Patricia Dauder. Unform

Hasiera: Ostirala, 2024(e)ko Apirilaren 26a

Amaiera: Igandea, 2024(e)ko Irailaren 29a

Lekua: A1 aretoa

Patricia Dauderren (Bartzelona, 1973) lanari eskainitako Unform erakusketako eskultura, marrazki, instalazio eta filmek askotan ia hautemanezinak diren aztarnak uzten dituzten une afektiboei jarraitzeko artistak duen interesa aztertzen dute. Erakusketak agerian uzten du, era berean, denboraren joanarekiko artistaren interesa, metatze- eta ezabatze-tekniken erabileran nabaritzen dena. Horrela, askotan aurkitutako objektuak erabiliz, Dauderren ekoizpenak aztarnak eta hondarrak baino geratzen ez diren objektu eta espazioen balizko istorioak dakartza gogora.

Haren praktikan garrantzitsuak dira, orobat, piezak egiteko erabiltzen dituen protokoloak: piezak tenperatura eta hezetasun-baldintza aldakorretan jartzea, argiari haien gainean eragiten uztea, haien gainazalak aldatzen dituzten oxidazio-prozesuak ahalbidetzea, ebakitzea, dekapatzea edo zulatzea, materialak laberatu eta erretzea edo lurperatuta edukitzea denbora-tarte jakin batzuetan. Jarduteko modu horrek, artelanetan erabilitako materialen (paperak, oihalak, buztinak, argizariak, igeltsuak...) mugak tenkatzen ditu eta, aldi berean, arkeologo baten tekniketara eta baldintza atmosferikoek eta denboraren joanak eragindako ondorioak lehengoratzeko prozesuetara jotzen du. Erakusketa honen harira sortutako testuak dioen bezala, «artistak denborak eta mekanikak ezartzen ditu, zaindu egiten ditu, zuzendu egiten ditu, eta, azken batean, erritual geldo eta ustekabekoa jasaten du. […] badakigu obra bakoitzaren atzean aurretiko bizitza bat dagoela, nahiz eta ez ikusi, aktiboa, biologikoa».

Denboraren esperientzia, pertzepzioa, irudikapena eta oroimena aztertzen dituen hausnarketa bat da; gai horiek ere funtsezkoak dira haren filmak —ikuslearen jarrera aktiboa eskatzen duten ikus-entzunezko dokumentuak— egiteko. Insulana (2021) aurkeztuko da Unform erakusketan, 1957tik 1958ra Azore uharteetan izandako erupzio bolkaniko bat abiapuntu hartuta, eta March 5th 1979 (2011), 1979ko martxoaren 5ean Kanariar Uharteetako zeruetan izandako argi-fenomeno bati erreferentzia eginez.

Catalina Lozano da Unform erakusketaren komisarioa.

Artelanen zerrenda Argitalpena

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand