Ikastaroa. Begirada feminista 2021

Hasiera: Larunbata, 2021(e)ko Apirilaren 17a

Amaiera: Igandea, 2021(e)ko Apirilaren 18a

Ikuspegi feministak ekoizpen artistikoetan eta artearen teorietan.

Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak Begirada feminista. Ikuspegi feministak ekoizpen artistikoetan eta artearen teorietan ikastaroaren hamahirugarren edizioa antolatu du. Xabier Arakistain arte komisarioak eta Lourdes Mendez UPV/EHUko arte antropologian katedradunak zuzentzen dute ikastaroa, eta hainbat herrialde, diziplina eta belaunalditako hizlariak biltzen ditu urtero, ikuspegi feministetatik, artearen alorrean aztertzen edo esku hartzen dutenak.

Ikuspegi horiek, emakumeen diskriminazioa, zapalkuntza eta esplotazioa salatzeko eta borrokatzeko, sexuaren kategoriak gizartea, begirada, hizkuntza, artea, eremua eta erakundeak egituratzen dituela adierazten dute, dimentsio estetiko eta politikoak uztartuz. Era berean, ikuspegi feministek bizi diren gizarteetan indarrean dauden sexu, etnia eta klaseko gizarte-harremanen sarean aztertzen dituzte artistak, eta, hori egitean, artistek eta haien artelanek artean lortutako ospe desorekatuaren arrazoiak argitzen dituzte.

Ikastaro honek publiko zabal bati artearen arloko artista eta teorialari feministen ekarpen nagusien panoramika bat proposatzen dio, gaur egun aurre egin behar zaien arazo teoriko eta politikoak azpimarratuz, joera androzentriko eta etnozentrikorik gabeko artea eta ezagutza lantzen eta zabaltzen jarraitzeko.

Apirilaren 17an, larunbata, eta 18an, igandea

Izen-emateak: mezu batean izen-abizenak eta telefonoa izen-emateak@artium.eus helbide elektronikora bidaliz.
Sarrera doan.
Toki mugatua; behin betez gero, eskaerak itxaron-zerrenda batean sartuko dira.

Nahi duenak modu birtualean parte hartu ahal izango du, streaming bidez. Izena
emateko unean emango da dagokion esteka.

Ikastaroaren liburuxka 

 

Programa

Apirilaren 17an, larunbata

10:30ean. Materiala banatzea - Ikastaroaren (Xabier Arakistain, Lourdes Méndez) eta Euskal Emakume Artisten Dokumentazio Zentroaren (Beatriz Herráez) aurkezpena.

11:00etan. Irekiera hitzaldia: Anna Caballé. Idazlea; Bartzelonako Unibertsitateko Espainiar Literaturako irakasle titularra; Klasikoak eta Modernoak elkartearen presidentea.

12:30ean. Atsedenaldia.

13:00etan. Hitzaldia: Gema Intxausti. Artista; Artiumeko Jendartean, atxiloketari begira erakusketaren egilea.

14:30ean. Atsedenaldia.

16:30ean. Hitzaldia: Garazi Ansa eta haizea Barcenilla. Artearen historialariak. EHU.

18:00etan. Atsedenaldia.

18:30ean. Hitzaldia: Erreakzioa. Estíbaliz Sádaba eta Azucena Vieites artistek osatutako kolektiboa.

20:00etan. Eguneko jardunaren amaiera.

 

Azaroaren 18an, igandea

10:00etan. Hitzaldia: Carmen Gaitán Salinas. Artearen historialaria. Mdrilgo Universidad Complutense.

11:30ean. Atsedenaldia.

12:00etan. Hitzaldia: Lara Perry. Historialaria; School of Humanities, University of Brighton

13:30ean. Atsedenaldia.

15:30ean. Itxiera hitzaldia: Mari Chordà. Artista eta poeta.

17:00etan. Ikastaroaren amaiera.

Lourdes Méndez

Lourdes Méndez Artearen Antropologiako katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Antropologia ikasi zuen Paris VIII unibertsitatean. Doktoregoa egin ostean, irakasle hasi zen Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean. Bertan, Hirugarren Zikloko eta Ikerketako dekanorde izan zen 1987 eta 1989 artean, eta Nazioarteko Harremanetako dekanorde 2004 eta 2009 artean.
Bere ikerketa-ildoek honako gai hauek jorratzen dituzte: arte bisualen analisia feminismo materialistaren ikuspegitik; kultura-politiken diseinutik eta ezarpenetik eratorritako arazoak tokian-tokian eta Europar Batasunean, eta genero-ikuspegi izenekoaren onarpenean oinarrituriko erakunde-politiken ikerketa feministen ondorioak. Lourdes Méndezek hainbat liburu eta artikulu idatzi ditu. Honako hauek dira berrienak: Galicia en Europa. El lugar de las artes plásticas en la política cultural de la Xunta (2002), «Una connivencia implícita: perspectiva de género, empoderamiento y feminismo institucional » (2005), Antropología feminista (2007), Antropología del campo artístico: Del arte primitivo [...] al contemporáneo (2009), «Ellos, “artistas” a secas; Ellas, “mujeres artistas”; que no es lo mismo» (2012), «Feminismos en movimiento en el Estado español. ¿Re-ampliando el espacio de lo politico?» (2014), From The Trap of Difference to That of Excellence: The Women Artists, Their Works and The Artistic Field (2014), «Exclusionary Genealogies» (2016), «Mujeres, LGTBI, Queers y + : sujetos políticos emergentes y ontología naturalista» (2017), «Una posición de dentro, pero fuera: las artistas y sus obras en el campo del arte» (2018) eta Siete claves para una introducción a la antropología (2019).

Xabier Arakistain

Xabier Arakistain (Madril, 1966) arte-komisarioa da. Trans Sexual Express izeneko lehen erakusketarekin hasita, sexu-kategoria sartu zuen komisariotza-irizpide gisa. Arte Feministako artista garrantzitsuei, hala nola Margaret Harrison-i, Judy Chicago-ri edo Guerrilla Girls-i, eskainitako atzera begirako erakusketen komisarioa izan da, eta baita taldeko hainbat erakusketarena ere, ondokoena esate baterako: La Mirada Iracunda, Kick in the Eye, ocho estrategias feministas para interrumpir la mirada masculina o Kiss Kiss Bang Bang, 86 pasos en 45 años de Arte y Feminismo. 2008an, ezagutza feministaren transmisioan zeuden oztopoekin kezkatuta, eta Lourdes Méndez antropologoarekin batera, Ikuspegi feministak ekoizpen artistikoetan eta artearen teorietan diziplinarteko, nazioarteko eta belaunaldien arteko urteroko ikastaroa abiarazi zuen. 2007 eta 2011 artean, Montehermoso Kulturunearen zuzendaria izan zen, gaur egungo arte, pentsamendu eta kulturaren arloetan sexuen arteko berdintasun-politikak garatzen eta aplikatzen aitzindari izan zen proiektu batekin.

Anna Caballé

Anna Caballé Masforroll idazlea da, Espainiako Literaturako irakaslea Bartzelonako Unibertsitatean, eta Ikerketa Biografikoen eta Literatur Kritikaren Unitatearen arduraduna. Unibertsitate askotako irakasle bisitaria izan da. Chicagoko Unibertsitateko Tinker Katedra bete zuen 2016an. Ondoko liburuak argitaratu ditu: La vida y la obra de Paulino Masip (1987); Narcisos de tinta. Ensayo sobre la literatura autobiográfica en lengua castellana (1939-1975) (1995); Mi vida es mía, Joana Bonet-ekin elkarlanean (2000), Francisco Umbral. El frío de una vida (2004), Cinco conversaciones con Carlos Castilla del Pino (2005); Una breve historia de la misoginia (2006, 2019); Carmen Laforet. Una mujer en fuga (2010, 2019, Premio Gaziel de Biografías y Memorias), El feminismo en España. La lenta conquista de un derecho (2013); Pasé la mañana escribiendo. Poéticas del diarismo español (2014, Premio Manuel Alvar de Humanidades). Honako hauek dira bere azken liburuak: Concepción Arenal. La caminante y su sombra (2018), 2019ko Historiako sari nazionala eta Víctor Català. El poder de lo real (2019). Tom Sharpe fundazioaren presidenteordea da, kulturan genero berdintasuna defendatzen duen Clásicas y Modernas elkartearen presidentea, eta Biography Society-ren ohorezko presidentea.

Gema Intxausti

Gema Intxausti artista da, Leioako Arte Ederren Fakultatean lizentziaduna, eskulturaren espezialitatean, non geroago IAD (Ikasketa Aurreratuen Diploma) lortu baitzuen. Zinema ikasi zuen Ingalaterran U.C.C.A.n (University College for the Creative Arts), Farnhamen, eta gidoia Alain Garcíarekin Euskal Herriko Zinema Eskolan, Bilbon. Bere bakarkako erakusketen artean honako hauek daude: Jendetzaren erdian, atxiloketa begira (2020), Beatriz Herráez eta Xabier Arakistain komisario zirela, Artiumen, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoan, Parallel Boulevard (2019) Bilboko La Taller galerian, Macabea, la rutina diaria de la oficina (2016) CarrerasMúgica galerian, Bilbon eta Wilder is the new black (2014) Bilboko la Taller galerian. Parte hartu duen taldeko erakusketen artean honako hauek daude: Cibernética del pobre. Tutoriales, partituras y ejercicios (2020), Diedrich Diederichsen eta Oier Etxeberria komisario zirela, Donostiako Tabakaleran, Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian (2020), Artiumen, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoan, 68aren ostean (2018-2019), Bilboko Arte Ederren Museoan eta Bake-Ituna (2016) Donostiako San Telmo Museoan. Duela gutxi, Leioako Eskultura Saileko Arte Ederren Fakultateko irakaslea izan da, eta 2014-2018 aldian DigiPen, Institute of Technology Europe – Bilbao erakundekoa. Her Majesty Sylvia M. eta Notas sobre el ritual de la serpiente de Aby Warburg argitaratu ditu, Oier Etxeberria komisario duen Políticas del Humo programaren barruan, Tabakaleran. 2001etik 2017ra bitartean Eusko Jaurlaritzaren arte plastikoetako hainbat beka jaso zituen, eta 2018an Gure Artea saria. Haren lana, besteak beste, Vitoria-Gasteizko Artium Museoaren, Vital Kutxa Fundazioaren, eta Bilboko Arte Ederren Museoaren parte da.

Garazi Ansa

Garazi Ansa (Oiartzun, 1989), Artearen historian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean eta, aurretik, Ramon Llull unibertsitatean Arte komisariotza Baliabide Berrietan master ofiziala egina du. Egun, Euskal Herriko Unibertsitateko Artearen Historia eta Musika Saileko irakaslea da eta bere ikerketa arlo nagusia komisariotza eta erakusketen arloan zentratzen da, sistema hauek diskurtsoak gauzatzeko erabiltzen dituzten baliabideak —tartean artxiboak— eta haien nolakotasunak aztertuz genero ikuspuntu batetik. Erakusketa-sistemek artearen historia idazteko duten gaitasunari lotuta, bestetik, artearen historiografiaren errebisio kritikoa ere lantzen du, eta une honetan Bilboko Arte Ederren museoaren beka baten laguntzaz Euskal Herriko 80. hamarkadako testuingurua ikertzen ari da. Hainbat erakusketaren komisariotza ere burutu du; azkenekoak Hemen dira hutsunean igeri egindakoak Tururu (2019an Azkuna Zentroan, eta 2020an Artiumen) eta Festa Pagana (2020, Elchen) izan dira —azken hau Haizea Barcenillarekin batera—. 2012. urtetik aurrera arte kritika idazten du Berria egunkarian.

Haizea Barcenilla

Haizea Barcenillak Komisariotza Master bat du Londresko Goldsmiths Collegen egina, eta Artearen Historian doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Artearen eta Musikaren Historia Saileko irakasle laguntzailea da. Ikerketa-egonaldiak egin ditu Konstfack Unibertsitatean, Stockholmen eta Keio Unibertsitatean, Tokion. Bere ikerketa-ildoaren alderdi nagusia artea ikusarazteko politikak dira, genero-ikuspegiei arreta berezia eskainiz. Erakusketa formatua da, adiera zabalenean, Haizearen lan-eremu nagusia, artelanen komunikazio-modu horren bidez eraikitzen diren diskurtsoak zeintzuk diren eta horien bidez kontakizun historikoak nola eraikitzen diren galderari erantzuten saiatuz. Ikerketa-ildo horren barruan, arreta berezia eskaini die abangoardia artistikoetako emakumeei eta komisariotzaren esparruan plantea daitezkeen aukera berriei, publikoaren eta komunaren ideietan oinarrituz, eta ekonomia feministarekin gurutzatuz. Komisariotzaren arloan, besteren artean, Komanditario Berriak (orain Konkomitenteak) proiektuaren arduraduna izan da. Proiektu horretarako Andrea Acostaren Manual de uso eta Señora Polaroiskaren Andrekale lanak ekoitzi zituen. Kultur kritika idazten du Berria egunkarian eta Euskadi Irratiko Amarauna saioko kolaboratzailea da.

Erreakzioa

Estibaliz Sádaba eta Azucena Vieites artisten ekimen baten ondorioz sortu zen Erreakzioa, 1994an, euskal eremuan, testuingurua sortzeko eta artean pentsamendu feminista zabaltzeko gune gisa. Honako hauek nabarmendu behar dira haien ibilbidean: Hamar fanzineren edizioa (1994-200 bitartean) eta Artelekurako zuzendu zituzten jardunaldiak: Sólo para tus ojos. El factor feminista en relación a las artes visuales (1997); La repolitización del espacio sexual (2004), María José Belbel-ekin batera, eta Mutaciones del feminismo (2005), María José Belbel-ekin eta Paul B. Preciado-rekin batera. 2008an La feminidad problematizada (Montehermoso Kulturunea, Vitoria-Gasteiz) eta ¡Aquí y ahora! Nuevas formas de acción feminista (El Gabinete Abstracto, Rekalde aretoa, Bilbo) zuzendu zituzten. 2009an Granadako Estatuko Jardunaldi feministetan parte hartu zuten. 2011n, Edizio anitza erakusketa-proiektua egin zuten Bizbak-EHU/UPVrako. Museo askotan egon da ikusgai haien lana, besteak beste Louisiana Museum of Modern Art-en (Humlebaek, Danimarka) eta hainbat proiektutan parte hartu dute, hala nola nazioz gaindiko artxibo, baliabide eta komunitate feministei buruzko Grassroots Feminism-en.

Carmen Gaitán Salinas

Carmen Gaitán Salinas Historia Garaikideko doktorea da Madrilgo Complutense Unibertsitatean; Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluan (CSIC) egin zuen doktore-tesia. Gainera, Arte Garaikidearen Historia eta Ikusizko Kulturaren Masterra (UCM, UAM eta MNCARS) eta Kultura Artistikoaren Garapen Sozialen Masterra (UMA) egin ditu. Artearen Historian lizentziaduna (UMA) eta musikako goi-mailako tituluduna da, pianoarekin (Malagako Goi Mailako Musika Kontserbatorioa). Gaur egun, Juan de la Cierva-Incorporación kontratu baten onuraduna da, UCMko Artearen Historia Sailean. Las artistas del exilio republicano español. El refugio latinoamericano argitaratu du (Cátedra, 2019), eta Victorina Duran-en memorien edizio kritikoa —Idoia Murga Castro-rekin batera— (Mi vida, Residencia de Estudiantes, 2018, 3 libk.). Manuela Ballesterren egunkariak ere argitaratu ditu; aurki agertuko dira Renacimiento argitaletxean. Finantzaketa, beka eta laguntza ugari jaso ditu. Madrilgo Ikasleen Egoitzako egoiliarra izan da, eta ikerketa-egonaldiak egin ditu honako hauetan: University of Exeter (Ingalaterra, 2014), El Colegio de México (Mexiko, 2015), Universidad Nacional Tres de Febrero (Argentina, 2016), National Gallery of Art (Washington DC, 2019) eta New York University (visiting scholar, New York, 2019-2020). Artikulu zientifikoak idatzi ditu argitalpen garrantzitsuetarako, eta hainbat kongresu, ikastaro eta nazioarteko hitzalditara gonbidatu dute. Era berean, University of Pennsylvanian eta Villanova Universityn irakasle izan da eta UCM eta CSICen eskolak eman ditu.

Lara Perry

Lara Perry Brightongo (Erresuma Batua) Unibertsitateko Humanitate Eskolako Ikaskuntza eta Irakaskuntzako zuzendariordea da. Hasiera batean Musqueam herriaren alor tradizional, zahar eta esploratu gabean historialari gisa trebatu ondoren, Lararen karrera oso aberatsa izan da eta artista, komisario, argazkilari, hezitzaile, informatikari, filosofo, artxibozain, ekintzaile eta arte historialariekin aritu da lanean orain arte. Londresko Erretratu Galeria Nazionaleko bildumaren historiari buruzko bere ikerketa History’s Beauties: Women, History and the National Portrait Gallery 1856-1900 izenburupean argitaratu zen 2006an. Beste argitalpen batzuk: Angela Dimitrakakirekin batera, Politics in Glass Case: Feminism, exhibition cultures and curatorial transgressions (Liverpool University Press, 2013); OnCurating aldizkariaren 29. zenbakia, «Curating in Feminist Thought» (2016) Dorothee Richter-ekin eta Elke Krasny-rekin batera, eta duela gutxi «Unsettling Gender, Sexuality and Race: “Crossing” the Collecting, Classifying and Spectacularising Mechanism of the Museum», Museum International (2020), Elke Krasny-rekin batera. AHRCk finantzatutako proiektu batean ari da lanean Lara gaur egun. Proiektu horrek museo zibikoen irismen digitala aztertzen du eta iragan konplexu eta gatazkatsu baten orainean zentzua duten hezkuntza-praktikak jorratzen ditu.

Mari Chordà

Mari Chordà, diziplina anitzeko artista eta osoki feminista, 1942an jaio zen Ampostan, Katalunian. Poeta, margolaria, eskultorea, argazkilaria eta aktibista soziokulturala da, borroka politiko eta feministei estuki lotua. Frankismoaren azken garaian etengabeko erresistentzian egon zen, eta erresistentzia horrek 1970eko hamarkadan Kataluniako Emakumeen askapen mugimenduan eragin zuen. 1968an, bere jaioterrian, kultur areto bat sortu zuen, errebindikazio soziala eta politikoa egiteko: lo Llar. Gaztetatik lan kolektiboaren aldeko bokazio sendoa du, eta horren ondorioz LaSal Bar Biblioteca Feminista eta laSal edicions de les dones proiektuak bultzatu ditu. Azkena espainiar estatuko lehen argitaletxe feminista da, Bartzelonan hainbat proposamen artistikoren topagune eta agertoki izan zena. Elkarrekin Agenda de les dones sortu eta bultzatu zuten, 1978-1990 bitartean, eta, geroago, Conxa Llinàsekin, les Pumes Agenda izenarekin berrinterpretatu zuten 1996tik 2009ra. Aitzindari izan da emakumeen sexualitatearen eta amatasunaren irudikapen feministetan, eta hautsi egin du tipologia artistiko horien herentzia androzentriko eta patriarkala. 1964an, bagina margolan batean irudikatu zuen lehen artista izan zen.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand