«Zenbat denbora egon zintezkeen kromo honi begira? Urteak, mendeak, goiz oso bat, ezin jakin, ihesaldi betean zeunden, estasian, geldiune betean zintzilik, zoratuta».
Arrebato, 1979
Haren filmografiako pelikulak, artista grafiko gisa egindako lana, harremana izandako pertsonei eginiko elkarrizketak eta memorabilia erabiliz, Zuluetak irudiaren inguruan egin zuen esperimentazio etengabean oinarrituta sortu zuen unibertsoa aztertzen du erakusketak.
Pinturaren eta marrazkiaren hurbileko planteamenduetatik abiatuta, Zuluetak zinemaren mugak aztertu zituen irudiaren inguruan hausnartzeko, haren enigma argitzeko, ikuslea bahitzeko duen ahalmenean barneratzeko. Zentzu horretan, eguneroko bizitzan egindako etenaldi bat izan zen harentzat zinema, amets egiteko, pentsatzeko gune bat. «Etenaldia Akilesen orpoa da, iheslekua, gure aukera bakarra» dio bere pertsonaietako batek. Are gehiago, zinema bera —pasio ororen antzera jasaten duena irenstera irits daitekeena— bere filmografia laburreko gai handienetako bat da. Bere lanean, bitarteko horrek une bat, bizipen bat artifizialki harrapatzeko tresna gisa zituen aukerak areagotu zituen, zinemari —hitzez hitz— fotogramaz fotograma barrenak atera arte.
Mugimendu artistiko edo musikalekin —hala nola pop, glam eta punkarekin— izandako elkarreragin biziak zeharkatu zuen haren sormen prozesu esperimentala. Izan ere, Zulueta mugimendu anglosaxoi horien lehen enbaxadoreetako bat izan zen, eta 60ko eta 70eko hamarkadetako Donostian eta Madrilen underground edo kontrakultura deiturikoaren garapenaren protagonista nabarmena. «Inoiz gertatu ez den etorkizun alternatibo bat sortzeko gai den indar deszifraezin» gisa definitu izan den kontrakultura bat, zeinaren ideia hutsa HIESarekin eta Berlingo harresiaren erorketarekin amaitu baitzen 80ko hamarkadan.
Komisarioa: Xabier Arakistain
Espainiako Filmategiaren laguntzarekin