Gema Intxausti. Entre la multitud, observando el arresto

Gema Intxausti. Entre la multitud, observando el arresto Argazkia: Fotomatones seriea, 2002-2016

Hasiera: Ostirala, 2020(e)ko Otsailaren 07a

Amaiera: Igandea, 2020(e)ko Irailaren 20a

Lekua: A1 aretoa

Gema Intxaustiren ekoizpena, laurogeita hamarreko hamarkadan Euskal Herrian gertatu zen eskulturaren hizkuntzen berrikuntzarekin lotuta dago bere lehen etapan, eta eskultura-sail horiek etxeko giroari lotutako materialekin eginak daude.

Hamarkada horren amaieran piztu zitzaion Gema Intxaustiri (Gernika-Lumo, 1966) testuen, marrazkien eta argazkien erabileraren inguruko interesa, eta, horren ondorioz, Erresuma Batura joan zen zinema- eta bideo-ikasketak egitera. Garai horretakoak dira Bilboko eta Londresko leku publikoetako fotomatoiak erabiliz egindako lanak. Mugimendurako eta denborarako muga zorrotzak zehazten dituen teknologia hori erabiltzeak irudi kopuru mugatu baten bidez eraikitako narrazioak sortzen ditu, non ohikoak baitira zinemaren eta artearen historiei egindako keinuak. Ildo horretatik, maiz aurkitzen dira haren obretan behin eta berriz agertzen diren aipuak eta eskurapenak, jatorrizko materialen zentzu narratiboa testu eta irudiaren interpretazio posibleak aldatu eta biderkatzen diren espazioetara eramaten dutenak, hizkuntza ororen izaera politikoa agerian utziz. Eragiketa iradokitzaileak, non zatiketa, errepikatzea edo omisioa funtsezko estrategiak baitira piezak eraikitzeko.

Jarraitu irakurtzen +

Gema Intxaustiren formatu handiko bakarkako lehen erakusketa Ibilbide Artistikoaren Gure Artea Saria jaso eta urte eta erdi geroago inauguratu da. 1990eko hamarkadaren hasieratik, hau izan da Intxaustiren ezaugarria —gogoratu digu Lourdes Méndez antropologo feministak saria ematean—: «Zerbait esateko, kontatzeko, sentiarazteko eta susmarazteko beharra duenean egitea erakusketa. Lan artistiko motela, lasaia garatzeko aukerak markatzen du haren ibilbidea, zenbatzeko modukoa izateak kalitatea ezkutatzen duen denboran hain arriskutsua». Errealitate konplexuak sinplifikatzeko obsesio garaikidearen aurkakoa den erritmo motela, kontzeptuzko eta/edo gizarteko faktore erabakigarriak ezabatzeak dakartzan ondorio politiko penagarriez jabeturik.

Gema Intxausti artea «ikusteko» darabilen artista da, María Zambranok Algunos lugares de la pintura liburuan jasotako tradizioan: «arte gisa ikusten den artea ez da ikusarazten duen artea». Intxausti artistaren irudia artelangiletzat hartzen duten artisten sagakoa da, eta artea harago ikusten ikasteko diziplinatzat hartzen duena, ezagutza sortzeko metodotzat. «Haritik tiraka» eta «saltsa mehe egitea» Intxaustiren hiztegiko ohiko adierazpideak dira. Azken 30 urteotan, lan artistikoaren metodo bat garatu du, zantzu txikiak, pista solteak eta diskurtso monolitikoen pitzadurak aztertuz. Hainbat elementu (objektuak, irudiak, pertsonaiak, istorioak, etab.) aipatzeko gai den metodoa, elkarreraginean, zeinuaren/adierazlearen postulatuak gainditzeko eta esanahi berriak sortzeko behar den tentsioa sortzen dutenak. Horretarako, artistak, askotan, elementuen zerrendak egiten ditu, eta zerrenda horiek esanahi berri bat emateko taulan jartzen ditu gero jokoan. «Konturatu nintzen zerrenda hartako zati batzuk hautatuz narrazio bat eraikitzen nuela, egunerokotasunaz, itxuraz haratago, fede ematen zuena» zioen artistak duela gutxiko elkarrizketa-testu batean.

Etxeko materialekin —zapiak, zelopapera…— egindako lehen eskultura-lanetatik oin-puntetan bezala igarotzen da erakusketa honek azken 20 urteetan egindako piezak ditu ardatz, marrazkian, argazkigintzan eta testuan oinarrituta. Zinemaren eragin handia dute piezek. UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatean eskultore gisa trebatua, Gema Intxausti «zinemaren azken belaunaldikoa» da, 80ko hamarkadakoa, «zazpigarren artea» zinekluben, zineforumen, telebistan espezializatutako programazioen eta aldizkari eta liburu ugariren bidez asko zabaltzen zen testuinguru batekoa. Hainbat hamarkadatan autore-zinema, zinema esperimentala, klasikoa eta haien teorizazioak ezagutu ondoren, lan eta jakintza horiek unibertsitate-geletan ere eskura ditzakeen belaunaldikoa. Gainera, belaunaldi horrek harreman estua ezartzen du zinemaren eta arte garaikidearen artean.

Diskurtso-ekoizpena egituratzeko tresna baten bila, Gema Intxaustik zinema-gidoi ikasketak egin zituen azkenean, urte batzuk geroago, Londresen bizi zenean, museo eta arteerakundeetako aretoetako zaintzaile-lanetan ari zen bitartean. Urte horietan, bere hitzetan, egunak «beste batzuek nola begiratzen duten begira» pasatuko ditu.

Erakusketa honen izena, Jendetzaren erdian, atxiloketari begira, erakusketan ikusgai dagoen artelanetako bat, Unframed Jane (2015-2019), osatzen duten marrazki sailetik dator. Bertan, Alfred Hitchcock-ek bere filmetan egindako agerpenen zerrenda egin ondoren, testu bihurtzen ditu zinemagilearen saioak, eta testu hori paperean bi hizkuntzatan marrazten du, ingelesez eta gaztelaniaz, eta bi koloretan, gorriz eta beltzez. Izenburuaren esaldiak Hitchcock-en agerpena deskribatzen du The Lodger: A Story of the London Fog (1927) filmean. Emakumeak hiltzen dituen serieko hiltzaile bati buruzko istorio hori, Jack errai-ateratzailean oinarritua, El enemigo de las rubias gisa itzuli zen gaztelaniaz. Izenburu profetikoa, zinemagilearen karrera zinematografikoa eta bizitza kontuan hartzen baditugu, Laura Mulvey-ren Visual Pleasure and Narrative Cinema (1975) testu ezagunaren argitan, non haren filmen misoginia sadikoa aztertzen baita. Intxaustiren metodoari jarraituz, filmaren zati bat zerrenda bateko testu bihurtzen da, marrazki bat, eta, ondoren, erakusketaren izenburua. Han, artistaren izena aditzera ematera iristen da, eta, agian, arte-jarduera definitzera eta zinemagilearen voyeurismoa aipatzera.

Jaitsi liburuxka 

Komisarioak: Xabier Arakistain, Beatriz Herráez

Inaugurazioa: otsailaren 7an, ostirala, 19:30etan

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand