Astelehena, 2019(e)ko Abenduaren 02a 10:17

Abendua Artiumen: familientzako jarduera berezia, Joxerra Melguizorekin topaketa, eta irakurketa kluba Harkaitz Canorekin

Museoak familientzako lantegi bereziak antolatu ditu zubian eta Gabonetako oporretan. Joxerra Melguizo gurean. Harkaitz Cano euskal literaturari eta arteari buruzko euskarazko irakurketa klubera etorriko da. Artium Bildumaren Oroi erakusketa eta Antoni Muntadasena bisitatzeko azken asteak

Artium Museoak egitarau zabala prestatu du hilabete honetarako, Harkaitz Cano idazlearen eta Joxerra Melguizo artistaren presentziarekin batera, nabarmentzekoa da abenduko zubiaren eta Gabonetako oporren harira familia taldeei eskainitako arreta. Museoa, gainera, Viphoto Jaialdiarekin, Baratza aretoarekin eta Aitzina Folk jaialdiarekin elkarlanean antolatutako jardueren egoitza izango da. Bestalde, hauek izango dira azken asteak Artium Bildumaren Oroi erakusketa eta Muntadas. Elkarrekiko loturak erakusketa ikusteko, urtarrilean itxi aurretik.

Abenduko zubi laburrean Artium bisitatuko duten familiek —hilaren 6tik 8ra, ostiraletik igandera— material sinpleekin egindako eskulturari buruzko Lurrean eta horman izeneko lantegian parte hartu ahal izango dute, Elena Mendizabalen erakusketarekin lotua. Abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitartean oporretarako antolatutako lantegien kasuan, Eguberriak, gauzak eta gauzak izenekoak, jarduerak desberdinak izango dira egunero, betiere erabilera komuneko objektuekin lan egiteko ideiaren inguruan, haietatik dimentsio sortzaile bat ateratzeko. Lantegien egutegia eta ordutegiak artium.eus webgunean kontsulta daitezke. Gainera, bai zubirako eta baita Eguberrietarako ere, familientzako atseden eta jarduera gune zabala egokituko du Museoak Ekialde Goikoa aretoan.

Bestalde, abenduko FamiliArtium lantegian animaziozko film txikiak sortuko dituzte, stop motion teknika erabiliz. Garazi Celayak emango du lantegia, eta abenduaren 14an, larunbata, izango da. Eta, gainera, astebete geroago, hilaren 21ean, larunbata, Musika hedatua lantegia egingo da gazteentzako, Antton Goikoetxearekin. Oraingo honetan, parte hartzaileek musika-ereduak sortuko dituzte, inguruneko soinuetatik, Museoaren beraren soinu-paisaiatik abiatuta.

Joxerra Melguizo (Gasteiz, 1968) artista izango da protagonista abenduaren 11n, asteazkena, Artistak gurean izeneko topaketen azken edizioan. Sortzaile gisa dituen interesei buruz hitz egingo du Melguizok, artearen, hizkuntzaren, ezagutzaren eta naturaren historia harremanetan jarriz, eta baita haien lan prozesuez ere. Artistek eta publikoak harreman zuzena izateko aukera ematen duten topaketa hauek EDP Fundazioaren babesa dute.

Mikel Ayerbek zuzentzen duen euskal literaturari eta arteari buruzko irakurketa taldeak Harkaitz Cano idazlearen Twist liburua —traizio, erru, adiskidetasun eta maitasun istorioa— izango du hizpide. Irakurketa klub honek balio erantsia du: parte-hartzaileek beren inpresioak komentatu ahal izango dituzte egilearekin berarekin.

Lankidetzako jarduerak
Artium Museoak hainbat jarduerari egingo dio harrera abenduan, Gasteizko eta Arabako hainbat kultur eragilerekin elkarlanean. Hala, argazkilaritza garaikidearen Viphoto Jaialdiak Robby Müllerren Living the Light (abenduaren 12an, osteguna) eta Laura Israelen Don 't Blink Robert Frank (hilaren 17an, asteartea) filmen proiekzioa programatu du, biak jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin.

Bestalde, Baratza Aretoaren seigarren urteurrena dela eta, Barbara Bañuelosen Mi padre no es un famoso escritor ruso pieza aurkeztuko du Artiumek azaroaren 19an, osteguna. Azkenik, 2019ko Aitzina Folk Jaialdiaren barruan, Museoak bi kontzertu egingo ditu: De pícaros y picardías, Jaime Lafuente eta Jesús Rondarekin, abenduaren 20an, ostirala; eta The Sorry String Band taldearena, hilaren 22an, igandea. Lehen egunean, gainera, Folk, una mirada a la música tradicional dokumentalaren proiekzioa egongo da kontzertuaren aurretik.

Erakusketak
Abendukoak dira, bestalde, bi erakusketa handi bisitatzeko azken asteak Artiumen: Oroi. Queda mucho pasado por delante eta Muntadas. Elkarrekiko loturak.
Oroi-n, Artium Bildumaren egungo erakusketan, ehun bat artistaren lanak daude bilduta urtarrilaren 5era arte, besteak beste Antoni Tàpies, Azucena Vieites, Francesc Torres, Ixone Sádaba, Javier Pérez eta Elena Aitzkoa artistenak, memoriaren gaia aztertzeko, historiarekin, ekonomiarekin edo boterearekin duen harremanean.

Bestalde, Antoni Muntadasen erakusketa nazioartean ospe handiena duten artistetako baten ibilbidearen berrikuspena da, Euskadin egin duen lehen erakusketan. Urtarrilaren 12ra arte egongo da zabalik. Hirugarren erakusketa, 2020ko maiatzaren 3ra arte zabalik egongo dena, Elena Mendizabal. Eskultura da, artistaren ekoizpenean zehar ibilbide zabala, laurogeiko eta laurogeita bederatziko hamarkadetan egindako lana gai hartuta.

Eguberrietako jaiak direla eta, Artium Museoa itxita egongo da abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an. Abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean, berriz, goizez irekiko da.

Abendua Artiumen
Familientzako gunea eta lantegi bereziak
Abenduko zubia, abenduaren 6tik, ostirala, 8ra, igandea
Gabonetako oporrak, 2019ko abenduaren 26tik 2020ko urtarrilaren 4ra
Gazteentzako lantegia. Musika hedatua, abenduaren 21ean, larunbata
Artistak gurean: Joxerra Melguizo
Abenduaren 11n, asteazkena
Euskal literatura eta artea. Irakurle taldea, Mikel Ayerberen eta Harkaitz Canoren eskutik
Abenduaren 12an, osteguna
Lankidetzako jarduerak: Viphto Festm Aitzina Folk, Sala Baratza
Argibide gehiago

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand