Néstor Sanmiguel Diesten (Zaragoza, 1949) obrari eskainitako erakusketa honek laurogeiko hamarkadaren amaieratik hasi eta gaur egunera arteko ekoizpena lantzen du. Ohiko atzera begirako erakusketa gisa egituratu ordez, haren ibilbideko une batzuetan eta besteetan gauzatutako lan sortak zabaltzen ditu, eta bere burua «lantegiko artista» gisa definitzen duen egile honen praktikan murgiltzeko aukera ematen duen ibilbide bat marrazten du.
Bere jardueraren lehen urteetatik, besteak beste A Ua Crag (1985-1996) eta Segundo partido de la montaña (1987-1988) talde artistikoen sorrerarekin lotuta, Sanmiguel Diest ekoizle metodiko eta emankorra izan da, bere piezen eraikuntzan aplikatzen dituen sistemak, arauak eta protokoloak etengabe sortzen dituena. Haren lan eskergak —marrazkiek eta margolanek batik bat— katalogo berezi bat osatzen du, non irudiaren eta testuaren arteko mugak nahasten diren, aldi berean ikusleari galderak egiten dizkion kontakizunen segida bat azaleratzen eta ezkutatzen duen palinpsesto batean bezala.
Konbentzio orori bizkarra emanez, bere lanean maiz aipatzen ditu artea, literatura eta musikaren historia, baina baita eguneroko kontu arruntak ere, bere piezetan dokumentuak, fakturak, testu-zatiak, oharrak edo prentsa-orriak txertatzen baititu. Beste batzuek egin zuten bezala, Sanmiguel Diest-ek idatzita dagoena mekanikoki erreproduzitzen duen aipu-lapur gisa jokatzen du, eta historiaren diziplinaren aurka jartzen du jarduera hori. Hannah Arendtek joan den mendeko beste bildumagile amorratu bati, Walter Benjamini, ematen dion «perla-arrantzale» izenaz oker jabetuz bere lanetako bati izena ematen dion «perla-bilatzaile» horixe da bera.
Metaketa bidez funtzionatzen duen lan-sistema bat da, artelanei izenburuak ematen dizkieten hitz-joko eta aforismo-kate gisa obraren mugetatik harago hedatzen dena.
La peripecia del autómata aldi bereko bi erakusketatan hedatzen den komisariotza proiektua da: bata Madrilen, Reina Sofia Museoaren Velázquez Jauregiaren egoitzan eta bestea Gasteizen, Artium Museoan, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoan.