendaria da 2018az geroztik. Artearen historialaria da ikasketaz, eta hainbat talde-erakusketaren nahiz erakusketa monografikoren komisarioa izan da, esate baterako, Moyra Davey, Katina Bock, Gema Intxausti eta Itziar Okarizi eskainitakoena, Artium, MARCO, MUSAC, Azkuna Zentroa, CICC Tabakalera, Centro de Arte Dos de Mayo, Sculpture Center eta Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía guneetan. Aurrez, Montehermoso Kulturuneko komisarioburua izan zen, arte, pentsamendu eta kultura garaikidean sexuen arteko berdintasun-politikak ezartzen aitzindari izan zen proiektu baten aitzindari. Euskadiko Museoen Aholkularitzako kide eta Etxepare Institutuko Kide Ez-berezkoa da.

Geure burua beste historia batzuetan ezagutzea: euskal artearen historiako genealogia feministak. Garazi Ansa

Otsailak 16

Saio honetan, kritika feministak artearen historiari dagokionez hirurogeita hamarreko hamarkadatik izan duen helburuetako batean sakonduko dugu: genealogia ahantziak berreraikitzea, artearen bestelako historia batzuk imajinatzeko bitarteko gisa. Hain zuzen ere, arreta emango diegu hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdetik Euskal Herrian jarduera artistikoek mugimendu feministaren zabalkundearekin izan zuten loturari. Era berean, arlo politikoaren eta artistikoaren artean kokatzen diren proposamen hauei -kartelgintzari, esaterako- erreparatzeak lurraldearen memoria artistikoa zer parametrotan oinarritzen den birpentsatzera garamatza.

Garazi Ansa Euskal Herriko Unibertsitateko doktorea eta unibertsitate horretako Artearen Historia eta Musika Departamentuko irakaslea da. Haren ikergai nagusia da erakusketa-diskurtsoen azterketa eta berrazterketa historiografikoa, genero-ikuspegitik. Zenbait erakusketaren komisarioa izan da; azken lanen artean, aipatzekoak ditu honako hauek: Hemen dira hutsunean igeri egindakoak. Tururu (Azkuna Zentroa, Artium), Festa Pagana (Universidad Miguel Hernández, Elx) eta Baginen Bagara (San Telmo Museoa, Donostia), azken biak Haizea Barcenillarekin batera komisariatuak. Halaber, artearen kritika idazten du Berria egunkarian.

Formaren eta ideaiaren artean. Xabier Gantzarain

Otsailak 23

Lehenik eta behin, arte kontzeptualaren joerak aldarrikatzen dituen planteamendu teorikoak aztertuko ditugu. Horrela, ikasitakoa euskal testuinguruko zenbait artistaren lanarekin lotuko dugu, kontuan hartuta modu asko daudela forma eta ideia uztartzeko. Zer gertatzen da artelana formatik askatzen denean, esperientzia estetiko batetik espero denetik askatzen denean? Arteari buruzko idazketa erlazio hori pentsatzeko espazio bat da?

Xabier Gantzarain Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako lizentziaduna da, eta Arte Garaikideko master bat egin zuen Unibertsitate Autonomoan. Euskara-irakasle, tabernari, zutabegile, azal-egile, telebistarako gidoigile, irratiko kolaboratzaile eta hainbat hedabidetako arte-kritikari gisa lan egin du. Kalostra arte-eskolaren koordinatzailea izan zen, eta, gaur egun, Dinamoa sorkuntza-esparrua koordinatzeko ardura du. Bestalde, hainbat argitalpen plazaratu ditu, hala nola Lisboa min (2002), Van Gogh, bihotzean eguzkia (2002), Epelde. Mende baten soinua (2004) eta Zuloa (2018).

Sartzea. Idoia Zabaleta

Martxoak 2

Saioa gorputzean sartzeko moduak pentsatzeari eta praktikatzeari buruzkoa izango da. Hondartzan aurrera goaz eta urrutira fardel bat ikusi dugu ur ertzean. Hurbildu eta fardela beste fardel batzuez osatuta dago. Hondar bustiaren kolorekoak dira. Ondoan belaunikatu eta arnasa hartzen ari dela ohartzen gara. Arnasa hartzen diogu, puztu eta hustu egiten delako. Eskuak azaleraren azpitik sartuko ditugu, eta masa magalean hartuko dugu. Haren bolumena gure bularraren parean. Hankak egokituko ditugu pisua jasotzeko, eskuarekin buruari eutsiko diogu, arnasa sentituko dugu klabikulan. Elkar kulunkatuko dugu. Marea gora doa eta ur eta hondar fardela gorputzaren gainean barreiatzen da.

Idoia Zabaleta koreografo, biologo, kudeatzaile, irakasle eta dantza-zuzendaria da. Dantza Berria eta Inprobisazioa ikasi ditu, eta interprete eta sortzaile gisa aritu da Moare Danza bere taldearen buru. Ikasketaz herrien dinamikan eta ekosistemetan espezializatutako biologoa izateak eragin nabarmena du haren lanean, interes berezia baitu eszenan parte hartzen duten agenteen arteko tentsioekiko eta elkarreraginekiko. 2008az geroztik, AZALA sorkuntza-espazioa koordinatzen du Juan Gonzálezekin.

Dokumentazio prozesua, artean. Elena Roseras

Martxoak 9

Iturri dokumentalak aukeratzeko, prozesatzeko, babesteko eta hedatzeko prozesu dokumentala funtsezkoa da artelanak dagokien testuinguru sozial eta estetikoan kokatzeko, eta orobat da komisariotza-lanaren oinarrizko elementua. Saio honetan, gaur egungo arte garaikideko museoetako dokumentazio-zentroen egitekoetan, funtzionamenduan eta erronketan sakonduko dugu. Azterketa hori egiteko, Artium Museoaren dokumentazio-proiektua hartuko dugu oinarri.

Elena Roseras Geografia eta Historiako lizentziaduna da, baita Dokumentaziokoa ere, eta bi master egin ditu: Bibliotekonomia eta Informazioaren eta Ezagutzaren Gizartea. Hainbat erakundetan lan egina da, hala nola Sancho el Sabio fundazioan eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Liburu eta Liburutegi Zerbitzuan. Gaur egun, Artium Museoaren Liburutegi eta Dokumentazio Prozesuaren ardura du. Artikulu espezializatuak idatzi ditu, eta berrikuntzaren kudeaketarekin eta informazio- eta dokumentazio-zerbitzuekin loturiko argitalpenen koordinatzailea izan da.

Historiak eta bilduma. Enrique Martínez Goikoetxea

Martxoak 16

Artium Museoaren bildumak nortasun propioa eta izaera berezia ditu, eta gure testuinguruko beste museo batzuekiko osagarria da. 2002ko apirilaren 26an ireki zituen ateak museoak, eta, harrezkero, erakusketa-programa oparoa garatu du, baita kultur ekitaldien agenda betea ere, kultura garaikideari, hezkuntzari eta gaur egungo artearen zabalkundeari loturik. Saio honen gaia Artium museoaren historia, haren jatorria eta sarbide-politikak izango dira, eta euskal arte garaikideko bilduma osoenaren eta Espainiako gaur egungo arte-bilduma adierazgarrienetakoaren parte diren obra ikur batzuk nabarmenduko ditugu, bilduma horri esker bihurtu baita Artium ikusmira artistiko nazionalaren altxor nagusienetakoa.

Enrique Martínez Goikoetxea Artium Museoko Bildumaren Kontserbatzailea da, eta museo horretan osatu du bere ibilbide profesionala. Arte Ederretako lizentzia eta Arte Garaikideko Kontserbazioko masterra eskuratu zituen, eta Guggenheim Bilbao Museoaren Museistika Arloan lan egin zuen Artium Museoan hasi aurretik. Beste eginkizun batzuez gainera, Aldi Baterako Erakusketen komisarioa izan da 2005 eta 2009 bitartean, eta, gerora, Bildumaren arduraduna. Erakusketen kontzeptualizazioan eta komisariotzan nahiz zentroaren argitalpenetan parte hartu du.

 

Erakusketan ikusiko dugu elkar. Haizea Barcenilla

Martxoak 23

Saio honetan, erakusketek eta museoek artearekin dugun erlazio motan duten eraginari buruz jardungo dugu. Aro garaikidetik aurrera, erakusketa-aretoan gertatzen dira artearen eta publikoaren arteko elkartze gehienak. Espazio horiek naturalizatuta daude kulturari buruzko gure ikuskeran, eta, hala, neutrotzat ditugu; baina esanahiz beteriko tokiak dira, izan, eta narratiba oso zehatzak eraikitzen dituzte. Hala, ikusiko dugu nola eraiki diren erakusketa-metodoen bidez askotariko diskurtsoak, baita horiek zenbaterainoko indarra duten ere kontaketa normatiboak sortzeko nahiz iraultzeko.

Haizea Barcenilla Euskal Herriko Unibertsitateko doktorea da, eta unibertsitate horretako Artearen Historiako eta Musikako Departamentuko irakaslea. Museologia, komisariotza, arte garaikidea eta genero-ikuspegia ditu ikerketa-ildo nagusiak. Erakusketen komisarioa ere bada; azkenaldiko lanen artean hauek ditu bereziki nabarmentzekoak: Festa Pagana (Universidad Miguel Hernández, Elx) eta Baginen Bagara (San Telmo Museoa, Donostia), Garazi Ansarekin batera komisariatuak. Artikulu zientifikoak ez ezik, arteari eta kulturari buruz idazten du Berria egunkarian, eta Euskadi Irratiko Amarauna saioaren kolaboratzailea da.

Hirurogeita hamarreko hamarkada: artea, gatzakaren erdigunean. Ismael Manterola

Martxoak 30

Saio honetan, aztergai izango dugu frankismo berantiarreko eta demokraziaren hastapeneko Euskal Herriko testuinguru soziokultural eta politikoa, baita arteak eta hainbat artistak garai hartan bete zuten eginkizuna ere. Saiatuko gara ulertzen nola bihurtu zen berrogeita hamarreko hamarkadan sorturiko hizkuntza plastiko bat aro politiko berriko euskal imajinario kolektiboaren parte. Era berean, aztertuko dugu zer lotura duen fenomeno horrek euskal artearen historia idazteko moduarekin.

Ismael Manterola Euskal Herriko Unibertsitateko doktorea eta unibertsitate horretako Artearen Historia eta Musika Departamentuko irakaslea da. Artikuluak eta liburuak argitaratu ditu Euskal Herriko XX. mendearen hasierako arteari buruz, hala nola Hermes y los pintores vascos de su tiempo (2006), Maite ditut maite. Transmisioa XX. mendeko Euskal Herriko artean (2017) eta “Franquismo y censura en las artes plásticas: un arte sin censura en el horizonte” (2020). Zenbait erakusketaren komisario ere izan da, Trama e Hilos sueltos: diálogo entre dos colecciones de arte vasco (Arabako Arte Ederren Museoa) erakusketarena esaterako, eta arteari eta kulturari buruz idazten du Berria egunkarian.

Tentsio kolonialak eta azaleratzen ari diren subjektibitateak. Catalina Lozano

Apirilak 6

Saio honetan, Latinoamerikako boterearen izaera kolonialaren eta lurralde hartan hainbat artista-belaunaldik herentzia kolonialari aurre egiteko hartutako bideen oinarriak aztertuko ditugu, baina baita kontinentearen historia kontatzean sortzen diren tentsioak ere. Ondoren, arreta jarriko diogu Mariana Castillo Deballen lanari, haren lan-metodologiei eta berak “objektu deseroso” deritzenarekin lan egiteko ikerketa-interesei.

Catalina Lozano komisario eta ikertzaile independentea da. Haren ikerketa-ildo nagusiak kontaketa txikiak eta kontaketa historiko gailenen berrazterketa dira. Narratiba kolonialak eta naturaren eta kulturaren arteko bereizketa modernoaren dekonstrukzioa izan dira haren komisariotza- eta argitalpen-proiektu askoren abiapuntu, honako hauena, esaterako: A Natural History of Ruins (Pivô, São Paulo), El sauce ve la imagen de la garza de cabeza (TEA, Tenerife), Ganar perdiendo (CentroCentro, Madril) eta Mariana Castillo Deball artistaren Amarantus (MUAC, Mexiko Hiria; Artium, Vitoria-Gasteiz). Berlingo 8. Biurtekoko talde artistikoaren parte izan zen (2014). Orobat izan da Gasworks (Londres) egonaldi-programaren arduraduna, eta arte garaikideko katalogoetarako eta aldizkarietarako idazten du.

Artium Museoa Bildumaren bisita

Apirilak 13

Ikastaroa amaitzeko, bisita egingo diogu Museoko bildumari. Ibilbide horretan, askotariko loturak egin ahal izango ditugu museoaren funtsetako artelanen eta astez aste landutako ideia, ikuspegi eta gogoetekin. Bisitariarentzat oro har ikusgai egoten ez den espazio honetan kokatzeak arte garaikideko museoak gaur egungo gizartean betetzen duen tokia birpentsatzera eramango gaitu.

Artium Museoa Bilduma ondare-funts publiko aparta da, ia 2.400 artelanez osatua. Funts horien corpusak hogeigarren mendeko lanak eta egileak biltzen ditu, berrogeita hamarreko hamarkadatik gaur egunera arte egindako ekoizpenak batez ere. Bilduma
honen berezitasunak definitzen du museoaren eginkizuna, funtsezko ekipamendua baita azken hamarkadetan Euskal Herrian garatutako praktika artistikoetara hurbiltzeko. Erakundearen eginkizun programatikoa da ikusgarritasun egokia ematea eta haren ondare-balioa gizarteratzea.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand