Eraikinaren bi bolumen besterik ez dira ikusten: hormigoi zurizko kubo handi bat, izaera gordin hutsera murrizteko arkitektura-apaingarriak kendu zaizkiona, eta bigarren bolumen bat, granito grisez egina, azaleratik irten eta barruko plaza mugatzen duena. Lurpean, aretoetan zehar doan ibilbideak museoko Bilduma eta erakusketak ezagutzeko aukera ematen du.
Artium Museoak kultura-ardatz bat osatzen du Montehermoso Kulturunearekin eta Hirigune Historikoan kokaturik dauden gainerako museoekin batera (Karta Museoa, Arkeologia Museoa, Natur Zientzien Museoa). Bost minutuz besterik ez ibiltzen Santa Maria Katedraletik.
Museoak espazio trapezoidala betetzen du, ia angeluzuzena, Frantzia, La Paloma, La Esperanza eta Prudencio María Verástegui kaleek mugaturik.
Bestalde, eremu publiko zabal honek Bildumako lan funtsezkoenetako batzuk erakusteko aukera ematen dio Artiumi. Paseoan dabilenak, XX. mendeko hiru artista handienetakoen eskultura bana aurkituko ditu, etengabeko elkarrizketan: Finkl Octagon (Richard Serra, 1991), Mirador mirando (Jorge Oteiza, 1958) eta Elogio de la Arquitectura XIV (Eduardo Chillida, 1994). Plazan daude, gainera, Vicente Larrearen lan bikain bat (Broca kenkenes, 1976) eta Miquel Navarroren eskultura erraldoi bat (La mirada, 2001) ere. 2022. urtetik aurrera, gainera, Néstor Basterretxearen lau eskultura daude plazan. 60ko eta 61eko hamarkadetan eskultoreak burdinaz eta Corten altzairu polikromatuz eginak, Hondarribiko Jaizubiako Idurmendieta baserriko lorategian egon ziren —hura izan zen artistaren estudioa eta etxebizitza— 2014an hil zen arte. Eskulturagilearen familiak emandako artelanak, zaharberritze prozesu zehatz bat egin zaienak, garai garrantzitsu batekoak dira, Néstor Basterretxeak pintura utzi eta eskulturarekin hasi zenekoa, hain zuzen ere.
Eraikina plaza horren inguruan eta azpitik antolaturik dago: upeltegi batean bezala, espazioen zati handi bat azaleraren azpian aurkitzen da. Mendebaldean, kubo zuri handi batean museoko sarrera nagusia eta espazio eta zerbitzu osagarriak daude: atari nagusia, Emanaldi Aretoa, Plaza Aretoa, Museoko denda, Cube Jatetxea eta txartel-lehiatila eta kontsigna, besteak beste.
Atari nagusian Joan Miróren eta Llorens Artigasen Zeramikazko murala eta Javier Pérezen Zeru zati kristaldua eskultura monumentala aurkitzen dira. Lurzoruaren mailatik zazpi metro jaitsita museoaren Atari aretoa dago.
Espazio horren eskuinean eta ezkerrean, A0, A1 eta A2 aretoetako sarrerak. Biak plazaren azpian luzatzen dira eta beste bi erakusketa aretorekin lotzen dira: A3 eta A4 aretoekin, halako “U” bat osatuz.
A3 eta A4 aretoen gainean, azaleran, plazaren trapezioa ixten duen granito grisezko eraikina altxatzen da. Bertan, lantegi didaktikoen eta teknologia berrien espazioak eta museoaren administrazio-zerbitzuak aurkitzen dira.
Inguruko beste kultura-baliabide batzuk
Montehermoso Kulturunea Bibat Arkeologia Museoa Bibat Fournier Karta Museoa Natur Zientzien Museoa Santa Maria Katedrala