Irailaren 25etik urriaren 17ra, museoko liburutegira sartzeko gunean, egoitza/residencia deialdiaren emaitza ikusteko aukera izango da. Artium Museoak eta Zas Kultur lantaldeak arabar artista gazteei zuzendutako programa da (2025eko uda), eta Félix Javier Larreina Moralesen (Vitoria-Gasteiz, 1999) Acciones para (re-)conocer proiektua hautatu da jasotakoen artean.
Museoan egindako egonaldian, museoko arlo guztietan lanean diharduten langileekin partekatutako zenbait ekintzatan gauzatu da Larreinaren proiektua; horrela, erakundeak eskaini ohi dituen esperientzietatik urrundu da, eta arreta jarri da museoaren oinarri diren beste dinamika ez hain nabarmenetan. Erakusketa-guneen segurtasunari edo garbitasunari lotutako prozesuetatik sortzen diren ekintzak dira, ibilbideak sortzeko eta museoa ezagutzeko bestelako moduak.
Erregistro horiek agerian uzten dute espazioaren arkitektura ez ezik, piezen presentzia isilak ere baldintzatzen dituela desplazamenduak.
Proposamen horren bitartez, gasteiztar artistak azpimarratzen du zein garrantzitsua den egunerokoa eta oharkabean dagoena ezagutzea, museoaren funtsezko atala baita; gainera, bide berriak zabaltzen dira erakundearen, lanaren eta publikoaren artean.
Kolaboratzaileak:

Sarrerak Online
Denda Online