Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan. Komisario Berriak 2020

Hasiera: Ostirala, 2020(e)ko Abenduaren 18a

Amaiera: Igandea, 2021(e)ko Martxoaren 21a

Lekua: A0.1 Aretoa

Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan proiektua, Komisario berriak programaren 2020ko deialdian hautatua

Gasteizko Bideo-Musika Jaialdiko lehen sei edizioetara (1985-1990) hurbiltzen da Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan erakusketa; 2020ko Komisario Berriak deialdian hautatua. Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian erakusketaren kronologiarekin bat egiten duela, kasu-azterketa honek 1980ko hamarkadako euskal testuinguruan garatu ziren praktika eta kategoria kulturalak berrikustea du helburu.

Bideoak euskal eszena artistikoarekin lotura jarraitua izan zuen 1972ko Iruñeko Topaketen ostean. Hurrengo hamarkadan, erakunde eta jaialdiak medioa barneratzen hasi ziren, eta baita horrek zekarren eztabaida, sortze prozesuak eta gogoetak ere. Horren lekuko litzateke Guadalupe Echevarriak koordinatu zuen Donostiako Bideo Jaialdia (1982-1984).

Donostiako Bideo Jaialdiaren itxierarekin, eta Gasteizko Ikusager produktoraren laguntzarekin (Maite Ruiz de Austri eta Iñigo Silvak koordinatua), antolatzaileek bideoentzako topaleku bat mantendu nahi izan zuten; asmo horretan, Gasteizko Jesús Ibañez de Matauco kultura zinegotziak harrera egin zien hirian. Lehiaketa hutsa izateaz haratago, mahai-inguru eta proiekzioen bidez, jaialdiak estatu mailan sortuz zihoazen lan bideografikoak ikusarazteko elkargunea izan nahi zuen, baita nazioartetik zetozenak ere.

Lehen urteko arrakastari esker, Diego Manriquek eta Araba Saudita batzordeak bigarren edizio bat antolatu zuten. Edizio horretan, lehiaketa estatu osora zabaldu zen eta bideoa euskal eszena artistikoan finkatzeko apustua ere gauzatu zen, Tolosako Bideoaldia (1986-1990) norabide horren lekuko izanik. 1978tik aurrera ageriagoa izan zen Ipar Amerikako eta Europako eraginak bertaratzeko asmoa, baita telebista-plataformekin eta bideosorkuntzaren formazio eta industriarekin harremanetan jartzeko borondatea ere. Bestetik, Ikerketa eta Teknologia Berrien Udal Zentroa (CINT) sortu izanak, eta Manuel Palaciok jaialdiaren zuzendaritza hartzeak, indartu egin zuten 1990eko hamarkadan iraungo zuen proiektu baten jarraipena eta egiteko modu berriak bereganatzeko gai izango zen hizkuntzaren aldeko joera.

Dena den, bideo-musika jaialdi baten bidez 1980ko hamarkadako kultura bisualera hurbiltzeak galdera kritikoak planteatzera garamatza. Esaterako, zein izan zen bideoak instituzioekiko mantentzen duen dependentzia? Orduko herri-kulturaz zer kontatzen digute bideoklipek, eta horien letra, adierazpen edo erritmoek? Non zeuden emakumeak testuinguru horretan? Zer ari zen gertatzen Gasteizen jaialdiak arrakasta izan zezan? Nola lan egin dezakegu arte ederren kategoria estetikoetatik kanpo geratzen diren materialekin? Nola berreskuratu iraganeko oroimen bisuala eta gorputzetatik igarotako emozio eta esperientziak? Edo, nola azaldu jakin-nahi horiek guztiak ikusizko diskurtso batean?

Proiektu hau Ane Lekuonak, Itziar Gutierrezek eta Iñigo Gómez Egiluzek komisariatu dute KOMISARIO BERRIAK programaren esparruan.

 

Bideoa: proiektuaren aurkezpena, komisarioen eskutik 

 

Lotutako jarduerak

Proiektuaren aurkezpena Ane Lekuona, Itziar Gutierrez eta Iñigo Gómez Egiluz komisarioen eskutik
Abenduaren 18an, ostirala, 18:00etan, Museoaren Emanaldi aretoan. Streaming bidez ikusi ahal izango da www.artium.eus-en eta Artiumen Youtube kanalean.

Mahai-ingurua: mugimendu alternatiboa eta aldarrikatzailea Gasteizko kultura-testuinguruan 80ko hamarkadan
Otsailaren 24an, asteazkena. Koordinatzailea: Pedro Espinosa

Hurrengo bisita gidatuak Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan erakusketara
Abenduaren 26an, larunbata, 17:30ean
Urtarrilaren 2an, larunbata, 12:30ean
(LORATEGITIK: Istorio(ak), eraikitzen ari den bilduma batetik abiatuta programako bisita)

Erakusketaren liburuxka 

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand