Laurogeiko hamarkadaren hasieratik, Jutta Koetherrek (Kolonia, 1958) pinturan oinarritutako eta idazkerak, performanceak eta musikak zeharkatutako praktika artistiko bat garatu du. Praktika horiek artearen historiografiarekiko diziplinarik ez izaten eta bere genealogiak bilatzen lagundu diote. Koetherren lana ezkutuan eta modu desobeditzailean hurbiltzen zaio margolaritzaren historiari, eta feminismoak eratutako praktika artistiko baterako leku gisa aldarrikatzen du baliabide hori.
Black Place-k formatu eta material askotako lanak biltzen ditu; Botticelli, Rubens… margolarien lanen berreskuratzeak diren oihal handiak —lehen aldiz erakutsi ziren lekuetan ia modu performatikoan eginak eta beren egikeraren berehalakotasun zentzuarekin—, edota formatu ertain eta txikiko lanak, era askotako euskarrietan eginak, non Koetherrek beste material batzuk aplikatzen dituen, ohiko pinturatik kanpo, DIY delakoaren eta punkaren eraginez.
Pinturaren historia Koetherren praktikan beti subjektu gisa presente egon den arren, bereganatze-estrategiak aldatuz joan dira, baita testua bere lanetan sartzeko modua ere. Bere lehen lanetatik argi ikusten da arreta jartzen diela herri-kulturaren adierazpen batzuei eta besteei, bai eta historiari eta pinturaren berezko logikari lotutako beste gai batzuei ere.
Black Place artistaren lehen erakusketa da Espainian, 1987an Rosemarie Trockelekin eta Bettina Semmerrekin batera bere lana Sevillako Máquina españolan antolatutako erakusketa batean aurkeztu zuenetik. Urte hartan bertan, New Yorkera joan zen lehen aldiz, eta hiri horretan bizi da 1991. urteaz geroztik. Horrez gainera, egonaldiak egiten ditu Berlinen eta Hanburgon, eta azken hiri horretan irakaslea da Hochschule für Bildende Künste-n (HFBK).
Jutta Koether Kolonian jaio zen 1958an. Artea eta filosofia ikasi zituen Koloniako Unibertsitatean, eta Whitney Museum of American Art-eko Ikasketa Independenteen Programa jarraitu zuen New Yorken, laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran; museo eta erakunde askok eskaini dizkiote erakusketa nmonografikoak haren lanari, ondokoek, besteak beste: Museum Brandhorst, Munich, Mudam Luxembourg, PRAXES Center for Contemporary Art, Berlin, Moderna Museet, Stockholm, Van Abbemuseum, Eindhoven, Kunsthalle Bern, Vienako Arte Ederren Akademia eta Kölnischer Kunstverein, Kolonia.
Artista gisa egindako lanaz gain, Koetherrek arteari eta musikari buruzko aldizkarietarako idatzi du: Spex, Eau de Cologne, Artforum, Texte zur Kunst eta Flash Art. Hainbat liburu idatzi ditu, besteak beste, f. (1987). Gainera, Koetherrek hainbat proiektutan parte hartu du Reena Spaulings taldearekin eta, bere performance musikaletan, Rita Ackerman, Tony Conrad, Kim Gordon, John Miller, Steven Parrino eta Tom Verlainerekin, besteak beste. 2010az geroztik, Pintura eta Marrazketa irakaslea da Hanburgoko Arte Ederren Unibertsitatean.
Komisarioak: Beatriz Herráez eta Catalina Lozano
Lan zerrenda (pdf) Prentsa oharra (pdf) Argitalpena
Irudia: Polsprung, 2002. Jutta Koether
Olioa oihalaren gainean
Galerie Buchholz-en adeitasunez