Artium Museoaren Ama Ikasketa Zentroa arte garaikideari eta haren ahalmenei eta hedapenari buruz modu kritikoan eta testuinguruan kokatuan pentsatzeko, ikertzeko eta hausnartzeko gune gisa sortu zen.
Museoaren erakusketa-proiektuarekin lotura estua duen ikasketa-plataforma da AMA Ikasketa Zentroa, eta praktika artistikoak, ikerketa-prozesuak eta ezagutzaren ekoizpena elkarrekin gurutzatzen eta aktibatzen diren gune bat proposatzen du.
AMA Ikasketa Zentroak, etengabe garatzen ari den lan-esparrua izanik, oso kontuan ditu atearen testuinguruak zeharkatzen dituzten galderak: memoria eta irudimen politikoa eraikitzeko moldeak, komuna den hori bizitzeko moduak, kritikaren eta idazketaren hizkuntzak eta etengabe mugitzen ari den denborazkotasun baten ikuspegitik etorkizun desiragarriak pentsatzeko eta saiatzeko aukera.
Ildo horretatik, AMA Ikasketa Zentroa testuinguruan kokatutako ikerketa-gune gisa antolatzen da; haren bidez, jakintza hedatzen da elkarrizketa iraunkorraren bidez, leku eginez lankidetzazko ikerketa-moldeei, zeinak baitira batzuetan disruptiboak baina ehuntzen baitituzte gaur egunetik pentsatzeko ezinbesteko konplizitateak.
Zentroak Artium Museoaren baliabide, bilduma eta erakusketekin elkarrizketan lan egiten du, eta, aldi berean, kanpo-eragileekiko lankidetza-sare bat aktibatzen du, artistak, ikertzaileak, komisarioak, idazleak eta erakunde kultural eta akademikoak biltzen dituena, tokiko nahiz nazioarteko testuingurukoak. Aliantza horien bidez, zabaldu egiten dira museoaren ikerketa-esparruak, eta askotariko jakintzak eta metodologia partekatuak barreiatzen.
AMA Ikasketa Zentroaren ikasketa-programa iraunkorra da, eta hiru ikerketa-ildotan egituratuta dago. Ikerketa-ildoak mintegi, tailer, saio komisariatu, argitalpen eta museoaren artxiboaren aktibazioen bidez lantzen dira.
2026an zehar, AM Ikasketa Zentroak zeharlerro modura landuko ditu memoriarekin, irudiarekin eta irudimen politikoarekin loturiko auziak; elkarrekin bizitzeko moduak eta hortik eratortzen diren galderak, eta arte garaikideko ekoizpen-, idazketa- eta kritika-prozesuak.
Memoria, irudimena eta irudia ikerketa-ildoak jarduera artistikoen, memoriaren politiken eta adierazpen-moldeen arteko erlazioak ditu aztergai; horretarako, kontuan hartzen du irudiek eta kontakizunek nola eragiten duten iraganaz dugun ulermenean eta nola irekitzen dituzten bestelako orain batzuk pentsatzeko ateak. Ildo honetan parte-hartzaile izango dira, besteak beste, Marwa Arsanios, Nader Koochaki & Kimia Kamvari, Françoise Vergès, María Rosón, Paco Ferrándiz, Germán Labrador, Carolina Cappa, Ana Pi eta Louidgi Beltrame, baita memoria-prozesuekin loturiko taldeak eta agenteak ere.
Mintegiak urtarrilaren 29an eta 30ean, otsailaren 26, 27 eta 28an eta martxoaren 12, 13 eta 14an izango dira.
Arlo komuna bizitzea: nola bizi elkarrekin ildoak aztergai ditu bizimodu partekatuak, zaintzaren politikak eta arteak beste bizikidetza eredu batzuk irudikatzen eta saiatzen nola lagun dezakeen. Ros Murray, Rosalind Nashashibi eta Amador Fernández Savater izango dira ildo honetako parte-hartzaileak, testuinguruan kokatutako pentsamendu, jarduera artistiko eta jakintzen arloetan lanean diharduten beste gonbidatu batzuez gainera.
Mintegiak maiatzaren 14an eta 15ean eta ekainaren 19an eta 20an izango dira.
Arte garaikidearen ekoizpen-, idazketa- eta kritika-prozesuak ildoak gune bat proposatzen du gaur egun artea egiteko, kontatzeko eta pentsatzeko moduei buruz, kontuan hartua sorkuntza-prozesuak nahiz analisi, bitartekaritza eta idazketa kritikorako tresnak. Ildo honetan, topaketak egingo dira artista, idazle eta komisarioekin, eta barne hartuko ditu TRAMA ekimena nahiz Huarte Arte Garaikideko Zentroarekiko eta EHUrekiko lankidetzak.
Mintegiak urriaren 2an eta 3an eta abenduaren 18an eta 19an izango dira.
Izena emateko modalitateak
Saioak irekiak izango dira, aforoa bete arte. Lantegietako soilik da beharrezkoa izena ematea, motibazio-gutun bat igorriz (200 hitz gehienez) ikasketazentroa@artium.eus helbidera.
Partaidetza-egiaztagiria
Aukera dago programetan parte hartu izanaren egiaztagiria eskuratzeko, hala eskatuz gero. Eskabidea ikasketazentroa@artium.eus helbidean egin behar da, programa hasi aurretik.
Sarrerak Online
Denda Online