Santiago Sierra. NO, Global Tour

Hasiera: Ostirala, 25 Otsaila 2011

Amaiera: Igandea, 01 Maiatza 2011

Lekua: Ekialde-Behekoa aretoan

Santiago Sierraren "NO, Global Tour" 2009ko uztailean lehen munduan zehar hasitako bidaia da.

Santiago Sierraren NO, Global Tour 2009ko uztailean lehen munduan zehar hasitako bidaia da. NO hitz soil eta biribilak, eskultura tankeran, herrialde eta kontinente ugari zeharkatu ditu, kamioi baten plataformaren gainean.
Oraingo honetan, eskultura –kontraxaflatu beltzezko egitura bat, 3,20 metro luze eta 4 metro zabal, eta guztira tona erdi pisatzen duena– ARTIUMeraino etorri eta sarreran kokatu da.
Ikuslea erakusketa aretoan sartzen denean, lurrean margotutako anamorfosi erraldoi bat aurkitzen du, eta hormetan, erakusketako «NO» guztiak errepikaturik eta indarturik. Aretoa zeharkatzean zinema areto txiki batean sartuko gara, eta bertan, proiektuaren inguruan artistak egin duen pelikularen mundu mailako gune artistiko bateko première-az gozatu ahal izango dugu. Pelikula horretan Santiago Sierrak eskultura minimalista, bidaia eta road movie delakoa elkartu ditu. Etengabe mugitzen ari den forma bat eta hitz bat, Europan, AEBetan eta Kanadan zehar finantza barrutiak, industrialdeak, langile auzoak eta eraikin enblematikoak pasatu dituena.
«NO»-aren bidaia luzea Luccan hasi zen, gero Berlin aldera abiatu zen eta han bizitegi guneak, industrialdeak eta meatze guneak zeharkatu zituen ohiko Alemaniar Errepublika Demokratikoan barrena. Gero, eskultura Dortmund, Rotterdam, Maastricht, Brusela, Londres eta Greenwich hirietako eraikin enblematikoen aurretik igaro zen, besteak beste. Handik, itsasoz, New Yorkera jo zuen, Performa 09 jaialdian parte hartzeko. Wall Street-en, Nazio Batuen eraikinean, Rockefeller Center-en eta beste turismo gune batzuetan egon zen. Azkenik, eskulturak Miami aldera jo zuen, eta han Art Basel delakoan parte hartu zuen. Eta ondoren, Washingtonera, non «EZ» esan baitzion American University Museum of Art-eko Katzen Arts Center delakoari.
Bestalde, beste «NO» bat Toronton eraiki zen eta Scotiabank Nuit Blanche delakoan aurkeztu zen, hortik AEBetarako bidaiari ekinez. Han Hamilton, Buffalo, Detroit, Cleveland eta Pittsburgh hirietan egon zen, betiere industrialde eta langile auzoetatik igaroz.
Hirugarren «NO» bat Luccan egin zen, 2010. urtearen hasieran. Handik, Livorno aldera abiatu zen, eta ezetza eman zion etorkin talde bat lurperatzeko ekintzari. Gero, Genoa aldera, eta hango arrantza portutik igaro ondoren Monte Carlorako bidea hartu zuen, Monacoko Printzearen Jauregiaren eta Kasinoaren aurrean geldituz. Handik, ondoko Saint-Jean-Cap-Ferrat-era jo zuen, eta gero Marseillara, non petrolio findegiak eta arma fabrika bat bisitatu baitzituen. Jarraian, Montpellier eta Lourdestik igaroz Madrilera, ARCO azokaren garaian. Gero Japoniara bidaiatu zuen Aichiko hiru urtekoan parte hartzeko, eta, azkenik, Katowicera, Polonian.
Aretotik ateratzeko berriz ere anamorfositik igarotzean, «NO»-a protagonista duen bidaiako toki batzuk eta besteak agertzen diren hogei argazkiko serie bat aurkituko dugu.Azkenik, hala sarreran nola irteeran, marmolezko «NO» bat ikusiko dugu, 2010eko Carrarako Nazioarteko Eskultura biurtekorako egina, ARTIUMek aurten erosia eta inaugurazio egunean artistak baselinaz estaliz ekintza bat burutzeko erabiliko duena.

Santiago Sierra Katalogoa

Entzun ezazu erakusketaren audiogida
Lortu artxiboa

Babeslea:

Laguntzailea:

Santiago Sierra. NO, Global Tour

Ekialde Behekoa aretoan, 2011ko otsailaren 26tik maiatzaren 1era.
Komisarioa: Francisco Javier San Martín.
Ekoizlea: ARTIUM (Vitoria-Gasteiz).
Erakusketaren katalogoa. Testuen egileak: Francisco Javier San Martín, Pilar Villela Mascaró eta Christian Domínguez.
Inaugurazioa: otsailaren 25ean, ostirala. NO, Global Tour pelikularen mundu mailako estreinaldia erakusketa gune batean. 18.00etan, ARTIUMen Emanaldi aretoan. Jarraian, Santiago Sierra-ren performancea erakusketa aretoan.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand