Komisarioa: Claire Atherton
Irudiari aurre egitea Chantal Akerman (Brusela, 1950 - Paris, 2015) zinemagile belgikarrari eskainitako erakusketa da, Claire Atherton haren ohiko kolaboratzaileak komisariatua. Erakusketan Akermanek hainbat urtetan Athertonekin elkarlanean sortutako zinema-instalazioak aztertuko dira, hiru dimentsioko espazio batean mugimenduan dagoen irudiaren dimentsio sekuentziala hedatuz.
Akermanen lanaren preskripziorik gabeko hurbilketa bat eskaintzean, haren filmen esperientzia korporalizatu bat proposatzen du erakusketak, non zatiketa eta errepikapena nagusitzen baitira linealtasunaren eta egitura narratiboaren gainetik.
Erakusketa hau 2023an Bartzelonako La Virreina Centre de la Imatge zentroan egindako aurkezpen baten jarraipena da.
Chantal Akermani bereziki gustatzen zitzaion instalazioetan lan egitea, oso aske sentitzen zelako. Dena «etxean» egin nahi izaten zuen, zer lortu nahi genuen inori azaldu beharrik gabe. Esaten zuen, pelikula bat baino areago, instalazio bat ezin dela aldez aurretik deskribatu, egin ahala sortzen delako.
Eta gero, izugarri gustatzen zitzaigun ikusleari beti gehiago eskatzea, lana ez mastekatuta ematea. Mugitzeko, miatzeko eskatzea gustatzen zitzaigun. Mugimenduan jarriko zuen eta pentsamendua argituko zuen espazio bat eraiki nahi genuen.
Erakusketa honek gure lana islatuko du. Arakatzeko, elkartzeko , esperimentatzeko gonbidapen bat da.
Erakusketak ibilbide aldi berean aske eta eraiki bat eskaintzen du, Chantal Akermanen lan batzuen bidez.
Batzuk soinudunak dira, beste batzuk, mutuak, batzuk zuri-beltzekoak eta beste batzuk koloredunak. Eta argazkiak ere bai.
Espazioan editatu eta instalatutako irudien eta soinuen bidez egindako bidaia. Instalatuak, baina ez izoztuak. Gure denbora hartu, aurrera egin, atzera egin, hurbildu, urrundu eta berriro hurbiltzeko aukera ematen digun ibilbidea. Geure erritmoa aurkitzea da kontua.
Oso obra intimoak eta munduari irekitako beste batzuk ikusiko ditugu, baina guztiak politikoak, formari eta presentziari dagokienez.
Claire Atherton
LANEN ZERRENDA ARGITALPENA MINTEGIA
Kolaboratzailea:
Babesleak:
[Irudia: Chantal Akerman-en A Voice in the Desert instalazioarako pantailaren kokapena. Argazkia: Robert Fenz / ADAGP 2025]