Katinka Bock. Logbook

Hasiera: Ostirala, 2021(e)ko Martxoaren 26a

Amaiera: Igandea, 2021(e)ko Irailaren 12a

Lekua: A2 aretoa

Logbook [Ontziko liburua] artistari Estatuan egiten zaion lehen erakusketak oraintsuko lanak, hainbat testuinguru eta historia aztertzearen emaitza direnak, aztertzeko aukera ematen digu. Erakusketan, besteak beste, artistak bertako artisauei proposatutako trukeen eta Museoaren espazioarekin eta arkitekturarekin egindako lanaren ondorioz sortutako piezak daude.


LOGBOOK (GONBIDAPENAK ETA IBILBIDEAK)

Katinka Bockek (Frankfurt am Main) 2020ko otsailean bisitatu zituen lehendabiziko aldiz gure museoko espazioak, Hannoverreko hegaldi batean Gasteizera iritsita. Egun gutxi batzuk geroago, mugak itxi egin ziren hainbat hilabetetarako. Baita museoko ateak ere.

Sartu-irten horren ondoren etorri ziren hilabeteak zalantzazkoak eta etengabeko elkarrizketakoak izan ziren. Hasierako topaketa hartatik, erakusketa-espazioei buruzko deskribapen bat ere sortu zen, duela gutxi Louis Lüthirekin, proiektu honetan artistarekin lan egiten duen diseinatzaile grafikoarekin, partekatu dena: «Sotoan dagoen espazioa bitxia eta anonimoa da, kanporako ikuspegirik gabea. (...) Ozeanoan itsasontzi bat bezala esekita dagoen espazioa (...) Erakusketa-espazioa balea baten edo itsasontzi baten sabel gisa hartu da».

Uztailean mugak ireki zirenean, Bockek bigarren bisita egin zen Euskal Herrira. Orduko hartan, JAI ikasketa-programara zetorren irakasle gonbidatu gisa parte hartzera —museoak eta Donostiako Tabakalera KGNZk elkarlanean bultzatutako eskola—. Uda hartan zehar helarazi zigun orobat egun haietan idatzitako partitura bat, Logbook izenekoa, Confusions possibles pieza ekoizteko protokoloaren partitura ere badena. Obra horretarako, bertako errementari batek eta jostun batek, testuaren interpretaziotik abiatuta, praka erdia, soineko erdia eta kobrezko hiru pieza (zapata, koilara eta kasko erdia) egin dira. Piezaren beste «erdiak» Parisen ekoitzi dira, eta guztiak osotasun gisa elkartu eta aurkeztu dira museoan ikusgai jartzean.

ALBAOLA (EUSKAL ITSAS FAKTORIA)

Udako bigarren bidaia horretan, Bockek Albaola Euskal Itsas Faktoria ezagutzeko aukera izan zuen, JAIren esparruan antolatutako irteera batean. Pasai San Pedron dagoen erakunde horrek «itsasoko artisau-teknologia»-ren egiteko moduak berreskuratu ditu, euskal itsas historia zabaltzen du eta zurgintza-eskola gisa funtzionatzen. Proiektu honekiko interesa erakusketaren prozesuan inplikatutako beste kide batzuekin partekatzean, honako hau zioen artistak: «Historikoki, Sakanako basoak izan dira ontzioletarako zuraren iturri. Basoan haritzak landatu eta inausi egiten ziren, oholetarako zuhaitz zuzenak lortzeko, eta egiturarako, berriz, zuhaitz makurrak, itsasontziaren eraikuntzan kalitaterik onena bermatzeko».

Albaolan, Bockek, Selma Huxleyren (Londres, 1927 – Chichester, 2020) irudia eta ondarea ere aurkitu zituen. Historialari ingeles hori hirurogeita hamarreko hamarkadan Kanadatik atera eta Oñatira joan zen bere lau seme-alabekin, Ternuako euskal baleontziei buruzko ikerketetan sakontzeko. Huxleyren ikerketak funtsezkoak izan ziren San Juan baleontziaren hondarrak aurkitzeko. Baleontzi hori Red Bayko kostaldean geratu zen 1565ean hondoa jota, eta lantegian berreraikitzen ari dira.

Huxley —abizenaz gainera, zuhaitz genealogikoa ere partekatzen du idazle polifazetikoarekin— eta San Juan itsasontzia izan ziren museoaren, kolaboratzaileen eta artistaren arteko ondorengo trukeen ardatz nagusiak, eta Pasaiako eskolako ikasleekin pieza berri bat ekoizteko asmoa pizten hasi zen, ontzien eraikuntzan erabilitako zurezko saihets bat landuz.

Horixe izan zen artistak 2021eko urtarrilean egin zuen hirugarren bidaiaren helburua, hau da, zetazeo baten barrualdearen eta lurpeko museo baten espazioaren artean dauden analogia ugariak nabarmentzen dituen pieza horren ekoizpena abian jartzea: «Moby-Dicken “zatikatzen” atalean, balearen gorputza biratu bitartean, haren azala laranja batena balitz bezala mozten da, eta poleek bi pisu desberdin orekatzen dituzte, piztiarena eta itsasontziarena. Okertzea, moztea, mugatzea, behartzea… ontziak eraikitzeko ekintzak dira eta baita zuzenketa sozialak ere. Logbook erakusketa gorputz mutilatu eta mugatuei, banaketa moduei eta energia kanalizatuei buruz mintzo da».

Bitartean, Parisen, Bocken estudioa dagoen hirian, Selma, historialariaren izena daraman zeramikazko busto bat, zain zegoen. Artistak ekoitzi du, Albaolako espazioan uzteko eta erakusketak iarungo duen hilabeteetan museoaren eta Eskola-Faktoriaren arteko lotura egiteko.

Katinka Bockek Euskadira egindako bigarren bisita baino aste batzuk lehenago hil zen Huxley, 2020ko maiatzaren 4an, 93 urte zituela.

LOGBOOK (ORKIDEAK)

Lehen bisita hartan, 2020ko otsailean, Katinka Bockek argazkia egin zion museoko idazmahai baten gainean zegoen orkideari, eta konfinamendu garaian helarazi zigun irudi hori. Hilabete batzuk geroago, orkidea hark lore guztiak galdu zituen. Gaur berriro loratu da eta irudi berri bat helarazi diogu.

Harrezkero, artistak deskribatutako lurpeko espazioa ere aldatu egin da, eta haren piezak dauden aretoetatik kanpoaldea ikus daiteke, lehen itsuak ziren tamaina handiko idi-begietan zehar.

Ez dira horiek espazioan irekitako hutsune bakarrak. Herman Melvilleren obraren aipatutako kapituluan bezala, erakusketa-aretoetako hormetan irekidura batzuk egin dira, barruko egurrezko saihetsak eta eraikuntza-sistema agerian utzi dituztenak.

Logbook-ek balearen sabela bezalakoa den museo bat marrazten du (zeinetatik dena aprobetxatzen baita), eta bertan pilaturik: Moby Dick, Selma Huxley, kaskoak, hezur okerrak, koilarak, protesiak, oinetakoak, arrainak eta orkideak loretan, erakusketaren aldameneko espazioan biltegiratzen diren Bildumako 2.500 artelanekin batera.

(Logbook argitalpenaren Beatriz Herráezen testua)


Katinka Bock-ek Berlingo Kunsthochschulen eta Lyongo École Nationale des Beaux Arts-en ikasi zuen. Erromako Villa Medici egoitzan artista izan da, Dorothea von Stetten Kunstpreis saria jaso du Alemanian eta Prix Ricard saria Frantzian. Hainbat bakarkako erakusketa egin ditu, besteak beste, Culturgest-en (Lisboa, Portugal); Kunstmuseum Stuttgart-en eta Nuremberg Kunstverein-en (Alemania); MAMCO-n (Geneva) eta Kunstmuseum Luzern-en (Suitza); Henry Art Gallery-n (Seattle, AEB); Mercer Union-en (Toronto, Kanada) eta Common Guild-en (Glasgow, Eskozia). 2018an bere Tomorrow ‘s sculpture erakusketa-proiektua (trilogía) ondoko hiru lekuetan erakutsi zuen: Kunstmuseum Winterthur, Suitza, Mudam Luxemburg, Luxenburgo eta Institut d’ Art Contemporain Villeurbanne, Frantzia. Azken bakarkako erakusketak Pivo-n, Sao Paulon, Brasilen, Lafayette Anticipation-en, Parisen, Frantzian eta Kestnergesellschaft Hannover-en, Alemanian, egin ditu.

Laguntzailea: Albaola Itsas Kultur Faktoria

Komisariotza: Beatriz Herráez

Lan zerrenda 

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand