Txaro Arrazola. Ustiaketa bikaina

Txaro Arrazola. Ustiaketa bikaina Irudia: 'Gdaim Izik'. Txaro Arrazola, 2011

Hasiera: Ostirala, 2021(e)ko Azaroaren 05a

Amaiera: Igandea, 2022(e)ko Martxoaren 13a

Lekua: A1 aretoa

Paradoxikoa da zinez gaztelaniaz «explotar» hitzak hiru adiera izatea: «lurreko aberastasunak erauztea», «norberaren onurarako beste pertsona baten lana edo ezaugarriak gehiegikeriaz erabiltzea» eta «lehertzea, eztanda egitea». Erakusketa honen izenburuak aditzaren hiru adiera horiekin jolasten du, eta haien arteko loturak proposatzen ditu, haietatik abiatuta Txaro Arrazolaren (Vitoria-Gasteiz 1963) lanetako paisaia garaikidearen ideiara hurbiltzeko.

XX. mendean zehar zinemak —literaturaren, margolaritzaren eta argazkigintzaren paisaia-tradizioen katalizatzaile nabarmena— zinta ugari sortu zituen, Mendebaldean oso zabaldua dagoen ikuspegi bat islatzen dutenak: natura baliabide naturalen multzo gisa. Film zerrenda amaigabe horretan, II. Mundu Gerraren ondoren Hollywoodek nekazaritza-, abeltzaintza-, basogintza-, meatzaritza- eta petrolio-ustiategiei buruz egindako batzuk nabarmentzen dira, istorio bera errepikatzen dutenak. Protagonistak, lurraren jabeak, gizaseme zuri heterosexualak, lurra eta bertako biztanleak bere mende dauzka eta batzuk ustiatu eta besteak esplotatu egiten ditu. Bere natura-zatiaren aurrean, eta ikuspuntu subjektibo batetik begiratuta, ustiapen bikain bat besterik ez du ikusten lurjabeak.

Naturaren ikuspegi kartesiar, mekanizista hori, diskurtso zientifiko, ekonomiko eta estetikoek partekatutako mundu-ikuskera bat taxutzen duena, kapitalismoaren hastapenekin sortu zen, lau mende lehenago, eta, beti gailendu da hala lurralde kolonialen nola metropolitarren ustiaketan. Ikuspegi andro eta antropozentriko horrek, naturaren ikuspegi objektualizatzaile bilakatzen denak, animaliak eta emakumeak ere gauza bihurtzen ditu, esplotatzeko sortutako lurralde naturalaren luzapentzat hartzen direla. Ekologismoa, feminismoa eta ekofeminismoa gorabehera, ikuspegi horrek hegemonikoa izaten jarraitzen du, eta ohikoa da gaur egungo paisaiaren hainbat adierazpenetan aurkitzea.

Txaro Arrazolak 1993an New Yorkeko Bushwick auzo hondatuko fabrika zahar batean zuen estudioko leiho handitik ikusten zuen paisaiaren lehen marrazkiak egin zituenetik ekoitziz joan den Paisajes sociales saileko margolan sorta zabala biltzen du Una magnífica explotación erakusketak. Urte hartan bertan, Arrazolak patchwork batzuk ere egin zituen, margolan hedatutzat jo zituenak. Bigarren eskuko arroparekin egindako piezak dira, Salvation Army-ren dendetan erositakoak, eta oihal gainera bere eguneroko irudiak transferitu zituen, edo haren gainean errebelatu zituen. El nuevo proletariado urte horretako margolan bat da, oihal zatiz eta estudiotik ikusitako marrazkiz osatua.

Baina 1995ean margotuko zuen, ordurako Vitoria-Gasteizen zegoela eta 93ko marrazki haietatik abiatuta, serieko formatu handiko lehen oihala: Bushwick. New Yorkeko bere estudioko leihoa eta leihotik ikusten zen bista —autoen hilerri baten aurrean zegoen—irudikatzea adierazpen artistiko eta politikoa da. Aurrerantzean, teknika horrek, pinturak eta eskala handiko formatuak diskurtso-aparatu bihurtuko dute seriea, leihoei eta horietan zehar ikusten dugun munduari begira egoteko leiho bat. Are gehiago, Paisajes sociales Txaro Arrazolaren mundura zabalik dagoen leihoaren alegoria ere bada.

Oinarri horiek finkatuta, saileko bigarren margolanean metodo-doikuntza bat gertatzen da. Zuzenean egindako marrazkien ordez, egunkarietatik eta aldizkarietatik ateratako irudiak erabiliko ditu bere margolanen erreferentetzat, eta, askotan, eskala errealean islatuko ditu, ikusleak irudikatutako lekuetako lehen lerroan jartzeko. Artistak bere estudioko leihoaren ordez eguneroko prentsa jarriko du, eta hara begiratuko du fotokazetaritzak eta komunikabide masiboek mundua nola ikusten eta kontatzen duten jakiteko. Lekualdatze horren bidez, irudien perspektibarekin eta eskalarekin jolasten duen metodo bat garatzen du, ispilu eta leiarren jolas batean bezala. Irudiak eta kazetaritza-argazkiak euskarriak ematen dien gaurkotasun laburretik ateratzeak, egunkarien egunerokotasuna gainditu eta tresna artistiko bihurtzeak, haien denbora zabaltzen du, baina, batez ere, izugarri hedatzen du haien funtzionaltasuna. Lehen margolan horren ildoari jarraituz, hurrengo lanek, sarritan, puntu goratu batean kokatzen dute ikuspegia, Bushwickeko estudio hartako laugarren solairuan bezala, baina, batzuetan, deskribatzen duen paisaiaren mailara jaisten da.

Seriea garatu ahala, Arrazola munduko hainbat gunetako paisaia garaikide kezkagarriak sortuz joango da, zuzeneko giza ekintzak eragindako era guztietako kalteak erakusten dituztenak: erorketak, pilatutako hondakinak, istripuak, terrorismo-ekintzen ondorengo egoerak… Edo zeharkako ekintzak eraginak, klima-aldaketaren ondorio suntsitzaileak, esate baterako. Muturreko pobrezia-egoerak erakusten dituzten paisaiak, favelak, gerrako errefuxiatuen kanpamenduak edo arrazoi klimatiko edo ekonomikoengatik emigratu dutenenak. Oso kolore gutxiko margolanak dira, ilunak edo beltz-beltzak, zorigaiztoko mundu bat deskribatzen dutenak, non inoiz ez baita pertsonarik agertzen. Hala ere, artistak adierazi duenez, «Lan bakoitza kontakizun oso bat […], mikrokosmos bat, gauzen egoera bat» bada ere, margolanak taldean erakustean, Arrazolaren jardunaren seriazioa azpimarratuz, «gauzen egoera» hori areagotu egiten da metaketaren bidez.

Ustiaketa bikaina erakusketak kontuan hartzen du, era berean, Paisajes sociales saila osatzen duten margolanak era batera edo bestera ikusten direla begiratzen zaien distantziaren arabera. Hurbileko begirada batean pintzelkaden adierazkortasuna ikusten da, eta artistak pintura espresionista eta abstraktuaren keinuekiko duen interesa. Begirada urrun batek deskribapen xehe batetik ihes egiten duten eta paletaren zorroztasun guztia askatzen duten margolan figuratiboak erakusten ditu. Hala ere, bi kasuetan, haien tamaina eta osaera direla eta, margolanek zuzenean eragiten diote begira dagoenari. Baina Arrazolako leihoak paisaia horiek distantzia seguru batean ikusteko aukera ematen du, artistaren hitzetan, «jendeari espazio hauetan zikindu gabe egotearen fantasia emateko». Hurbiltasunaren ideia azpimarratzeko eta lanak mihisearen mugetatik harago hedatzen diren sentipena ez eteteko, margolanei ez zaie markorik jarri. Lehen ere ez zitzaien jartzen.

Tamalez, gaur egun, duela 30 urte bezala, lanek erabateko gaurkotasun dute. Txaro Arrazolaren «paisaia sozialek» eguneroko paisaia ezagunegiak izaten jarraitzen dute.


Txaro Arrazola Arte Ederretan lizentziatu zen EHUn 1988an. Fulbright beka (1996-1997) eta MFA izan zituen Purchase College izeneko New Yorkeko Estatu Unibertsitatean (1996-1998). Arte ederretan doktorea (2012). Haren lanaren ezaugarri nagusiak konpromiso soziala, ordezkaritzaren kritika feminista eta elkarlaneko metodologien ikerketa dira. Margolaritzan oinarritutako bere bakarkako praktika artistikoa diziplinaz gaindiko proiektuekin eta talde-proiektuekin uztartzen du, besteak beste, Plataforma A kolektiboarekin espazio publikoko ekintzetan egindakoekin. Haren lanak ondokoetan egon dira, besteak beste, ikusgai: Vanguardia galerian (Bilbo, 2019, 2014, 2011, 2007), Pedro Modesto Campos Fundazioan (Tenerife 2007), Montehermoso Kulturunean (Vitoria-Gasteiz, 2008, 2005) eta Kunstarkaden Der Stadt-en (Munich 2008).

Komisarioa: Xabier Arakistain

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand