Ostirala, 2020(e)ko Urtarrilaren 10a 11:21

Erakusketa berria Artium Museoan: Juan Luis Moraza. Gordailua 1987-1988 Depósito

Artiumek, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak, Juan Luis Moraza. Gordailua 1987-1988 Depósito erakusketa aurkezten du (A3 aretoa, 2020ko urtarrilaren 11tik abuztuaren 30era)

Artium Museoak, bere 2020ko programazioaren baitan, XX. mendeko azken laurdeneko Euskal Herriko praktika artistikoei buruz egingo duen hausnarketa-prozesuaren parte da proiektu hau.

Erakusketak Juan Luis Morazaren 60 lan baino gehiago aurkezten ditu. Ez dira oso ezagunak, eta 80ko hamarkadaren amaieran Arabako Arte Ederren Museoan egin zuen gordailuaren parte dira.

Erakusketak, gainera, diagrama, marrazki, testu eta bibliografia ugari aurkezten ditu, Morazak artearen pentsalari eta teorialari gisa duen profila azpimarratzen dutenak.

Beatriz Herráez eta Enrique Martínez Goikoetxea dira Gordailua 1987-1988 Depósito erakusketaren komisarioak, eta Artium Museoaren ekoizpena da.
 
2020an Artium Museoan hasiko den programazioak gogoeta zabal bat abiaraziko du Euskal Herrian laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetan gertatutako praktika artistiko eta kulturalei buruz, gure oraina, neurri handi batean, taxutu duten eraldaketa soziopolitiko sakonek markatutako aldian.

Lehen hurbilketa batean, eta Artium museoan gordeta dauden funts baliotsuen artean, Juan Luis Moraza (Gasteiz, 1960) artistaren lanen bilduma ia ezezaguna nabarmentzen da. Lan-multzo hori berehala bihurtu zen, bere merezimenduengatik, garai hura definitu zuten lengoaia eta diskurtso artistikoei buruzko hausnarketa konplexua ekar zezakeen azterketa-kasuetako bat.

Azterketarako duen gaitasun egiaztatuagatik eta artearen jardunaren sorburu diren inguruabar sozial, politiko eta kulturalak ulertzeko premiak bultzatuta lantzen dituen era guztietako gaiengatik, Juan Luis Moraza funtsezkoa da Euskal Herriko garai historikoa eta hark beste testuinguru artistiko eta kultural batzuekin dituen harremanak ulertzeko. Alde horretatik, Museoan gordailuan utzitako obren multzoak sormen-intentsitate handiko aldi baten berri ematen du, eta artistaren ekoizpena unean uneko eztabaida artistikoei eragiten zieten eraldaketa-prozesu sakonei lotuta kokatzen du, nazioarteko artearen korronteei oso adi.

Prentsa oharra  Lan zerrenda  Erakusketari buruz  Irudiak

Komisarioak: Beatriz Herráez eta Enrique Martínez Goikoetxea
A3 aretoa, 2020ko urtarrilaren 11tik abuztuaren 30era
Inaugurazioa: urtarrilaren 10ean, ostirala
19:00etan: Artistak gurean: Juan Luis Moraza. Doako jarduera
20:00etan: erakusketaren inaugurazioa
Hurrengo doako bisita gidatuak (Museoko sarrera-txartelarekin): urtarrilaren 12an, 19an eta 26an, 12:30ean (igandeak) (gaztelaniaz)
Juan Luis Moraza. Gordailua 1987-1988 Depósito erakusketa Artium Museoaren ekoizpena da

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand