Xabier Salaberria. Arkitekturarik gabeko erakusketa bat

Hasiera: Ostirala, 2021(e)ko Maiatzaren 21a

Amaiera: Igandea, 2021(e)ko Urriaren 17a

Lekua: A1 aretoa

Xabier Salaberriaren (Donostia, 1969) lana eskulturaren, diseinuaren eta espazioen antolaketaren eta arkitekturaren esparruetan kokatzen da eta haren praktika tekniken, materialen eta objektuen historiaren azterketan oinarritzen. Argazkia, marrazkia eta instalazioa dira artistak Artium Museoan egindako erakusketaren testuinguruan egindako proposamenetan darabiltzan bitartekoak. Espazio hori interpretatzen du eta bertan parte hartzen du hainbat erakusketa-displayren azterketatik abiatuta, aretoetan ibilbide-sistema bat marraztuz museografiaren alderdi teknikoen, arkitekturaren funtzioen eta historiaren eta paisaiaren eta lurraldearen irudikapenaren artean proposatutako gurutzaketetan barneratzeko.

Norantz garamatza Salaberriaren Arkitekturarik gabeko erakusketa bat izenburuak? Horrelako adierazpen baten ondoren eraikitzen den irudi mentalak espazio abstraktu batera hurbilduko gintuzke, non objektuak baldintzatzaile espazialik gabe geratuko liratekeen, objektua bere garbitasun formal eta kontzeptual osoan agertuko litzatekeen ariketa mota batean. Hala ere, erakusketa oro irudikapen bat da beti, eraikitako espazio bat, eta haren proposamenean objektuarekiko topaketan hartuko du arkitekturak esanahi berezia. Ukazio horren bidez, egileak lehen plano esanguratsu batera dakartza espazioa, haren hormak, altuerak,  ibilbideak… eta haiek gure jokabidea eta proposamenak ikusteko eta sentitzeko modua nola baldintzatzen dituzten. Izenburutik bertatik hasita, Salaberriak espekulaziorako espazio bat sortzen du, arkitekturaren, erakusketaren eta displayaren boterean pentsatzeko, eta horiek narratiban eta gure irakurketan nola eragiten duten ikusteko.

Urte hauetan zehar, artistak hainbat kolaborazio egin ditu museoekin eta erakundeekin beste egile batzuen erakusketen diseinuan, eta horrek esan nahi du gaitasuna duela, zentzuaren konfigurazioari dagokionez, espazioen, materialen eta arkitekturen keinuak eta trazuak interpretatzeko eta identifikatzeko. Egileak modu kritikoan aztertzen ditu kontzeptuak, jarrerak eta diskurtsoak, posizionamendu teorikoa espazioaren praktikarekin lotzen den alderdietan. Artiumen, eta ikuslearen esperientziari lotutako prozesu horren ildotik, Salaberriak museoaren barruko plazaren inguruko hausnarketan parte hartu du berriki, eraikinaren logika arkitektonikoari eta erabilera, joan-etorri eta atsedenari erantzuten dion hizkuntzaren itzulpen-ariketa batean, plaza hori museoaren egunerokotasunean bete-betean sartzeko. Artistak espazioak irekitzen, oztopoak ezabatzen eta topaleku pragmatikoak planteatzen ditu, non arkitektura, diseinua eta funtzioa museoaren testuinguruan elkartzen diren.

Erakusketak hamaika proposamen aurkezten ditu, argazkiak, instalazioak eta objektuak barne. Hainbat serietan oinarrituta, lanek beren izaerari eusten diote, eta, aldi berean, logika espazial beraren bidez osatzen dute elkar. Gehien batean azken bi urte hauetan egindako lanez gain, aurreko proposamenen memoria ere badakar erakusketak. Horrela, proiektuari izenburua ematen dion instalazioa, Arkitekturarik gabeko erakusketa bat, aurtengoa, panel modularren bidezko konstelazio batez osatuta dago, non diseinatzaile gisa egindako lanen irudiak, planoak eta erakusketen eta espazioen proiektuak zintzilikatzen diren (museorako egindakoa barne). Kokaera, kolorea eta eginkizuna aldatuta, aplikazio funtzionalaren eta sinbolikoaren arteko lurralde bat sortzen dute, beren praktika artistikoan ohikoa. Erakusketak beste lan batzuk ere biltzen ditu, hala nola r de radio, 2020an egindako instalazio bat, non 4 erakusmahai metaliko bertikalek kristal hautsien bilduma bat erakusten duten, edota Bézier (2020), 8 aluminiozko xafla, beira-zatien siluetak euskarri lau batera testu gisa eramaten dituztenak. Bere ibilbidearen aurreko garaietako argazki batzuekin batera, Agiñan ateratako 5 irudiko friso bat ere badago. Jorge Oteizak Aita Donostiaren oroimenez egin zuen monumentuaren gainazaleko eta ertzeko gorabeherak uzten dituzte argazkiek agerian, ustekabekoak izan ala ez. Badirudi oteizar cromlech mikrolitikoaren espazio sakratuari Aiako haitzetako gandor profanoarekin hitz eginarazten diola, monumentuaren oroimenari bere siluetaren ustekabeko, halabeharrezko edo bortxazko formekin. Argazkiek, era berean, ohiko konbentzioak eta azalpen-arauak iraultzen dituzte. Aldaketa horien bidez, espazioari, arkitekturari eta gailuei erreparatzen die Salaberriak, instalatzen diren lekuan esanahia sortzen duten elementu gisa.

Xabier Salaberria Donostian bizi da eta bertan lan egiten du. Bere prestakuntza-aldia Arteleku Arte Zentroari lotuta dago. Bertan, Txomin Badiolak eta Ángel Badosek 1998an emandako lantegietan edo Peio Irazuk urte berean egindakoetan parte hartu zuen. Topaleku eta eztabaidarako gune hori, denboran zehar lantoki eta erreferentzia gisa mantendu du. Parte hartu duen egoitza-programa ugariak direla-eta, denboraldi luzeak eman ditu atzerrian —horrek ikusgarritasun handia eman dio bere lanari—, eta, besteak beste, Peio Agirre, Chus Martínez, Lars Bang Larsen eta Catalina Lozanok komisariatutako proiektuetan parte hartu du. Bere azken erakusketen artean ondokoak aipa daitezke: r de radio, Carreras Múgica, Bilbo (2020); Ganar Perdiendo, Centro Centro, Madril (2019); Restos materiales, obstáculos y herramientas, Sao Pauloko 32. biurtekoa (2016); Can-ni-faire, Carreras Mugica (2016); Proceso y Método. (A.T.M.O.T.W.) Xabier Salaberria, Bilboko Guggenheim Museoa (2013); The Society Without Qualities, Tensta Konsthall. Stockholm (2013) eta Inkontziente-Kontziente (Scenario1 about Europe), GFZK, Leipzig 2011.

2008an Gure Artea saria jaso zuen, 2009an Marcelino Botin Fundazioaren Sormen Beka eman zioten eta 2011n, Gasteizko Montehermoso Arte Zentroaren Arte eta Ikerketa Beka. Artium Bildumaz gainera, haren lana bilduma publiko eta museoetan dago ikusgai, besteak beste, Bartzelonako MACBAn, Santanderko Marcelino Botin Fundazioan, Tenerifeko Santa Cruzeko TEAren Bilduman, Sabadell Bilduman, eta Bilboko Arte Ederren Museoan eta Guggenheim Museoan.

Lan zerrenda  Prentsa-dossierra  Argitalpena 

Komisariotza: Enrique Martínez Goikoetxea / Beatriz Herráez

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand