Eskuratu berriak

Hasiera: Osteguna, 09 Azaroa 2006

Amaiera: Igandea, 18 Otsaila 2007

Lekua: Iparra Aretoa

ARTIUMek Eskuratu berriak erakusketaren hirugarren ekinaldia aurkezten du.

Urtez urte sorkuntza artistiko garaikidearen bilakaera modu leial eta zuzenean lekukotu duen bilduma sendoa egiteko museoko bildumaren funtsak zabaltzeko konpromisoari leial izanez, ARTIUMek Eskuratu berriak erakusketaren hirugarren ekinaldia aurkezten du. Horretarako, 2004 eta 2006 urteetan gordailuen (Sáenz de Tejada, Arco, eta abar) erosketen eta emakiden bidez bildumaren parte izatera igaro diren 835 artelanen artean aukera bat egin da.

Iparra Aretoa
2006ko azaroaren 9tik 2007ko otsailaren 18ra

Orain aurkezten den erakusketa hau lan asko biltzen dituen prozesu bizi eta jarraitu baten icebergaren tontorra besterik ez da, eskuratutako pieza guztien katalogazioa, analisia eta azterketa biltzen dituena. Azterlan horren bidez aukeratu dira erakusketa honetan ikusgai izango diren lanak. Gaur egungo arte berrienaren erreferenteak eta joerak erakustea izan da, batik bat, helburua.

Erakusketan dauden artistek nahiz ohiko euskarriak –margolaritza, marrazkia edota eskultura– nahiz teknika berriagoak –argazkia, bideoa edota instalazioa– erabili dituzte (batzuek eta besteek garrantzi bera dutela), batzuetan formaren inguruko bilaketan eta beste batzuetan mezuan sakontzen duten arrazoibideak eratzeko.

Abstrakzioaren inguruko ikerketak artista batzuengan pizten duen interesaren erakusgarri dira Eduardo Gurber-en Madrid, Iñaki Cerrajeria-ren Pintura Amarilla edota Manu Muniategiandikoetxearen Rotchenko Japonesa Blanca. Juan P.Agirregoikoak, berriz, komikien estetika darabil bere marrazkiak egiteko, eta sarkasmo bortitza gure gizartearen jarrera batzuk kritikatzeko.

Fernando Sánchez Castillok Historiaren arrazoibide monolitikoa desegiten du: zaldizkoaren eskulturak ematen duen monarkiaren erabateko boterearen irudia mila zati eginda gelditzen da lurrean sakabanatuta. Begirada kaustiko horren aurrean, beste eskultore batek, Jose M. Guijarrok zurezko pieza zakar eta ia tribal baten indar adierazgarria eskaintzen digu. Beste batzuek, Andrés Ángelek eta Alberto Peralek, esate baterako, gaur egungo eskulturaren bide batzuk eta besteak erakusten dizkigute, batzuetan mugak gainditu eta espazioaren eta hautemate bisualaren muturrak esploratzeko gailu elektriko sofistikatuak erabiliz. Horren adibidea da, esate baterako Sergio Pregoren Sunoid, astiro-astiro mugitzen den lau metroko argi fluoreszentedun beso mekanikoa.

Eguneroko bizitza ideia artistikoen iturri bizia da. Horra, esate baterako, Gonzalo Puch-en natura hila garaikidea, edota Concha Pradak modu sotil eta poetikoan argazkia egiten dien mikroskopio baten lenteak handitutako itxura abstraktuko hauts uzpiak. Dudarik gabe, eguneroko errealitateak joko handia ematen die artistei, ez bakarrik objektu ezdeusenez eta sumagaitzenez ohartzeko bakarrik, baita beren kritikaren miran jartzeko ere, hori gertatzen da, esate baterako, Mateo Matéren Nacionalismo doméstico instalazioarekin: kanpoko indarkeria gure eguneroko bizitzaren xehetasun txikienetan nola sartzen den adibide biribila. Esther Partegás-en Barricadas-ek kontsumismoaren kulturak gainezka egindako hiriko espazio publikoak esploratzen ditu: gure hirietako egunerokotasunetik ateratako zakar poltsa eta boteak, iragarki-oholak, kutxazain automatikoak edota aulkiak. Etengabe gauza berriak erostera eta zaharrak botatzera bultzatzen gaituen sistema batek hartaraturik erabili eta gero botatzen diren objektuez betetako mundua. Zaborrak dira artista honen lanaren protagonista nagusiak, alienatzen gaituen kontsumismoaren metafora bilakatuak.

Era berean, Santiago Sierra artista polemikoa kapitalismoaren eta globalizazioaren kritika zorrotz horren barruan kokatzen da bere Línea de 30 cm. tatuada sobre una persona remunerada lanarekin. Den guztiaren –artea eta artistak barne– merkaturatzeak kezkatzen du Sierra, eta hori adierazteko oso ekintza polemikoak planteatzen ditu, batzuetan bere etika ere zalantzan jarrarazten digutenak.

Marina Nuñez-en Monstruas lanak –akats fisikoak dituzten emakume desitxuratuen irudikapenak ispilu bibibiletan– ezezaguna zaiguna irudikatzen dute, gu ez bezalakoa delako beldurra eragiten diguna. Marina Nuñezek emakumeenarekin alderatzen du mamu hauen bazterketa, historian zehar emakumearen gorputza mamu itsusiekin lotu izan baita, bere ustez.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand