Filmategiaren zikloak: Euskal emakume zinemagileak I

Artium Museoa Euskadiko Filmategiaren egoitza egonkorra izango da udazkenetik aurrera. Lankidetza hori Euskal emakume zinemagileak I zikloarekin hasiko da, euskal emakume zinemagileen bederatzi film proiektatuz. Zikloan Arantxa Lazkano, Mirentxu Purroy, Julia Juániz, Bertha Gaztelumendi, Helena Taberna, Aizpea Goenaga, Mireia Gabilondo, Ana Díez eta Maite Ruiz de Austriren lanak aurkeztuko dira.

Euskal emakume zinemagileen zikloa hiru urtez luzatuko da gutxienez, film luze bat behintzat filmatu duten euskal emakume zinemagileen talentua erakusteko. Zikloaren kartela Isabel Herguera zinemagileak egin du.

Azaroaren amaieran saio berezi bat egingo da Elías Querejeta Zine Eskolarekin elkarlanean, zikloarekiko koherentzia osoz: Carole Roussopoulos eta Ioana Wieder «intsumusa» eta feministen pelikula bana, Frankismoari aurre egin zioten euskal emakumeen protagonismoa ardatz hartuta (Les mères espagnoles, 1975 eta La marche des femmes à Hendaye, 1975).


Proiekzioak ostegunero, urriaren 14tik abenduaren 16ra bitartean, 19:00etan.
Urriaren 14tik abenduaren 16ra
Prezioa: sarrera orokorra, 3,5 €. Artium Museoaren Adiskideak, 2 €. 25 urtez azpikoak: sarrera doan (museoaren txartel-leihatilan)
Sarrerak non erosi: museoaren txartel-leihatilan eta online.

Euskal emakume zinemagileak I. Programa

Urriaren 14an
Urte ilunak (Arantxa Lazkano, 1992). Espainia. JBAES. 92’.
Itziarrek 8 urte ditu eta bi mundu desberdinetan bizi da. Alde batetik,, haren gurasoek (Gerra Zibilaren ondoren etsita bizi diren abertzale euskaldunak) eta ikasten ari den eskolako mojek irudikatzen duten errepresioaren eta tristuraren munduan. Beste mundua kalekoa da, eta Itziar han eroso eta pozik sentitzen da. Baina gaixotasun batek eraginda, Itziar barnetegi batera bidaliko dute, bere lagunengandik eta leku gustukoenengandik urruti. Itzuleran, urte batzuen ondoren, Itziarrek berriro topo egingo du bere herriarekin eta lagunekin. Baina dagoeneko ezer ez da izango lehen zen bezalakoa.

Urriaren 21ean
Varados (Helena Taberna, 2019). Espainia. JBAES.72’.
Aurkezpena: Helena Taberna (pelikularen zuzendaria).
Mediterraneoan, gure zibilizazioaren sorgunea izan zen itsaso berean, mila errefuxiatu daude Europak noiz hartu zain. Kontinente zaharraren ateetan, itxaropenaren garra bizirik mantentzeko borrokan dabiltza egunero, nahiz eta oso egoera estuan bizirauten duten.  ‘Varados’ epe luzean zain dauden errefuxiatuen eguneroko bizitzara hurbiltze ariketa bat da. Atenaseko eraikin okupatuetan edota herrialdean zehar barreiatuak dauden errefuxiatu zelaietan bizi diren gizonezko eta emakumezko horiek euren bizitzekin aurrera egiten utziko dien dokumentazioaren zain daude.

Urriaren 28an
Mariposas en el hierro (Bertha Gaztelumendi, 2012). Espainia. JBAES.61’.
Dokumentalak Euskal Herrian bakearen aldeko apustua egiten duten emakumeen ahotsak biltzen ditu, beste leku batzuetan bidea egin duten emakumeekin batera. Guztiak desberdinak dira. Oro har, ekarpen indartsua osatzen dute indarkeriarik gabeko Euskal Herria iradokitzen duen ibilbide hori egiten hasteko. Narrazioaren muina bakea eta justizia bilatzeko esperientziek osatzen dute. Indarkeria horren minari eta ondorioei aurre egiten diete, eta, aldi berean, indarkeria eragiten duten kausen aurka borrokatzen dute.

Azaroaren 4an
BERTAN BEHERA GERATU DA
Lucius Dumben berebiziko bidaia, giza eskubideak dira zure tresnarik onena (Maite Ruiz de Austri, 2013). Espainia. JBEU. 93’.
Zientzialari talde jakintsu, ero eta serio batek tresna bat aurkitu behar du, Lurra planeta baketsu eta zoriontsua bihurtzeko, eta beraietako bat bila joango dela erabakiko dute. Aukeratua Lucius Dumb da, zientzialari gaztetxoa, lotsatia eta onbera. Bidean Luciusek Irakaslea eta Komandantea estralurtar sinpatikoak ezagutuko ditu. Espazio-ontzia matxuratu zaie eta, bateriak kargatu ahal izateko, energía positiboaren iturri indartsu bat topatu beharko dute. Luciusek eta lagun berriek berebiziko bidaiari ekingo diote.

Azaroaren 11n
Kamarada (Julia Juániz, 2019). Espainia. JBAES. 71’.
Celestino Uriarte askatasunaren aldeko borrokan bere bizitza eman zuen iraultzailea izan zen. Haren biografiak, hainbat testigantzen bidez, errepublika sozialaren eta nazioen autodeterminazioaren alde borrokatu zuten eta kapitalismoaren eta faxismoaren aurka fronte ezberdinetan egon ziren pertsonen ametsetan barneratzen gaitu.

Azaroaren 18an
Denboraren gibelean (Mirentxu Purroy, 1993). Espainia. JBAES. 62’.
Ikerri eskola-garaiko irudiak eta oroitzapenak pilatu egiten zaizkio eta bere haurtzaroko hainbat lagun erreskatatzen ditu pentsaera askeko andereño ausarta den Klararen oroitzapenekin. Gerran garaitutakoen seme-alabak ziren haur talde baten bizitzaren zati bat alaitasunez, musikaz eta askatasunez bete zuen andereñoak Frankoren diktadurak hogei urte bete zituen garaiko Iruñean.

Azaroaren 25ean
Emanaldi berezia. Les meres espagnoles & La marche des femmes à Hendaye (Carole Roussopoulos y Ioana Wieder, 1975). Frantzia. JBAES. 89’.
Antolatzaileak: Euskadiko Filmategia eta Elías Querejeta Zine Eskola
Les meres espagnoles
Espainia, 1975eko irailaren 27a. Erregimen frankistak heriotza-zigorra aplikatu eta betearazi du bi ETAkideren eta FRAPeko hiru kideren aurka. Carole Roussopoulosek eta Ioana Wiederrek ahaideen hitzak jaso dituzte, horien artean, Sanchez Bravoren arrebarenak, eta Otaegiren eta Txikiren amenak. Etsipenik gabe, baina mundu justuago baten alde ausarki borrokatzen zutelaren ziurtasunarekin azaltzen dira. Hiru elkarrizketak beste elkarrizketa batzuekin, Europako manifestazioen irudiekin eta Espainiako erregimenaren aurkako mobilizazioen garrantzia azpimarratzen zuten egunkari-zatiekin tartekatzen dira.

La marche des femmes à Hendaye
1975eko urriaren 5ean, Frantzia osoko mila emakume inguru bildu zen Hendaian, erregimen frankistak bi ETAkide eta FRAPeko hiru kide hiltzearen aurka manifestatzeko (Les mères espagnoles filmean ikus daitekeen bezala). Erbesteratutako espainiar batzuek Frantzian dituzten bizi-baldintzei buruz hitz egiten dute, eta, bereziki, gizonen eta emakumeen arteko harremanari buruz. Euskal emakumeen kantuen edertasunarekin egiten du aurrera mugaranzko martxak.

Abenduaren 2an
Zeru horiek (Aizpea Goenaga, 2005). Espainia. JBAES. 87’.
Aurkezpena: Aizpea Goenaga (pelikularen zuzendaria). Kolaborazioa: RTVE.
Ireneren, ETAko presoaren istorioa kontatzen du filmak, Bartzelonako kartzelatik atera eta Donostiarako autobusa hartzen duena. Ibilbidean Irenek bere bizitza gogoratuko du eta bere etorkizuna antolatzen hasiko da, besteen presioen aurrean bere bidea aukeratzeko duen eskubidea baliatuz.

Abenduaren 9an
Erlauntza (Mireia Gabilondo, 2020). Espainia. JBAES. 92’.
Haurtzaroko lagun talde bat landetxe batera joango da haietako baten ezkon-aurreko agurra ospatzera. Baina urteak ez dira alferrik pasatzen, eta elkarren artean lotura handia badute ere, ezer ez da garai batean bezala; edo bai. Hasiera batean asteburu zoroa izango zena, are zoroago bihurtuko da: trapu zikinak, inoiz esan ez ziren gauzak, aitorpenak, alkohola, droga eta erlauntz bat.

Abenduaren 16an
Todo está oscuro (Ana Díez, 1997). Espainia-Kolonbia-Portugal-Kuba. JBAES. 97’.
Aurkezpena: Ana Díez (pelikularen zuzendaria).
Martak ezusteko bidaia egin beharko du Kolonbiara, bere anaia Juanen hilotzaz arduratzeko. Juan, herrialde hartan erail duten kazetari espainiarra da. Martak, erantzunak bilatu nahian, bidaia bat abiatuko du Kolonbiako errealitate bortitzaren alde ilunenera. Bidelagun izango ditu Oscar eta Jenny, gazte sikario bat eta haren arreba. Bere presentziak eragiten dituen gertakariek Marta beldurrezko eta heriotzazko nahaste-borraste batean murgilduko dute, berak paper susmagaitza beteko duelarik. Izan ere, dena ilun dagoenean eta bizitzak hain balio gutxi duenean, ez da erraza biktimaren eta borreroaren artean bereiztea, zer dagoen ondo eta zer gaizki ezartzea, edota egia non aurkitzen den jakitea.

Antolatzailea: Euskadiko Filmategia

Ondokoen laguntzarekin: Artium Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa eta Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand