Hasieratik. Zinema feministaren historiak II

Hasieratik. Zinema feministaren historiak II Irudia: 'Orlando'. Sally Potter

Zinema ziklo honen bigarren edizioaren helburua emakume zinemagileak eta haien filmak ezagutaraztea da.

Errealitate horiek zinema kanonikoaren historiatik kanpo geratu dira, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu hori aldarrikatzea. Lehen edizioan ibilbide kronologiko bat proposatu bagenuen, oraingoan ibilbidea beste era batekoa da: filmen arteko harreman bat eraiki dugu zinemaren beraren bidez.

Chantal Akerman, Josefina Molina, Margarita Ledo, Xiana do Teixeiro, Barbara Hammer, Nina Menkes eta Sally Potter zuzendarien filmak ikusteko aukera izango dugu. Hilean behin, egile horietako bakoitzaren zinemagintzan murgilduko gara.

Ibilbide posible bat, pixkanaka-pixkanaka zinemari buruzko gure historia berridazten jarraitzeko.

Saio guztiak Emanaldi aretoan
Aurkezpena, 18:00etan. Proiekzioa, 18:30ean
Tarifa: 2 € / Ziklo osorako (zazpi saio) bonua: 10 €
Museoaren Adiskideen tarifa: € 1 / Bonua: 5 €
Toki mugatua. Erreserbak: 945 20 90 20

Larunbata, urriak 2

Audience, Barbara Hammer, AEB, 1983, 32 min, JB, ingelesez, azpitituluak gaztelaniaz
Tódas las mulleres que coñezo, Xiana do Texeiro, Espainia, 2018, 71 min, JB, galegoz, azpitituluak gaztelaniaz
Aurkezpena: Irati Crespo, zinema-komisarioa

Bi pelikula hauek ikuslea bera jartzen dute erdigunean.

Batetik, Barbara Hammerren filmak ikustera doazen zale batzuk ikusiko ditugu: Toronto, Londres, San Francisco edo Montrealeko aretoetara zinema ikustera doazen ikusle batzuk, hain zuzen ere.

Bestetik, Xiana do Teixeiroren proposamen berezi bat. Lehenengo, neska talde bat ikusiko dugu eguneroko bizitzan jasaten duten indarkeriari buruz lagunartean hitz egiten. Emakumeok beren esperientzia pertsonalei buruz hitz egingo dute, modu natural eta intimo batean, espazio publikoan jasaten dugun indarkeria hori agerian utziz. Solasaldi horietan, gure artean askotan isiltzen ditugun egoerak eta gertaerak azaleratuko dira. Gero, beste emakume talde batek lehenengo solasaldi hori ikusiko du. Horra ikuslearen garrantzia. Eta bigarren talde horretako emakumeek lehen taldekoek hizpide izandako gaiei buruz hitz egingo dute, beren iritzia emanez eta beren esperientzia aurreko emakumeenari gehituz.
Hirugarren zatian, Bigarren Hezkuntzako ikasle batzuk izango dira ikusleak. Aurreko bi solasaldiak ikusi ahala, beren iritzi eta esperientziekin aberastuko dute amaigabeko solasaldia.


Larunbata, azaroak 6

Queen of Diamonds, Nina Menkes, AEB, 1991, 77 min, JB, ingelesez, azpitituluak gaztelaniaz
Aurkezpena: Ainara Elgoibar, artista

Filmaren protagonista Firdaus da, zuzendariaren ahizpa, Tinka Menkesek antzeztua (Tinka, gainera, filmaren muntatzaileetako bat ere bada). Firdaus Las Vegasko kasino bateko blackjack jokoko croupierra da. Emakume bakartia da, ez dugu informazio askorik hari buruz, eta Las Vegasko paisaiak zeharkatzen ikusiko dugu, oinez beti: bizi den moteletik lan egiten duen kasinora, lan egiten duen kasinotik agure bat zaintzen duen apartamentura, agurearen apartamentutik bizi den motelera, eta atzera berriz.

Diru-irabazia bizitzaren gainetik jartzen duen sistema batean harrapatuta dago Firdaus, bizitza erabat baztertzen duen sistema batean. Eta, ezarritako sistema horrekin bat egiten saiatu beharrean, erresistentzia-keinurik handiena axolagabekeria balitz? Zergatik saiatu borrokatzen, zergatik saiatu irabazten, gustatzen ez zaigun, nazka ematen digun sistema batean?

Era horretako galderak planteatzen ditu Queen of Diamonds honek, kontatzeko modu berri baten bidez. 1991n Sundancen estreinatu zenean atentzioa eman bazuen ere, egungo programazioaren lehen lerrora itzuli da filma, 2018an The Academy Film Archive eta The Film Foundation erakundeek egindako berriztapenari esker. Zinemaren historiako ezinbesteko pieza bat da, eta hortxe bere ekarpena, funtsezko beste zuzendari batzuen (Chantal Akerman, Agnès Varda eta Barbara Loden, besteak beste) lanaren ondoan.

Larunbata, abenduak 11

Orlando, Sally Potter, Erresuma Batua, 1992, 94 min, JB, ingelesez, azpitituluak gaztelaniaz
Aurkezpena: María Zafra (Bartzelonako Mostra Internacional de Films de Dones)

Virginia Wolfek idatzitako izen bereko eleberriaren zinemarako egokitzapena. Orlando pertsonaia androgino eta hilezkorra da, eta denboraren mendez mendeko joana bizi duen naturaltasun berarekin bizi du generoaren jariakortasuna ere. Tilda Swintonek interpretatzen du protagonistaren papera, bere garaian eleberria bezala publiko zabalarentzako klasiko feminista bilakatu den film honetan.

 

Aurreko saioak

Apirilaren 10ean, larunbata

News From Home, Chantal Akerman. Belgika, 1977, 88 min, JB FR, itzulpena ES
Aurkezlea: Ainhoa Gutiérrez del Pozo, zinemagilea
16mm-tan Chantal Akermanek filmatutako New Yorkeko espazio ezberdinak: kaleak goizez eta gauez, jendez josita eta hutsik, kotxeak, metroa eta zubiak, plano fijoak eta travellingak. Hiriko argiak eta soinuak. Eta ahots bat, Chantal Akerman beraren ahotsa bere amak New Yorken bizi zenean bidali zizkion eskutitzak irakurriz. Horrela, zuzendariak ama-alabaren harremanaren erretratu bat egiten du etxetik joateak sortzen duen distantzia gerturatuz, nabarmenduz. Chantal Akermanen film ezagunenetako bat da. Bere azken pelikularekin dialogo bat sortzen duena: No Home Movie (2015).

Maiatzaren 8an, larunbata

Función de noche, Josefina Molina. Espainia, 1981, 90 min, JB ES
Aurkezlea: Maialen Beloki, Donostiako Zinemaldiaren zuzendariordea.
Lola Herrerak hamar urtez egin zuen gauero Josefina Molinak zuzendutako Miguel Delibesen Cinco horas con Mario obra. Carmen Sotillo pertsonaia interpretatzen zuen. Bere bizitza, bere burua, Carmen Sotillorenarekin nahastu arte. Función de nocheren muina antzerkiko kamerinoan gertatuko da. Bertan Lola Herrera eta bere senar ohia, Daniel Dicenta, elkartuko dira eta beraien bizitza errepasatuko dute. Zortzi kamarek filmatutako gidoirik gabeko emozioz betetako elkarrizketa bat da. Bertan ez da Lola Herrera eta Daniel Dicentaren bizitza bakarrik errepasatuko, emakume belaunaldi oso bat geratuko da agerian. Lola Herreraren malkoak ez dira bereak bakarrik, belaunaldi oso batenak baizik.

Ekainaren 5ean, larunbata

Nación, Margarita Ledo. Espainia, 2020, 90 min, JB galegoa, azpitituluak ES  
Aurkezlea: Aitziber Olaskoaga, zinemagilea
Asko hitz egin da langileen borrokari buruz, baina zineman gutxitan agertu da borroka horrek emakumeentzat duen brezitasuna: lanean hasteak ekarri zuen mundura irekitzea, industria-sektorearentzat ere nahasia izan zen garai baten erdian. A Pontesako zeramika fabrikako emakume kementsu eta karismatikoen bidez (Cadizko eta Sevillako zigarrogileen ahizpak), Margarita Ledok amaitu gabeko borroka baten kontakizun hunkigarri, borrokalari eta poetikoa eraikitzen du. «Film honetan kontatzen da zenbat denbora behar izan dugun emakumeok eskubideak izateko, ez botoa emateko bakarrik, baita soldatapeko lana lortzeko eta independente izateko ere. Laburbilduz, zenbat kostatu zitzaigun Nazioa izatea».

Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren eta Artium Museoaren arteko lankidetza.

Artium tABAKALERA mc

 

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand