Jostailu hautsiezinak Mabi Revueltak azken zazpi urteetan plastikaren inguruan egin duen ikerketaren ikuspegi zabal bat da, hiru ardatzetan antolatua: hizkuntza, jokoa eta arte-hezkuntza. Azterketaren abiapuntua Abeceda liburua da –txekieraz alfabetoa–, 1926an Pragan argitaratua, Vítezslav Nezval idazlearen, Karel Teige artista eta diseinatzailearen, eta Milca Mayerová dantzari eta koreografoaren parte-hartzearekin. Txekoslovakiako abangoardiaren aitzindari hauek bizi modernorako alfabeto (ludiko) bat asmatu zuten hizkuntza berri baten oinarriak finkatzeko asmoz; eskolako silabario bat, poesiaren, diseinuaren eta dantzaren bidez mundu berri bat eraikitzen lagunduko zuena, lehen mundu gerraren ondoren.
Ikus Jostailu hautsiezinak erakusketaren bideoa (gaztelaniaz)
Hura argitaratu eta ia 100 urte geroago, Nezvalen poesietan, Teigeren diseinuetan eta Mayerováren pose estatikoetan oinarritutako alfabeto berri bat sortu du artistak, eta gero gai ugari lantzeko erabili du zenbait artelan-sailetan, esate baterako zeinu grafikoen egitura (letren diseinua, forma eta tamaina) edota semantikatik eta anti-semantikatik abiatutako adierazkortasunaren bilaketa eta hitzen aura magnetikoa. Divertimentos tipográficos (2010), erakusketari hasiera ematen dion pieza, bere proposamen berrien abiapuntua da orobat. Haien bidez eskolako liburuak eta irakaskuntzak jolasaren (elementu eratzaile gisa) eta jostailuaren –eta luzapenez trepetaren– (kulturaren garapenerako lanabes gisa) lurraldera eramaten ahalegintzen da.
Aretoaren erdiko gunean Geómetra (2015) dago: 164 kartarekin altxatutako gaztelu erraldoia, Charles eta Ray Eames iparramerikar arkitekto eta diseinatzaileen House of Cards (1952) jokoan oinarritua. Eamestarrek Bauhaus-en printzipioei jarraituz garatu zuten beren lana eta, beraz, funtzioa/forma tankerako objektuak diseinatu eta egiteaz gainera, Eskolaren garrantzi pedagogikoa ulertu eta hezitzeko joko eta jostailuei garrantzi berezia eman zieten. Diseinatzaile hauen ustez, atsegin hutserako sortu izatean datza jostailuen edertasuna. Beren baitan poesia eta ikaskizun sekretuak gordetzeaz gainera, jostailuak eta jokoak zentzuzko ideien atarikoak dira.
Eamestarrek beren garaian egin zuten bezala, Mabi Revueltak irudi, diseinu eta collage digitalak ezarri ditu karta horietan, eguneroko objektuak ohiz kanpoko biurtuz. Stanley Kubrick-en The Shining-eko labirintoaren argazkia, Lego jokoaren piezekin egina; Alhambrako sabai batetik eroritako zatiaren estudio bat; zenbaki aureoa abiapuntu hartuta sortutako sareen marrazkiak edota gainbehera datozen elur-kristalen konposizioak... erortzeko zorian dagoen arkitektura batean –zenbait dorre eta mailatan eraikia– metatzen dira. Lan hau amaitu gabeko konstelazio gisa proposatzen da, izan ere, karta kopurua handiagoa izan liteke, eta gaztelua mila modutan eraiki ahal izango litzateke.
Hormaren gainean, Cuaderno de notas para Geómetra (2015) lanean kartazko gazteluaren irudiekin lotutako mikro-narrazio sail bat ageri da. Ezagutzeko modu zaharrenetako batera itzultzea esan nahi du modu geometriko batean kokatzeak. Zientziaren ikuspuntutik, lurra neurtzeko gai izateak esan nahi du begien bistakoa den zer batetik abiatu eta dedukzioarekin osatzen den munduaren irakurketa bat finkatu dela. Jarrera analitiko horri alderdi dibergente eta harremanezko bat gehitzeko asmoa dago, fikzio eta aipamen labur horiek elkarrekin lotuz.
Berriz ere karta-dorrera itzuliz, Juguetes irrompibles izenburu orokorraren azpian bildu diren zenbait objektu haren parte balira bezala erakusten dira. Esate baterako, Maqueta Nº 1 para Geómetra (2015), izenburuan aipatzen den piezaren maketa, eskala txikian egina, interpretazio ugariri irekia. Bigarrena, Sólidos (2015), zurezko 21 gorputz geometrikoren bilduma da, artistak marrazten ikasteko erabili ohi zituenak, orain urreztatzeko prozesu tradizionala erabiliz urre-xaflaz estali direnak. Artelan-sail honetako hirugarren eta azkena zeramikazko 13 txintxirrinek osatuta dago, izenburua berriz: Juegas con mi corazón como si fuera un corazón de juguete (2015), Simpsondarren episodio batean Lisak botatako kexa-esaldia da. Pieza honek sehaska-kanten irakaspenak eta giza-sentipenen hauskortasuna ditu aipagai, aldamenean, kontrapuntu eginez, hautsi daitezkeen objektuak sortzen dituen arte baten (zeramikagintza) tradizioa duela. Errepikapena, sentiberatasuna, sentsualitatea eta iraunkortasuna dira lan honen osagaiak. Dudarik gabe, jolasarenak ere badiren ezaugarriak.
Letra-jokoen (hitz gurutzatuak, Scrabble...) estetika da Sé verlas al revés (poéticas de la permutación) (2013) lanaren gaia. Gaztelaniazko palindromo hori –berdin irakurtzen da zentzu batean nahiz bestean– 22 panel metalikoren, ia 900 argazki imandunen eta beste ohar-koaderno baten izenburua da. Divertimentos tipográficos-en ezagutu dugun tipografia abiapuntu harturik ibilbide bat egiten da hizkuntzaren bidez esanahiak nola sortzen diren ikusteko; Khoisan-en klaska-hotsetatik hasi eta Unica Zürn-en anagrama infinituen alorretaraino.
Erakusketaren bukaerara hurbilduz goazela, PlayTime (2008-2015) proposatzen zaigun esparru batera iristen gara. Artean oinarritutako estrategia pedagogikoak ikertzen dituen prototipo bat da, kartaren formatura egokituak. Mabi Revueltak asmatu duen PlayTime kutxatilan bi karta-sorta daude: Alfabetoa eta Laborategia. Karta-sorta alfabetikoak ez du aurrez idatzitako araurik, eta joko asko egiteko aukera ematen du, nahiz burukoak nahiz gorputzekoak. Laborategi izeneko sorta gidoi komun baten inguruan egituratutako prozesu multzo bat da. Azken honetan –30 fitxak osatua–, artista, hezitzaile eta sorkuntzarekin zerikusia duten taldeek beren lanbidearekin lotutako hezkuntza-proposamen bana egin dute Mabiren eskariz.
Complete Pack of New Cotillons izeneko karta-sorta erakusten duen beira-arasa batek ixten du erakusketa. Hemezortzigarren mendearen bukaerako karta-sorta ingeles bat da, BiBat Fournier Karta Museoak maileguz utzia. Karta bakoitzean barrokoko dantzarako musika-partitura txiki bat dago. Karta bat, bateko pika, falta dela baliatuz, artistak berregite-lan bat burutu du sorta osatzeko, Otto Castro musikagile elektroakustikoarekin elkarlanean. Areto honetan kartetan inprimatuta dagoen musika entzuten da, Bóreas Cámara taldeak joa, Otto Castroren piezarekin txandakatuz.
Erakusketa BiBat Fournier Karta Museoan amaitzen da. Han Mabi Revueltak 9 karta-sorta ludiko eta hezitzekoak jarri ditu ikusgai, beste hainbeste artistak eginak. Honako hauek dira, besteak beste: Christian Marclay-ren Shuffle (2007); Carlos Amorales-en Why To Fear The Future (2004); François Deck-en Take on the Improbable, Charles eta Ray Eames-en House of Cards (1952) eta Tarte Moda-k 1987an Bilbon argitaratutako euskal artisten karta-sorta.
Sarrerak Online
Denda Online