Azteazkena, 2019(e)ko Urriaren 23a 10:11

Azaroa Artiumen: emakume artisten presentzia museoetan eta kultura-erakundeetan

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren programazio berriaren hasieran, emakume artistek azkenaldi honetako artearen historia eta bertako erakundeetan duten presentzia azpimarratuko du Artiumek azaroan. Datorren hilean, Museoak bere ekoizpenak aztertzeko eta ikusarazteko politikei eragingo dieten proposamenak bilduko ditu: erakusketa berri bat, hitzaldi bat, nazioarteko ikastaro bat eta eztabaida-foro bat. 

Duela urte batzuetatik hona, nazioarteko arte-zentro eta museo asko aritu dira eredu museografiko berri bat lantzen eta emakume sortzaileen lanak irudikatzeko eta hedatzeko narratiba historikoak zabaltzen, beren bildumak berriz irakurriz eta beren obrak termino paritarioetan erosiz. Hain zuzen ere, Artium Museoan inauguratutako programaren zeharkako ildoetako baten helburua bere definizioa berdintasunezko eta errespetuzko agertoki gisa sendotzea da, artisten ekoizpenen konplexutasunari erantzungo dion programa bat diseinatuz, artistek berek erakusketa-programan parte hartuz, baina baita ere, topaketa eta aurkezpen espezifikoen antolamenduaren bitartez, beren obrak garatu diren baldintza historikoak berrikusiz.

Elena Mendizabal eta Itziar Okariz
Norabide horretan lan eginez, Eskultura inauguratuko da azaroaren 8an, ostirala, Elena Mendizabal artistak (Donostia, 1960) ia bi harmarkadetan erakunde publiko batean egingo duen lehenengo bakarkako erakusketa. Erakusketa honek egilearen 80ko hamarkadako eta 90eko hamarkadaren hasierako lanik adierazgarrienak berreskuratuko ditu, elkarrizketa bat era dezaten egilearen ekoizpen berrieneko beste batzuekin.

Lehen garaian, bere belaunaldiko beste sortzaile batzuekin batera, suhartasunezko eta euskal eskulturaren herentziarekin hausturako une batean parte hartu zuen artistak, aldaketa sozial eta politikoko eta nazioarteko korronte artistikoetara irekitzeko mugimendu batean. Mendizabalen urte haietako eskulturaren ezaugarriak dira harria eta burdina ez bezalako materialak erabiltzea –poliesterra, beruna, parafina, egurra–, pieza askoren polikromia eta bestelako hizkera formal bat bilatzea, eta nolabait ere, tradizioarekiko lotsagabea zena. Ezaugarri berberak ageri dira Mendizabalen azkenaldiko obretan ere, haietan, besteak beste, kartoia, plastilina edo lokatza bezalako ezohiko materialak erabiltzen baititu.

Itziar Okariz artista ere (Donostia, 1965) izango da Artium Museoan, Sergio Pregorekin batera (Hondarribia, 1969). Biak egon dira azaroaren 24an itxiko den 2019ko Veneziako Bienaleko Espainiako Pabiloian. Okarizek Artiumeko Artistak gurean programaren saio berri batean parte hartuko du azaroaren 13an, asteazkena. Artista honen lana Artium bilduman dago, argazki-triptiko bat zehazki (Titulurik gabe, 1994), eta bere gorputza erabiltzen du konbentzioak aldatu eta iraultzeko eta arau sozialak urratzeko, gizabanakoaren identitatea auzitan jartzeko, bai generoko identitatea, bai identitate kulturala, sexuala eta politikoa.

Nazioarteko ikastaroa: Begirada feminista. Ikuspegi feministak ekoizpen artistikoetan eta artearen teorietan
Era berean, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artiumek, Begirada feminista. Ikuspegi feministak ekoizpen artistikoetan eta artearen teorietan ikastaroaren 12. edizioa antolatu du azarorako. Ikastaro hau 2019ko azaroaren 16an eta 17an egingo da, Xabier Arakistain komisarioak eta Lourdes Mendez EHUko gizarte-antropologiako katedradunak zuzenduko dute, eta nazioarteko irakasle, komisario eta artista ospetsuak bilduko ditu.

Ikastaroa azaroaren 16an hasiko da, larunbata, Bartzelonako Unibertsitateko ohorezko irakaslea eta María Zambrano pentsalariaren obran aditua den Rosa Riusek emango duten hitzaldi batekin. Artiumeko zuzendari Beatriz Herráezen eta Elena Mendizabal artistaren arteko solasaldia izango da ondoren, Museoan zabalduko den erakusketaren inguruan. Amy Tobin Cambridgeko Unibertsitateko irakasleak eta Mónica Bonvicini Berlingo Arte Ederretako Unibertsitateko artista eta irakasleak osatuko dute lehen jardunaldia. Azaroaren 17an, igandea, Tourseko Unibertsitateko artearen historiako irakaslea den Giovanna Zapperik, Vienako Arte Ederretako Akademiako arte eta hezkuntza irakaslea den Elke Krasnyk eta Sanja Iveković artistak osatuko dute egitaraua.

2008an hasi zuen ibilbideari jarraituz, Gasteizera itzuliko da Begirada feminista ikastaroa. Ikuspegi feministak ekoizpen artistikoetan eta artearen teorietan ikastaroa, Montehermoson (Gasteiz) lau edizio eta Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbaon zazpi edizio egin ondoren. Hain zuzen ere, datozen egunetan argitaratuko du Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbaok zentro horretan antolatutako 2019ko ikasturtearen edizioa.

Ikastaroa doakoa da eta izen-ematea derrigorrezkoa da. Dagoeneko izena eman daiteke, on line Artiumen webgunean edota telefonoz, 945 20 90 20 zenbakian

Plataforma A eta MAV Foroa
Orobat azpimarratu behar da Artiumen bilduko dela, azaroaren 8an, «Operazio» Museoak foroa, Plataforma A-k antolatua, MAV, Mujeres en las Artes Visuales elkartearekin lankidetzan antolatua. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2005eko euskal legea eta 2007ko Estatuko legea titulartasun publikoko museo eta arte-zentroetan betetzen diren behatzen diren xedea du jardunaldi honek.

Euskal erakundeetako zenbait komisario independentek eta arduradunek parte hartuko dute jardunaldian, besteak beste Bilboko Arte Ederren Museokoek eta Guggenheim Museokoek, Nafarroako Huarte Zentrokoek eta Artium Museokoek, hainbat gairi buruz gogoeta egiteko, haien artean museoetako eta zentro publikoetako lanak eskuratzeko irizpideei buruz, bisitariengan sorkuntzaren interpretazioa eta kontakizunak tankeratzen dituzten erakusketa-programei buruz, eta zentro eta museoetako bildumen azterketari buruz.

Irudiak

Azaroa Artiumen: emakume artisten presentzia museoetan eta kultura-erakundeetan

Erakusketa berria: Elena Mendizabal. Eskultura
Inaugurazioa: azaroak 8, ostirala
 
Artistak gurean: Itziar Okariz
Azaroak 13, asteazkena
 
Nazioarteko ikastaroa: Begirada feminista. Ikuspegi feministak ekoizpen artistikoetan eta artearen teorietan
Azaroak 16, larunbata, eta 17, igandea

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand