Juan Carlos Meana. NOS[ YO ]OTROS

Hasiera: Ostirala, 07 Ekaina 2019

Amaiera: Igandea, 15 Iraila 2019

Artistak banakoaren nortasunarekin lotutako gaiak planteatzen ditu, gizartearekiko eta botere-sistemekiko harremanean

Komisarioa: José Ángel Artetxe
Ekoizlea: Artium Museoa

NOS[ YO ]OTROS erakusketan, Juan Carlos Meanaren (Vitoria-Gasteiz, 1964) azken urteotako lanak eta haren obraren elementu bereizgarri zenbait (bandera-makilak, ispiluak, platerak…) jarriko dira ikusgai: baita hiru pieza berezi ere, egilearen ibilbidearen aurreko etapekin lotura egiten dutenak: Confidencias del deseo bideoa (2007), Sin país argazkia (2012) eta Faltan héroes para darle la vuelta al mundo eskultura-pieza (2012-2018), hain zuzen.

NOS[ YO ]OTROS erakusketak Meanaren kezka nagusietako batean sakontzen du: hain zuzen ere, epikaren eta ziurtasun handien gainbehera agerian utzi nahi duen kontrahistoria bat marrazteko kezkan. Banakoak gara, baina kolektibitatearen parte ere bagara; eta bikoiztasun horrek bultzatuta jotzen du nortasunaren eraikitzaile gisa ageri den orainaldi hauskor eta ahul hori aztertzera. Zeri aitortu beharko genioke lehentasuna: gatazka politikoari edo kulturalari? Ez al dira, ordea, elkarrengandik bereizezinak? Horri buruz gure buruari galdetuz gero, prestatuta egon beharko dugu hainbat akatsak gure gain hartzeko eta gure gizarteratzean edo ingurunean puntu itsuak aurkitzeko.

Jarraitu irakurtzen +

Meanak askotariko bitarteko, teknika eta diziplinak lantzen ditu, eta horiei loturik ageri dira, halaber, zenbait material berri (xaboia, bala-zorroak, neurgailuak, marmola…) zeinak betetzen baitute ia  batasun ikonikoaren funtzioa «formatuz kanpoko» pieza batzuentzat. Sistemaren muturreko biolentzia adierazten duten bala-zorroak eta jaurtigaiak; erabilitako xaboiak, zeinak iradokitzen baitute nola garbitu ohi ditugun eskuak gatazken aurrean; eta barrako xaboiak, giza koipean oinarrituriko prozesu industrialari (nazismoari) erreferentzia eginez, zeinak baitira, horiek ere, giza ahaleginaren eta haren bizkar lortutako emaitzak.

NOS[ YO ]OTROS banakoak, subjektuak, komunitatearekin duen harremanari buruzko erakusketa bat da. Harreman ez beti eroso eta batzuetan gatazkatsua izan ohi da, eta nortasunaren mugak markatu ohi ditu, kanpora begirakoak (mugak, atzerria) nahiz barnera begirakoak (gizarte-antolaketarako zer eredu dauden subjektuak nortasuna galdu ez eta komunitatearen garapena eraikitzen laguntzeko bidea ematen dutenak). Nortasuna eratzen duten elementu horiek prozesuan daude beti, eta atxikita dituzte norberarekiko alderdi etiko bat, nortasun pertsonalaren bilaketari lotua; dimentsio politiko bat, besteen pluraltasunari lotua; eta dimentsio ekologiko bat, ingurunearekiko, munduarekiko eta kosmosarekiko harremanari lotua.

Sei sailetan banatuta dago erakusketa (Gatazken laborategia, Komunitatea, Parte izatea, Aseptikoak, Nartzisoren ondoren eta Usteak), eta sail horietan bildu diren elementuak antolatzeko moduak berak ere islatzen du tentsio hori, sinbolikoki. Sailak bata bestearekin bizi dira, elkarrekin, erakusketan nahasturik, askotariko alderdi eta ñabardurak iradokiz.

Juan Carlos Meana gutxienez honako hiru ezaugarri hauetan bat datozen arabar artisten belaunaldi bateko kide da: 1) 80ko hamarkadan trebatu ziren, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren fakultatean; 2) Gasteiz hasi zuten beren ibilbide profesionala, Trayecto Galería eta Sala Amárica aretoen inguruan; eta 3) irakaskuntzan dihardute 90eko hamarraldiaz geroztik, Vigoko Unibertsitateko Arte Ederren fakultatean, zeinetan baita Meana Pintura Saileko irakasle.

Meana pinturan hasi zen, eta, eskulturaren eremu hedatuan –halaxe esan izan baitzaio batzuetan– edo instalazioarenean, honako elementu hauek erabiliz egin zen ezaguna: igeltsuzko moldurak eta etxeko gauzak, ispiluak, banderarik gabeko bandera-makilak eta hil-jantziak gogorarazten dituzten banderak eta arasak, zeinak kolokan jartzen edo zailtzen baitute behaketa. Betiere, itxura hauskor, ahul, xalo eta isileko piezetan. Askotariko gaiei helduz, hala nola, begirada –ezagutzarako tresna modura erakutsia–, Nartzisoren mitoa (zeinaren sailari buruzko bideo bat proiektatuko baita erakusketan), subjektua, sorkuntza-prozesua, nortasun pertsonal eta soziopolitikoa edo boterea. Eta piezek dihardutela saiakera modura, obra amaitu modura baino gehiago, aurrerapena eta sormena dakartzan itxaronaldi batean, behin eta berriro jausiz pentsamendua eta obra bera krisian jartzea dakarten planteamendu batzuetan eta espiritu batean. Horrela, artea ezagutza-modu gisa ulertzen du Meanak, betiere ezezagun den hori, ziurgabetasuna, zerbait gehiago lortzeko irrika barne hartuko dituen jakintza bat eraikitzeko bilaketan. Jatorria kolokan jartzea eta beti zerbait berria lortzeko saiamena sorkuntza-ekintzari atxikitako urratsak dira, eta loturik daude, aldi berean, sormena arroztearekin, porrotaren kontzientziarekin, proiektua osotasunean betetzerik izango ez delako kontzientziarekin, erakustearren sorkuntza artistaren esperientzia dela eta aldarrikatzearren esperientzia hori ikusleak osatu behar duela behaketaren bidez.

Erakusketaren liburuxka  Aretoko testuak  Artistari buruzko informazioa DokuArt-en

Inaugurazio-programa 

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand