Rosalind Nashashibik (Croydon, Londres, 1973) bere zinemagintzako bi pelikula aurkeztuko ditu Artium Museoaren Z aretoa programa barruan (Vivian's Garden y Part One: Where There Is a Joyous Mood, There a Comrade Will Appear to Share a Glass of Wine). Nashashibik erakusketa prestatzen ari zela museoan egindako hiru margolan ere egongo dira ikusgai.
Nashashibi Londresen bizi den zinemagile eta margolaria da. Haren filmetan esperientziaren tasunak, gauzak eta lekuak deskribatzen dira. Galdera batzuk egiten ditu: nola lan egiten dugu? Nola zaintzen dugu elkar? Nola mugitzen gara geure erakundeetan?
Banakako erakusketen artean ondokoak aipa daitezke: Londreseko Gerrako Museo Inperiala, Institute of Contemporary Arts eta Chisenhale Gallery, Kaliforniako UCI eta Objectif Anberes. Manifesta 7n, Trienal Nordikoan eta Sharjah 10en egon da ikusgai. Veneziako Bienalaren 52. edizioan Eskozia ordezkatu zuen. Artistentzako Paul Hamlyn saria jaso du eta Becks Futures saria irabazi duen lehen emakumea izan zen2003an. 2017an Atenas eta Kasselgo 14. dokumentan parte hartu zuen, eta Turner sarirako izendatu dute.
Vivian’s Garden, 2017
Vivian Suter eta ama, Elisabeth Wild, Suitza/Austriatik etorritako bi artista dira eta Panajachelen bizi dira, Guatemalan. Bertan konposizio matriarkala garatu dute hala babesa nola beldurra eskaintzen dituen inguru batean. Pelikula honek haien bizitza artistikoen, emozionalen eta ekonomikoen begirada hurbila eta ameslaria biltzen du, eta baita haien familien hedadura ere: maiak etxeko laguntzaile eta zaindari gisa eta zenbait txakur, kolonialismo osteko konplexutasun une batean isla atsegin bat eskainiz.
Part One: Where There Is a Joyous Mood, There a Comrade Will Appear to Share a Glass of Wine, 2018
Pelikula honek harreman afektiboak eta komunitatearen eraikuntza aztertzen ditu, eta familia egitura askatzaile bati buruzko konjuru edo promesa itxura hartzen. Haren narratiba ez linealak intimitatearen hainbat eszenatoki lotzen ditu elkarrekin, batzuk partekatutako etxeetan, beste batzuk kanpoko inguruneetan. Lituanian, Londresen eta Edinburgon filmatutako pelikulak artista eta seme-alabak aurkezten ditu, baina baita haren lagun minak ere. Guztia familia zabaltzat hartzen du eta, haiekin batera, bizikidetza modu berriak aztertzen ditu.
Komisariotza: Garbiñe Ortega
Z Aretoak (zinema) egile garaikideen komunitate bat —beren istorioak hizkuntzaren ahalbideak esploratzeko aukera ematen dien hainbat angelutatik kontatzeko interesa dutenak— ezagutarazi nahi die publikoei, diziplina hori historikoki kategoriatan sailkatzen duten generoak zalantzan jarriz. 2021eko denboraldiaren ezaugarri nagusia kolektibotasunaren ideiari buruz ikertzen duten ikus-entzunezko piezak dira, nola jarrai dezakegun elkarrekin pentsatzen, proiektatzen eta lan egiten (orain inoiz baino gehiago).